Zaleen artean ilusioa sortzea da futbolaren ardatzetako bat. Klubetako agintari eta teknikariek, batez ere, ahalegin handia egiten dute sasoi hasiera bakoitzean zaleen interesa pizteko. Horretarako, sarri errealitatearekin zerikusirik ez duten gauzak saltzen dituzte. Bete ezin diren helburuak aipatzen dituzte. Eta horrek onura baino kalte handiagoa egiten dio taldeari. Zuhurra izatea da egokiena, baina zuhurtzia eta ilusioa bateratzea nekeza da oso.
Athleticen ere makina bat aldiz egin dute apustu ezinezkoak ziren helburuen alde. Ia inoiz ez dira bete. 2010-2011 denboraldirako Europarako txartela eskuratzea da zuri-gorrien helburua. Anbizio handia erakusten ari da Joaquin Caparros Athletic zuzenduko duen laugarren sasoian. Entrenatzailea da ingurukoak motibatzeko arduraduna. Jokalariak dira, berriz, zentzuzko mezua zabaltzen ari direnak. Txapelketa ondo hastea eta lehenbailehen konfiantza hartzea da futbolarien nahia. Ondo hastea izango da arrakastaren giltza nagusia.
Jokalarien zein entrenatzailearen mezuak dute oinarri sendoa eta zentzua. Jakinekoa da Espainiako Ligako talde gehienen artean parekotasun handia dagoela. Talde gutxik daukate bermatuta salbazioa. Gainerako guztiek ezin dute lo hartu. Bide txarrean sartzen den edozein talde jaits daiteke mailaz. Baita onenen pare lehiatzeko egindako taldeak ere.Beraz, ulergarria eta logikoa da jokalarien jarrera. Jarritako helburuak bete ezean, epelak entzun beharko dituzte, gainera.
Baina Athletic sei onenen artean sailka daitekeela esatea ere ez da erokeria. Zaila da, baina ez da ezinezkoa. Gutxienez sei talde daude jokalariak banan-banan hartuta Athletic baino hobeak direnak. Jokalari hobeak izanda, talde lana egokiago egiteko aukera gehiago ere badute. Dena dela, gauzak ondo eginez gero, Athleticek ez luke Europako Ligan jokatzeko aukera ematen duten postuetatik aparte egon beharko. Joan den sasoian ere borroka horretan egon zen sasoi amaierara arte. Denboraldion, aurreko sasoian gertu izan zutena eskuratzea da asmoa. Denboraldion, esperientzia alde izango du taldeak. Gainera, ez da lehiatuko Europan. Beraz, azken txanpara indartsuago ailegatzeko aukera izango du.
Gaztetasuna eta gaitasuna
Baina, batez ere, jokalarien gaztetasunak eta haietako batzuek duten gaitasuna dira baikor izateko arrazoi nagusiak. Harrobiko taldeetan lauzpabost urtetik behin belaunaldi aldaketa egin behar izaten da. Ez da erraza izaten, jokalari hasiberriek denbora behar izaten baitute lehiakorrak izateko. Tarte horretan zailtasunak izaten ditu talde zuri-gorriak. Baina Etxeberria, Yeste, Ocio eta enparauen ordezkoak erantzukizunak hartzeko adina hazi dira. Llorente eta Javi Martinez dira egungo Athleticen erreferentzia nagusiak. Haien inguruan jokalari gazte onak egongo dira: Susaeta, Amorebieta, San Jose eta Toquero, besteak beste. Muniainek ere lagunduko du, baina lasai utzi behar zaio; epe ertain eta luzerako proiektua da. Iraizozek, Iraolak, Gurpegik eta enparauek, berriz, esperientzia eta heldutasuna emango diote taldeari, baita Gabilondok eta David Lopezek ere -beste bi sasoirako berritu du-. Horrenbestez, talde orekatua da gaur egungo Athletic.
Aurpegi berri gutxiko Athletic izango da sasoi honetakoa. Talde zuri-gorriak Mikel San Jose fitxatzea erabaki zuen. Atzelari nafarrak erakutsi duen jokoa aintzat hartuta, ezinbestean eman beharreko pausoa zen. Bestalde, Igor Martinez eta Ibai Gomez fitxatu ditu. Hasiera batean, aukera gutxi dute lehen taldean jokatzeko. Hamaikakoari dagokionez, berriz, litekeena da Iturraspe eta Aurtenetxe sartzea. Euskarria ari da pixkana-pixkana taldean pisua hartzen. Lezamako teknikariek itsu-itsuan sinesten dute haren jokoan, baina oraindik sendotasuna falta zaio. Horregatik, ez litzateke harritzekoa izango Gurpegik ere lekua izatea euskarrian. Beste berrikuntza, egotekotan, defentsaren ezker hegalean egongo da. Ez Koikili, ez Castillo, ez Balentziaga. Badirudi Caparrosek erabakita daukala Aurtenetxeri aukera ematea. Ikusiko da zertan geratzen den kontua. Bestalde, atearen inguruan kezka dago. Iraizoz atezain ona da, baina haren ordezkoaren inguruan zalantza dago. Raul Fernandez gazteak ez du gauza handirik erakutsi orain arte. Badirudi Caparrosek konfiantza handiagoa duela Aitor Fernandez Athletic B-ko atezainaren jokoan.
ESPAINIAKO LIGA. Europa da aurrerapausoa
Athleticen gauzatu da belaunaldi aldaketa, eta, orain, taldeari etekina ateratzea dagokio Caparrosi. Hala ere, ez dago gehiegi puzterik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu