ESPAINIAKO LIGA. Zaharrak berri

Iragan sasoian bien etorkizuna airean egon zen arren, Izko presidenteak eta Camacho entrenatzaileak Osasunan jarraitzen dute

Iruñea
2010eko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Iragan sasoiaren amaieran presidentetzarako hauteskundeak izan ziren Osasunan, eta Patxi Izkok jarraituko ote zuen ez zegoen batere argi hilabete pare bat lehenago. Azkenean, bera izan zen hautagai bakarra, eta beste lau urtez Osasunako agintari nagusia izango da. Jose Antonio Camachoren etorkizuna ere airean izan zen, Izkok jarraitu ala ez erabakitzen ez zuen tartean. Baina azkenean biek Osasunan jarraitzen dute. Aldaketa urtea izan zitekeen 2010a Osasunan, baina azkenean lehengo lepotik jarraitzen du buruak. Zaharrak berri, beraz.

Camachok bere hirugarren sasoia hasiko du igandean, Almeriaren aurka. Bi urte izan ditu nahi dituen fitxaketak egiteko, eta, Azpilikueta joan bada ere, blokea egina du entrenatzaile espainiarrak. Fitxaketekin batere asmatu ez badute ere, talde lanari etekina ateratzeko ordua iritsi da. Lehen sasoian estu eta larri ibili ostean, iragan denboraldian taldeak itxura hobea eman zuen, eta Camachoren hirugarren urtean beste aurrerapauso bat eskatu behar zaio taldeari.

Denboraldi-aurreko emaitzek ez dute baikortasuna hedatu, dena dela. Lagunarteko zortzi partidetatik bakarra irabazi du Osasunak, eta bi berdindu eta bost partida galdu egin ditu. Partida orekatuak izan ziren gehienak, baina gorritxoen sakontasunik eza kezkagarria izan zen zenbait partidatan. Zortzi partidetan lau gol soilik egin izana ez da harro egoteko modukoa, ez horixe. Iragan sasoian ere Ligako talderik txarrenetakoa izan zen Osasuna golak egiteko orduan, eta hastera doan denboraldian hori zuzentzea ezinbestekoa izango da. Dejan Lekic serbiarra da gola ziurtatzeko egindako apustu nagusia. Orain bi sasoi arte Serbiako Bigarren Mailan aritu arren, gorantz doa. Dohain fisiko zein tekniko onak ditu, eta etorkizunean Osasunako izar bilakatzeko ekarri dute. Liga eta herri berrira egokitzea kosta egingo zaio. Hala, sasoi hasieran ez du hasieratik jokatuko ziurrenik, baina hori da apustua.

Harrobiak indar gutxi

Aldaketa askorik ez da izango Osasunan sasoi berri honetan. Bost jokalari fitxatu ditu, baina iragan sasoian hasieratik gehien erabilitako hamaikakoarekin alderatuz gero, ez da berritasun askorik izango hasierako hamaikakoan, bizpahiru gehienez ere.

Izandako aldaketa apurrak aztertuz gero, gauza bat argi dago, halere: Taxoareko harrobiaren aldeko apustuari muzin egin dio Camachok. Robertok, Dadyk, Roversiok, Delportek, Azpilikuetak, Jorge Galanek eta Jokin Esparzak utzi dute kluba. Azken hirurak harrobiko jokalariak dira. Azpilikueta Marseillako Olympiqueri saldu zioten nafarrek zazpi milioi euro ingururen truke. Beste biak Huescara bidali dituzte, utzita -bigarren taldeko Andres eta Oscar Vegarekin batera-.

Monreali taldean eustea izan da harrobiko jokalariak maite dituzten zaleentzat albisterik onena.Baina fitxaketak egiteko epea ez da oraindik amaitu, eta talde bat baino gehiago ditu atzetik ezker hegaleko atzelariak. Oier Sanjurjo ere hamaikakoan finka daitekeela dirudi -Azpilikuetak utzitako tokian-, baina Camachok hegaleko atzelari bat fitxatu nahi du -Sampdoriako Stankevicius gustatzen zaio, eta utzita irits daiteke azken unean lituaniarra, edo beste atzerritarren bat-, eta horrek Lizarrakoari ateak itxi ahal dizkio, Damiak berak bezalaxe. Flañok eta Josetxok lehen baino lehia gogorragoa izango dute Lolo-ren fitxaketarekin, eta azken hori fitxatzeak Etxaideren etorkizuna ilundu du -Huescak utzita berreskuratu nahi du atzelari nafarra-.

Patxi Puñal kapitain handia urteetan aurrera doa, eta zaila izango du sasoi honetan ohiko protagonismoa lortzea. Soriano, eta Lolo bera erabil ditzake Camachok Puñalen tokian, eta, Nekunamek ukiezina dirudienez, iragan sasoian lehen taldean debuta egin zuen Ruperrek ere larri ibili behar du hamaikakoan tokia lortzeko -aurkezpen partidan ez zuen batere jokatu-, aregehiago Vadocz ere sasoiko dagoela ikusita. Eta erasoan, ohi bezala, harrobikoek zeresan gutxi izango dute: Kike Solaren itzulera da berria, baina Aranda, Pandiani eta Lekici aurre hartu ahal izateko, lanak bikain egin beharko ditu Cascanteko aurrelariak. Bigarren taldeko Annunziata, Zabal eta Ekhi lehen taldearekin aritu dira denboraldi-aurrean, baina ez dirudi lehen taldean sendotu daitezkeenik.

Dirudienez, Osasunaren hasierako hamaikakoan Taxoareko harrobitik irtendako bizpahiru jokalari besterik ez ikustea ohikoa izango da denboraldi honetako partidetan. Kirol arduradunek fitxaketak egiterakoan asmatu baldin badute, gaitz erdi, bestela...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.