Denboran dezente atzeratu da UCIren epaia. Baina jada zehaztuta daude epeak. Espainiako Txirrindularitza Federazioaren esku dago orain erabakia. Instrukzio-epaile batek txostena egin beharko du lehenengo -litekeena da Contadorrek berak edo beste lekukoren batzuek deklaratu behar izatea; txirrindulariak berak froga gehiago aurkeztu ahal izango ditu-. Eta Lehiaketa Batzordearen eskumena izango da Contadorri zigorra jarri edo ez erabakitzea. «Lau kidek osatzen dute batzorde hori», zehaztu zuen Castañok. «Eta lauretako inork ez dauka zerikusirik txirrindularitzarekin». Gehienez hiru hilabeteren buruan eman beharko du epaia Lehiaketa Batzordeak.
Helegitea jartzeko aukera
Kasua hasi besterik ez da egin, posible baita, dopin zantzurik aurkitu ezean, Espainiako Txirrindularitza Federazioak prozedura ixtea erabakitzea. Dena dela, Lehiaketa Batzordearen epaia jasota, bai Contadorrek, bai UCIk eta bai WADAk -Dopinaren Aurkako Munduko Agentzia- Kirola Arbitratzeko Epaitegian (TAS) helegitea jartzeko aukera izango dute. Suitzako Auzitegi Federalera jotzea izango da azken aukera. Guztia nola amaituko den galdetuta, argi hitz egin zuen Castañok: «Edozer gauza gerta daiteke, baina kasua Contadorren alde amaitzea nahiko nuke».
'Contador auzia'
GERATZEN DEN BIDEAInstrukzio epailea. Behin Nazioarteko Txirrindularitzaren Batasunaren (UCI) eskaera jasota, instrukzio epaile batek ikerketa abiarazi beharko du. Litekeena da epaileak froga gehiago eskatzea eta Contadorrek berak edo lekukoek deklaratu behar izatea. Hilabete bateko epea dago berez prozedura guztia ixteko, eta, kasua hiru hilabete baino gehiago luzatuko balitz, kasua Kirola Arbitratzeko Epaitegiaren (TAS) epaile bakarraren esku uzteko eskubidea edukiko luke UCIk.
Txostena. Instrukzio epaileak txostena egin beharko du lehenengo, eta Espainiako Txirrindularitza Federazioko Lehiaketa Batzordeari helarazi beharko dio txosten hori, bere ustez hartu beharreko neurria zein den zehaztuz.
TAS. Lehiaketa Batzordeak erabakiaren berri eman ondoren, txirrindulariak berak, UCIk eta Dopinaren Aurkako Munduko Agentziak (WADA) TASen helegitea jartzeko aukera izango dute.
Suitzako Auzitegi Federala. TASen epaia jasota, aukera bakarra geratuko da: Suitzako Auzitegi Federalera jotzea. Orain arte TASek emandako epai bakarra bota du atzera auzitegi horrek.