Kito. Karta guztiak mahai gainean daude jada. Fernando Garcia Makuak eta Josu Urrutiak aurkeztu dute aurkeztu beharreko guztia hilaren 7an egingo diren Athleticeko lehendakaritzarako hauteskundeak irabazteko bidean. Ez da egon ustekabekorik, ez behintzat, hautagaitza bakoitzak aukeratutako entrenatzaileari dagokionez. Espero bezala, Joaquin Caparrosek jarraituko du talde zuri-gorria entrenatzen, Garcia Makuak irabazten badu. Hori gertatu ezean, hots, Urrutia lehendakari aukeratzen badute, Marcelo Bielsak entrenatuko du Athletic.
Egun baten baino gutxiagoren aldearekin eman dute bi presidentegaiek euren entrenatzaileen berri: herenegun arratsaldean Garcia Makuak, atzo goizean Urrutiak. «Munduko zazpi-zortzi entrenatzaile onenen arten dago Bielsa», esan zuen jokalari ohiak. Urrutia «harrituta» azaldu zen, entrenatzaile argentinarrak berarekin izan duen jarreragatik. «Harritu egiten nau entrenatzaile hain ospetsu batek gure familiako kide izatea nahi izateak, eta eskaintza handinahiak izan arren guri emandako hitzari eusteak».
Hautagaiaren arabera, «Bielsaren dohainek eta Athleticen beharrek ezin hobeto egiten dute bat. Gainera, taldearen ezagutza handia du». Garcia Makuak ez bezala, Urrutiak ez du uste «arriskutsua» denik entrenatzaile berri bat fitxatzea. Ez ziren izan beste hautagaiari buruz egindako hitz bakarrak. Lekeitiokoak azpimarratu zuen Bielsaren ospeaz zalantza duenak ez duela «futbol kulturarik», eta «gehiago informatu» beharko lukeela. «Piru-k [Piru Gainza] esan zidan Athleticek hobetu egin duela arriskatzeko. Arriskua beti dago, baina Bielsa berme bat da. Ospe handiko entrenatzailea da, eta ahalmen eta konpromiso handikoa. Non egon nahi duen aukeratu du, eta bazter batean utzi azkenaldian iritsi zaizkion hainbat eskaintza. Auskalo nola jokatuko genukeen guk horrelako egoera batean».
Bielsak urtebeterako kontratua sinatuko luke, eta harekin batera lau laguntzaile iritsiko lirateke Bilbora. Haren soldata «merkatuaren barruan» dago, eta, haren estiloaz galdetuta, Urrutiak argi utzi zuen Bielsarekin Athletic «beti irabaztera» zelairatuko dela. Helburuez, baina, ez zuen ezer esan nahi izan hautagaiak.
Urrutiaren hautagaitzak Athleticentzat diseinatutako kirol proiektuaren kide bat da Bielsa. Jose Mari Amorrortu, Jose Angel Ziganda, Aitor Larrazabal eta Ignacio Palacios-Huerta ere egitura horren barruan egongo dira. Amorrortu kirol zuzendaria izango da, Ziganda Athletic B-ko entrenatzailea eta Goi Errendimenduko arduraduna, Aitor Larrazabal hobekuntza prozesuen koordinatzailea eta Palacios-Huerta Kirol Zuzendaritzaren aholkularia. Javier Iruretak ere bazuen tokia egitura horretan, baina Urrutia «harrituta» azaldu zen, Lezamako arduradunak Garcia Makuari babesa eman diolako.
Puel: «Bilbon izan nintzen»
Aritz Adurizen inguruan ere galdetu zioten Urrutiari. «Jokalari interesgarria da», esan zuen, eta jarraian gaineratu oraindik bera «hautagaia besterik» ez dela. Horren harira, Garcia Makuak atzo aitortu zuen orain dela gutxi Manuel Llorente Valentziako presidentearekin hitz egin zuela, eta solasaldian Adurizen izena atera zela. «Ez dugu inolako arazorik Aduriz fitxatzeko, ez kirol arazorik, ez diru arazorik. Valentziak saldu nahi duen edo ez da argitu beharreko gauza bakarra. Nik badakit zein den Valentziaren iritzia, baina ez naiz ni izango haren berri emango duena». Aurrelari donostiarrak orain hiru urte utzi zuen Athletic, Garcia Makua presidente zenean. Mallorcak bost milioi euro ordaindu zizkion talde zuri-gorriari. Urrutiak, atzo
Ez da azken lau urteetako lehendakariari loturiko berri bakarra. Claude Puel entrenatzaile frantziarra «harrituta» azaldu da Garcia Makuak herenegun esandakoarekin, hots, ez duela Caparros ez den beste entrenatzaile batekin hitz egin. «Ez dakit zergatik dioen hori. Berarekin bildu nintzen Bilbon, eta proiektuaz eta nire kontratuaz mintzatu ginen», adierazi du Olympique Lyoneko entrenatzaile ohiak.
Espero bezala, Bielsa
Josu Urrutiak baieztatu du lehendakari baldin bada entrenatzaile argentinarrak zuzenduko duela Athletic
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu