Espainiak eta Frantziak garaipenarekin hasi dute bigarren fasea

Biek jarraitzen dute sailkapeneko buruan, eta igandeko partida erabakigarria izango da lehen posturako

Donostia
2011ko irailaren 8a
00:00
Entzun
Bigarren fasea garaipen batekin hasi zuten Espainiak eta Frantziak, atzo. Espainiarrek Alemania hartu zuten mendean, partida orekatu batean (68-77) eta frantziarrek ere estu hartu zuten mendean Turkia (64-68).

Espainia eta Alemaniaren arteko lehia orekatua joan zen hasierako jauzitik aurrera. Bi taldeek norgehiagoka ona jokatu zuten, bigarren fasea garaipen batekin hastea garrantzitsua baita. Bi taldeetako izarrek hartu zuten aginte makila, Dirk Nowitzkik eta Pau Gasolek (19na puntu sartu zituzten). Baina biek ezin taldea ongi bideratu, eta Chris Kaman eta Marc Gasolen laguntza ezinbestekoa izan zuten (15 puntu alemaniarrak eta 24 kataluniarrak).

Aulkiko jokalarien laguntza erabakigarria izan zen Sergio Scarioloren taldearentzat, erasoan edonork lagundu zezakeelako. Azken laurdenean, bigarrengoan bezala, Fernando San Emeterioren lanak indarra eman zion taldeari, taldeko izarrek ezin baitzuten saskiratu. Caja Laboral Baskoniako jokalariak sartu zituen puntuak.

Atzoko beste norgehiagoka Turkia eta Frantziaren artekoa izan zen. Partida hori ere azken minutuetan erabaki zen. Turkiarrek kanpoko jaurtiketetan egindako hutsak garesti ordaindu zituzten (24tik 5), eta bigarren fasea ezin izan zuten garaipen batekin hasi. Frantzia apurka-apurka ari da orain urte batzuetako tankera hartzen, batez ere Tonny Parker. NBAko jokalariak jartzen ditu erritmoa eta puntuak. Atzokoan 20 lortu zituen, baina azken minutuan bost jaurtiketa libre erabakigarri sartu zituen. Saskiratze horiei esker lortu zuen garaipena Frantziak.

Atzoko emaitzekin, Frantzia dago sailkapeneko buruan hiru garaipenekin. Jarraian Espainia bi garaipenekin. Turkia, Serbia eta Lituania daude garaipen batekin —Lituaniak eta Serbiak atzo iluntzean jokatu zuten partida—, eta azken postuan dago Alemania, bigarren fasean garaipenik lortu gabe. Bi jardunaldi falta dira bigarren fasea amaitu eta final-laurdenetako partidei hasiera emateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.