Zerikusi gutxi duten bi sentimendu edukitzen dira onerako diren aldaketa guztietan. Hasiera berri bat dakarren ilusioa, batetik, eta kezkak, bestetik: norbera zer moduz egokituko den, erantzuteko gai izango den... Horixe gertatzen zaio Realari. Etxera itzuliko da, ia bere ibilbide osoan inguru natural izan duen lehiaketara, lorpen handienak eta ospea eman dizkion horretara. Baina hiru urte eman ditu kanpoan, aldaketa asko izan dira etxea zen horretan, baita taldean bertan ere. Ezezagunak zaizkio aurkari asko, eta neurri batean ezezaguna du bere burua ere. Ilusioa du gainezka, baina baita zuhurtzia ere.
Jokin Aperribaik atzo egindako agerraldian berretsi zuenez, Martin Lasarte izango da Realaren itsasontziaren kapitaina. Uruguaitarrak kontratuan hitzartutako baldintza bete zuen jarraitzeko: igoera, eta klubak beste urtebetez luzatu dio hitzarmena, 2012ra arte. «Gure kirol proiekturako sekulako garrantzia duen pertsona da», esan zuen presidenteak. «Teknikari talde honek sekulako lehiakortasuna eman dio klubari eta lehen taldeari, eta Lasarteren ideiak Realak dituenarekin bat datoz. Arlo guztietan egonkortasuna behar dugu hazteko, eta horregatik hartu dugu erabakia».
Entrenatzaileak «laudoriotzat» jo zuen klubak berekiko izan duen keinua: «Zure lana aitortuta ikustea beti da inportantea, eta kasu honetan, kontseiluak lehiaketan gauzak okertu edo ondo joan aurretik berritu dit kontratua. Ohore eta erantzukizun handia da». Etorkizunari begira anbizioa azaldu zuen: «Ez naiz neure burua mugatzearen aldekoa. Duela gutxi, Lehen Mailan egotea ezinezkoa zirudien, eta Griezmann ez zen existitzen. Egun, Bigarren Mailako eta Europako txapelduna da. Muga asko daude; diru asko duten taldeak, baina, denborarekin, lasaitasunarekin eta jendearen babesarekin, gure esku dago aurrerapausoak ematea».
Bigarren Mailako txapelketa irabazi ostean, Lasartek diagnostiko argia egin zuen: sendotasun handia du taldeak, baina zerbait falta zaio erasoan. Iragan denboraldian, lehen itzulian batez ere, arrakasta eman zion apustua errepikatu nahi du, itxura guztien arabera: seriotasuna baloirik gabe, eta joa aurrealdean. Fitxaketetan garbi gelditu da azken ezaugarri hori indartu nahi izan dutela gehienbat, orain arte iritsi diren bost jokalariak aurrelariak edo erdilari erasokorrak baitira.
Llorente, Sutil, Tamudo, Ifran eta Sarpong dira jokalari berri horiek. Ustekaberik ezean, Demidov erdiko atzelaria batuko zaie neguan. Lesiorik ez badu eta baloi onak jartzen badizkiote, Llorente apustu segurua da, berme handiko errematatzailea delako eta gosea eta konpromisoa ere badituelako. Bigarren B Mailatik etorri arren, Sutilek itxura polita eman du denboraldi-aurrean. Tamudo, berriz, Ligan gol gehien sartu dituen jarduneko jokalaria da, baina bere azken denboraldiak errezeloa pizteko modukoak dira. Ifran eta Sarpong, aitzitik, gazteak dira, eta ikusi beharko da zer moduz egokitzen diren; uruguaitarra, batez ere -min hartuta fitxatu du Realak-.
Denborak esango du erabakietan asmatu duen edo ez, baina kluba epe luzerako planifikazioa ari da egiten, eta hori aurrerapen handia da. Izan ere, fitxaketa guztiak erositakoak dira, eta ez utzitakoak, aurreko denboraldikoak ez bezala. Gainera, guztiak atzerritarrak baldin badira ere, Llorente izan ezik, harrobiak zeresan handia izango du berriz, Zubietan hazitako hamasei futbolari izango baititu, Illarramendi eta Toño aintzat hartuta. Horietatik seik ez dute sekulan Lehen Mailan jokatu. Ezta De la Bellak eta Sutilek ere. Gaztetasuna da taldearen beste ezaugarrietako bat, batez besteko adina 25 urtekoa baita.
Goitik ondo doan aurrelari bat eta erdilari sortzaile bat falta zituela aipatu izan da azken bolada luzean, eta defentsako hegaletan ere zalantzak daude. De la Bellak, adibidez, ez du ordezkorik. Baina itxaropena edukitzeko moduko osagaiak badaude. Sporting eta Osasuna dira Realak udan izan dituen aurkaririk gogorrenak, eta ez dirudi haiek baino gutxiago denik. Eskemari dagokionez, 4-4-2koarekin probak egin ditu Lasartek, baina litekeena da gehienetan aurreko sasoiko 4-2-3-1ekoa erabiltzea. Jokalari azkarrago, trebeago eta indartsuagoei egingo die aurre Realak. Ez du Bigarren Mailan adina denbora izango baloiarekin pentsatzeko. Dena kontuan hartuta, mailari gorriak ikusi gabe eustea izan daiteke ilusioa eta zuhurtzia batzeko helbururik egokiena.
Aurrekontua eta Anoeta
Zuzendaritzak aurki emango du aurrekontuaren berri xehetasun guztiekin, baina, Aperribaik atzo adierazitakoaren arabera, 30 milioi euro pasatxo ingurukoa izango da. Horietatik 15,6 milioi telebista eskubideen bitartez iritsiko dira. Joan den sasoiari dagokionez, irabaziak izan dituztela ziurtatu zuen, ezohiko gastuak izan baziren ere. Txanponaren beste aldean, elastiko salmentari esker -20.000 euro inguru- lortutako dirua dago. Zailtasunak zailtasun, ordainketei aurre egin ahal izango die klubak.
Anoeta moldatzeaz ere mintzatu zen. «Kluba Europari begira» jartzeko moduko estadioa nahi du, 41.000 eserleku ingurukoa: «Ezinbestekoa da hazteko eta gure egitura sendotzeko». Proiektua zehaztuta dago, baina baldintza asko bete behar dira aurrera atera dadin: hasteko, 2018ko Munduko Kopa Espainiak eta Portugalek antolatzea, eta Donostia egoitza izatea. Estadio berriak «lau dorre» edukiko lituzke, eta horietatik hiru erakunde publikoentzat izango lirateke, ordain gisa. «Ez da espekulazio pribatuan oinarritutako proiektua izango», azpimarratu zuen Aperribaik. Lau urte beharko lirateke obrak bukatzeko, 80 milioi euroko kostuarekin, eta prozesua «oso deserosoa» izango litzatekeela baina «merezi duela» iragarri zuen.
ESPAINIAKO LIGA. Ilusioa eta zuhurtzia
Hiru denboraldi Bigarren Mailan eman ondoren, goi mailara lehenbailehen egokitzea da Realaren erronka nagusia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu