Espero ziren hirurak

Erromak, Arsenalek eta Xaktharrek lortu dituzte Txapeldunen Ligako final-zortzirenetarako azken txartelak

Erredakzioa
Donostia
2010eko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Erroma E multzoan, eta Xakthar Donetsk eta Arsenal H multzoan. Argitu dira argitu beharrekoak. Txapeldunen Ligako final-zortzirenetarako hiru txartel zeuden jokoan atzo, eta ezusterik ez zela izan esan daiteke. E multzoan Basilea sailkatzea zen ezustea, eta H multzoan Bragaren mesedetan, Xakthar liderra edo Arsenal kalean geratzea. Baina ez zen halakorik gertatu. Lehen zatian hasi zen argitzen egoera. Borriellok 21. minutuan sartu zuen Erromaren lehen gola -1-1 amaitu zen-, eta Bayern Munichek hiru minuturen buruan bi gol sartu zituen. Riberyk sartu zuen 1-0ekoa, 35. minutuan, eta Timoxtxukek 2-0ekoa, 37.ean -3-0 amaitu zen partida-. Emaitza horiekin, Basileari ate guztiak itxi zizkioten E multzoan, eta Europako Liga jokatuko dute suitzarrek. Bayern Munich igaro da lehen postuan, eta Erroma bigarren postuan.

H multzoan, berriz, Arsenalek 30. minutuan sartu zuen 1-0ekoa -Van Persiek, penaltiz-, eta Partizanek 52. minutuan 1-1ekoa sartu bazuen ere, Walcotten (73. min.) eta Nasriren (77. min.) golei esker lortu zuten txartela ingelesek (3-1). Emaitza horrekin Bragak lau gol sartu beharra zeuzkan Xakthar Donetsken aurkako partidan, baina 2-0 irabazi zuten etxekoek. Xakthar igaro da lehen postuan, eta Arsenal bigarrenean. Braga Europako Ligan ariko da.

Tentsiorik gabeko partidak

Beste bi multzoetan dena erabakita zegoen, eta ordezko jokalari askorekin aritu ziren gehienak; tentsio askorik gabe. Real Madrilek (4-0), Ajaxek (0-2), Olympique Marseillak (1-0) eta Spartak Moskuk (1-2) irabazi egin zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.