ESPAINIAKO VUELTA. Euskal jaiak Burgosen

Unai Etxebarriak irabazi zuen etapa eta taldeko beste Etxebarria, David, izan zen bigarrena; sekulako etekinalortu zuten etapa arraroan, Fassa Bortolok ez baitzuen lanik egin Alessandro Petacchiren garaipena errazteko

Andoni Urbistondo.
2003ko irailaren 10a
00:00
Entzun
Euskal jaietako egun handia ospatu zuten atzo Zarautzen (Gipuzkoa). Antzera egingo dute gaur Ordizia eta Goierriko milaka lagunek, eta, ondo bidean, antzera egingo zuten atzo Euskaltel-Euskadi taldeko kide guztiek, Burgosen. Ospakizun giroa alaia izango zela badakigu, ez ordea euskal jaietan ohikoa den baserritar jantziko abarkak, mahoizko galtzak, gerrikoa, blusa, txalekoa, zapia eta txapela jantzita eraman ote zituzten edo ez. Unai Etxebarria durangarrak irabazi zuen Vueltako hirugarren etapa, baina Unaik bezainbeste meritu du David Etxebarriak, zaindari zorrotzenaren pareko lana egin baitzuen Abadiñokoak, etapa nahi zuten beste sei iheskideak estu-estu zaintzen.

Kaosean urrea lortu zuen Euskaltel-Euskadiko bikoteak. Etapak esprintean bukatzeko osagai guztiak zituen Santanderren, abiapuntuan, baina lasterketak espero ez zen bilakaera bitxia izan zuen, gorabehera handiekin. Egoera normaldu egin zela zirudienean, Fassa Bortolok uko egin zion jazarpen lanari eta tropelak ia beti begi-bistan izan zuen zortziko taldetxoa helmugara iritsi zen.

El Escudo mendateak (lehen maila) min handia egin zien mendian gora trebeak ez direnei, Petacchi berari gehien. Felix Cardenasek (Labarca 2-Baque) eta Piepolik jo zuten lehen erasoa. Haien atzetik abiatu ziren beste txirrindulari batzuk eta tropelaren erritmoa jasanezina bihurtu zen Fassa taldeko esprinterrarentzat. Gainetik Piepoli, Cardenas, Jeker (Maia) eta Nozal (ONCE-Eroski) igaro ziren, minutu bateko errentarekin. Pedalei eragin beharreko jaitsieran Etxebarriatarrak, Gutierrezek (Kelme) eta Van Goolenek (Quick Step) bat egin zuten aurreko laukotearekin.

Petacchi minutu pasatxoko atzerapenarekin igaro zen gainetik. Hogei bat kilometro egin zituen jazarpenean, eta kostata sartu zen tropel nagusian. Domine Vacanze eta Telekom taldeko txirrindulariak tropelaren abiadura handitzen saiatu ziren Petacchik bere helburua lor ez zezan, baina ez zuten ez egoki, ez garaiz jardun, eta aukera bikaina galdu zuten Lombardi eta Martin Perdiguero (Domine Vacanze) edo Zabelekin (Telekom) etapa bilatzeko.>

Gaztelako ordokia laua da oso, eta haizeak oztoporik gabe astintzen du bere bidean harrapatzen duen guztia. Txirrindulariak ere topatu zituen, eta haize-babes arriskutsurik osatu ez bazen ere, ahulen zihoazenek gorriak ikusi zituzten eta Fassa taldeko Trentik eta Ivanovek, besteak beste, tropelaren arrastoa galdu zuten.

Jazarpena egiteko lagunik gabe geratu zen Fassa Bortolo eta Telekom ere Fassari begira geratu zen. Horri esker egin zuten bidea aurreko zortziek, baina minutu eta erdiko errenta gainditu gabe. Burgosera heltzeko 25 kilometro geratzen zirela bat egin zuten Fassa Bortoloko karreristek tropelarekin. Distantzia nahikoa zuten ihes zihoan taldea irensteko, baina ez zuten ardura hori hartu nahi izan. Zergatik, batek daki. Litekeena da Petacchi bera edo taldekideak justu antzean joatea, asko sufritu baitzuten ordurako, eta zail ikustea etapa garaipena. Italiako esprinterraren nagusitasunak, dena den, ahalegina merezi zuen. Fassa Bortoloren jarrerarekin bat egin zuten esprinterren taldeek ere badute euren erantzukizuna, garaipena nahi duenak lana egin behar duelako.

Lana egin zuen, eta ondo gainera, Euskaltel-Euskadik, eta garaipena lortu zuen. Etxebarriatarrek sozietate anonimo bikaina osatu zuten. David txikia azkarra da talde txikietako esprintetan eta Unai saiatu zen 18 kilometrora, ausart. Lehen erasoa izan zen, bakarra, ondorengo guztiak ederki eten baitzituen Davidek. Besoak altxa zituen helmugan, jakitun zelako garaipen erdia berea zela.



Egoi Martinez, sendo Etorkizuneko Tourrean

Etorkizuneko Tourretik ere berri onak jaso zituen Euskaltel-Euskadik, Egoi Martinezek lidergoari eutsi baitzion. Pierrick Fedrigok irabazi zuen seigarren saioa. Etapan hirugarren postuan sailkatu zen Etxarri-Aranazkoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.