Espainiako Futbol Liga Profesionalak (LFP) grebarik ez egitea erabaki du oraingoz, gaur goizeko batzarrean. Espainiako Gobernuak 600.000 euro baino gehiago irabazten duten atzerritarrei %24tik %43ra igo nahi dizkie zergak eta LFP ez dago horrekin ados. Bileran, botere publikoekin negoziatuko duen batzordea eratzea erabaki du. LFPko presidente Jose Luis Astiazaranek eta Real Madril, Sevilla, Numantzia eta Nastic taldeetako presidenteek osatuko dute batzorde hori.
Batzarraren ondotik egindako adierazpenetan, grebara ez joateko erabakia "elkarlana eta ulermena bilatzeko" hartu dutela erran du Astiazaranek, "berehalako elkarrizketa eraginkorra lortzeko". Azaroaren 19an batzar berri bat eginen dutela jakinarazi du, eta Espainiako Gobernuko eta Parlamentuko ordezkariekin lortuko dituzten "akordioen araberako" erantzuna adostuko dute bertan.
Astiazaranen iritziz, atzerritarren gaineko zerga aldaketa horrek "Espainiako Ligak duen lehiakortasuna kaltetuko du bertze liga handien alboan". "Futbolaren industria aldarrikatzen dugu, barne produktu gordinean eragina dugu, lana sortzen dugu, zeharkako irabaziak eta ez gaude ados planteatu diren erabakiekin".
Elena Salgado Espainiako Ekonomia ministroak herenegun jakinarazi zuen, kontratua daukaten atzerritarrek ez dutela %43ko zerga ordaindu beharko hurrengo bortz urteetan.
Hego Euskal Herrian, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Aldundien eta Nafarroako Gobernuaren esku dago neurri hori ezartzea.
Futbola
Espainiako Futbol Liga Profesionalak ez du grebarik eginen, oraingoz
Botere publikoekin negoziatzeko batzordea eratzea erabaki du gaur goizeko bileran. Espainiako Gobernuak 600.000 eurotik gora irabazten duten atzerritarrei zergak igo nahi dizkie, eta Espainiako Futbol Liga Profesionala ez dago ados.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu