Printzipioz, behintzat, Italiako eta Espainiako selekzioen arteko lehia espero da gaur Stuttgarten jokatuko den gizonezkoen Munduko Txapelketako errepideko lasterketan. Halere, 267 kilometro dituzte aurretik, eta ibilbidea, gainera, bihurri baino bihurriagoa da. Izan ere, barrutiak -14 bira eman beharko dizkiote- hiru muino ditu, eta helmuga bera ere ia hiru kilometroko muino batean kokatuta dago. Bai, muinoak ez dira gogorregiak, ez dira luzeegiak, baina kilometroen buruan ondo berotuko dituzte txirrindularien giharrak.
Ibilbidea gogorra delako dira faboritoak espainiarrak eta italiarrak. Hala ez balitz, Zabel eta Boonen ere ez ziren urruti ibiliko. Dena dela, ez dirudi alemaniarra zein belgikarra dominen lehian sartuko direnik. Italiaren taldeburua iazko garaile Paolo Bettini da. Espainiarena, berriz, Oscar Freire, zeinak laugarren urrea lortu eta historian sartu nahi duen. Horiek huts egiten badute, baina, hor daude Davide Rebellin, Filippo Pozzato eta Alessandro Ballan italiarrak, eta Samuel Sanchez eta Alejandro Valverde espainiarrak.
Espainiaren eta Italiaren arteko lehia espero da gaur
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu