Costa Ricak baino gol aukera gehiago izan arren Espainiak ezin izan zuen garaipena lortu Munduko Kopa batean jokatzen zuen lehen partidan. 13. minuturako aurretik jarri zen markagailuan, baina berehala egin zuen berdinketaren gola Costa Ricak —14. minutuan—. Hiru euskal jokalarik jokatu zuten hasieratik. Athleticeko Ainhoa Tirapu atezainak eta Irene Paredes erdiko atzelariak, eta Bartzelonako Leira Landa ezker hegalekoak. Hirurek partida osoa jokatu zuten. Paredesek partida hasi berritan lehen gola sartzeko aukera ere izan zuen buruz errematutako korner batean. Eli Ibarrak eta Erika Vazquezek aulkitik ikusi zuten lehia. Teorian aurkaririk samurrena atzo zuen Espainiak. Larunbatean Brasilen aurka jokatuko du, eta Hego Korearen aurka datorren astean.
Hain zuzen ere, multzoko beste partidan, pronostikoa bete du Brasilek. 2-0 nagusitu zaio Hego Koreari, eta multzoko buru jarri da.
F multzoan, berriz, Frantziak lortu zituen lehen hiru puntuak. Philippe Bergeroo ziburutarrak (Lapurdi) 1-0 irabazi zion Ingalaterrari. 29. minutuan sartu zuen garaipenaren gola Frantziak. Multzoko beste lehian, 1-1 berdindu zuten Kolonbiak eta Mexikok. Mexikarrak 36. minutuan aurretik jarri ziren, baina azken minutuetan berdinketaren gola sartu zuten kolonbiarrek. Ondorioz, puntu bana bientzat.
Gaur atseden eguna dute Munduko Kopan.