Espero zena: derbia

Kopako zozketak Bilbo Basket eta Baskonia parekatu ditu; garaileak Bartzelona izan dezake aurkari finalerdian

Andoni Urbistondo.
2011ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Zortearen keriak izango dira, baina Kopako zozketak askok espero zutena ekarri du. Euskal Herriko bi saskibaloi talde onenen arteko derbia, otsailaren 10ean, eta bide batez, Kataluniako bi talde onenen artekoa, egun berean. Ricky Rubio jokalariak eta Joan Maria Gavalda Espainiako entrenatzaileen elkarteko presidenteak aukeratutako bolatxoek Bartzelona eta Joventut parekatu zituen aurrena, eta horrek argi utzi zuen zozketak zer bide hartuko zuen. Kataluniako derbia, Euskal Herriko derbia. Jordi Trias eta Carlos Suarez jokalariek parekatu zituzten Bizkaia Bilbo Basket eta Caja Laboral Baskonia.

Zozketa soil batek bi urtetan jarraian hain emaitza berbera izatea ez da normala, baina zozketa legezkoa da denen begietara, eta ezin ezer esan edo aurpegiratu. Bistakoa da, dena den, Kopa eta Kopako testuinguruarentzat askozaz erakargarriagoak direla atzoko zozketak utzitako final-laurdenak, beste batzuk baino gehiago. Mediatikoki oso erakargarria delako lehen kanporaketan derbi bikoitza ikustea. Egoera antzekoa da bi derbik turistikoki izan dezaketen oihartzuna hizpide izanez gero. Askoz jende eta diru mugimendu handiagoa sortuko dute derbiek beste partidek baino. Baskoniako 1.600 zalek eskuratu dute dagoeneko Kopa ikusteko abonua. Orain hazi egingo da kopuru hori, eta Bilbon eta Bizkaian ere bai.

Kirol arloari dagokionez, zozketak atsekabe handiagoa eragin du Bilbon Gasteizen baino, baina ez aurkariak beldur berezia sortzen duelako. Bizkaitarrek hirugarrenez jokatuko dute Kopa, eta aurreko bietan Baskonia izan da haien borrero. Hiru urte atzera Gasteizen jokatu zen Kopan, finalerdietan, eta pasa den sasoian, Barakaldoko BECen, final-laurdenetan. Hirugarrenez aurkari beraren aurka galtzea zama astuna litzateke bizkaitarrentzat.

Kanporaketaren inguruan egin daitezken balorazio eta analisi oro azalekoak dira. Gaur gaur delako, eta Kopa otsailaren 10ean hasiko delako, hiru aste luze barru. Tarte horretan hiru partida jokatuko ditu Bilbo Basketek, eta hiru gehiago, sei, Baskoniak. Tartean Euroligako Top16ko hiru norgehiagoka zail: Unicaja Malagan, eta Lyetuvos eta Panathinaikos Gasteizen. Hiru aste horietan zer gertatu, garrantzitsua izanen da, ez baita berdina Kopara joko ona eginez iristea, edo emaitza bolada txarra pilatu ostean iristea.

Gaurko analisiak dio Kopako euskal derbia parekatuta dagoela. Baskoniak gorabeheratsu jarraitzen du, Batistaren etorrerak taldearen jarduna hobetu baldin badu ere. Bizkaia Bilbo Basketek, aldiz, hiru garaipen lortu ditu segidan, eta garaipen bakar batera du Baskonia ligako sailkapenean. Eskarmentuan nagusi da Baskonia, Bilbo Basketek baino Kopa txapelketa gehiago jokatu dituelako. Fotis Katsikarisek aitortu du hori, eta baita hilabete atzera Baskoniaren aurka lortu zuten garaipenak ez duela erreferentzia gisa balio: «Ez, orduko Baskonia eta gaur egungoa erabat desberdinak direlako. Barac eta Batista gabe zeuden orduan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.