Miarritzek, Heineken Kopa jokatzeko aukerei eusteko, nahi ala nahi ez irabazi beharra zion Tolosari. Eta horrela egin zuen. Jokoaren oinarrian sendo agertuz, eta Tolosaren faltak baliatuz irabazi zuen. Lorpen handia da Miarritzeren atzoko hori, baina jardunaldiko beste emaitzek lortutakoa epeldu egin zuten. Izan ere, Heineken Kopa oraindik urrun daukate xuri-gorriek. Racingek irabazi egin zion Briveri. Horrenbestez, Parisko taldeak zazpi puntuko errenta dauka, eta hiru partida baizik ez dira gelditzen aldea jateko.
Noski, atzoko garaipena lapurtarren merituaren ondorioa izan zen, errugbi errealista jokatu baitzuten: zangoz zelaia okupatuz eta Tolosaren petoak itxoinez. Dena jokatuta zegoenean, Traillek ere entsegu bat eman zion etxeko taldeari. Baina okzitaniarrek ere badute porrotaren ardura zati handi bat. Haiengan ezohikoa den maneran, zigor kolpeak bata bestearen gibeletik metatu zituzten, eta 15 zigor kolpetik gora jaso. Yachvilirentzat markagailua puzteko beste hainbeste aukera.
Tolosaren diziplina falta horrek mesede handia egin zion Miarritzeri, lehen zatian oso arriskutsu aritu baitzen Tolosa. Egiari zor, Miarritze baino gehiago izan zen Okzitaniako hamabostekoa lehen zatian. Beregan ohikoa den joko ikusgarria erakutsi zuen. Miarritzek eusten zion, baina, abiadura ematean, Tolosa jaun eta jabe zen. Hiru entsegu aukera garbi izan zituzten gorri-beltzek, beste hainbeste jokaldi ikusgarri egin eta gero.
Skrelak, Medardek eta Kelleherek bizitu zuten Tolosa. Hiru aukera horietatik batean entsegua sartu zuen, Medardi berari esker. Beste batean, Miarritzek zigor kolpea jaso, eta Skrelak zigor kolpea lortu zuen. Hirugarrenean, gauza bera gertatu zen, baina Skrelak huts egin zuen: 6-10.
Miarritze, baina, ez zen beldurtu, eta bere estrategiari fidel gelditu zen: zangoz Tolosaren zelaian jokatu, eta ea zigor kolperen bat erortzen zen. Lehen zatia bukatzear zela, bitan tolosarren laguntza izan zuen Yachvilik, eta 37. minutuan eta 39. minutuan bi zigor kolpe sartu zituen; horrela, lehen zatia aitzinetik bukatu zuten: 12-10. Zortea alde izan zuen Miarritzek aldi horretan.
Miarritzeren zuloa
Bigarren zatian, Miarritze beste itxura batekin atera zen. « Tolosaren zelaian jokatzea galdegin diet, eta aitzinean presioa ematea», zioen Gonzalezek amaieran. Etxekoen helburua argi zegoen: Tolosari faltak eginarazi. Eta ongi atera zitzaion apustua. Gonzalezen aginduak betez, defentsan lerroa azkarrago igo zuen Miarritzek, eta baloia gehiagotan izan zuen esku artean. «Bigarren zatia gurea izan da, eta markagailuan ihes egin dugu», baieztatu zuen Yachvilik.
Tolosari defentsan aritzea egokitu zitzaion, eta patal aritu zen. Faltak bata bestearen gibeletik pilatu zituen, eta bigarren zati osoan 10 zigor kolpe jaso. Yachvilik, hirutan ostikada huts egiteko parada izan zuen, eta, hala ere, 21-10era eraman zuen markagailua, beste hirutan asmatu eta gero. Azken minutuetan, Tolosa ero-ero joan zen defentsako puntuaren bila. Baina Miarritzek baloia lapurtu eta azken minutuan entsegua sartu zuen. Apirilaren 3an, Montauban jasoko du.
Miarritze 26
Tolosa 10
Miarritze. Coetzee (Barcella, 54. min.); Terrain (August, 54. min.), Johnstone (Barozzi, 76. min.); Thion (kap.), Taele (Carizza; 7. min.); Hall, Faure (Lauret, 69. min.), Hariñordoki; Yachvili, Peyrelongue; Bolakoro, Traille, Hunt (Fior, 76. min.), Ngwenya; Balshaw (Bidabe, 69. min.).
Tolosa. Human (Poux, 54. min.), Lacombe (Servat, 54. min.), Lecouls (Montes, 75. min.); Maestri, Albacete; Bouillhou (kap.), Picamoles, Lamboley (Dusautoir, 60. min.); Kelleher, Skrela (Jauzion, 37.min.); Heymans, Fritz, David (Skrela, 40. min.), Clerc; Medard (Donguy, 72. min.).
Markagailua. 3-0; 3-3; 6-3; 6-10; 9-10; 12-10 (atsed.) 15-10; 18-10; 21-10; 26-10.
Epailea. Patrick Pechambert.
Esperantzari eusteko
Lehen zatian sufritu ondoren, bigarren zatian presioa azkartu eta Yachviliren zangoari esker irabazi dute miarriztarrek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu