Esperotako bidetik doaz

Sasoi hasieratik jakinekoa zen Alavesi kosta egingo zitzaiola mailari eustea, baina, arazoak arazo, helburua erdiesteko bide orria betetzen ari dira. Mendizorrotzan lortzen ari den puntuak funtsezkoak dira horretarako.

Alaves-Betis
Alaveseko jokalari batzuk, Betisi Mendizorrotzan sartutako gola ospatzen. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Iñigo Lasa Fresneda.
2023ko abenduaren 30a
05:05
Entzun

Ekainaren 16an amaitu zuen Alavesek joan den denboraldia. Luzea izan zen oso. Bigarren Mailako 42 jardunaldiez gain, igoerako kanporaketetako beste lau lehia jokatu behar izan zituen, luzapen eta guzti. Ondo bukatu zuten, azken hatsean gorenera itzuli zituen gola sartuta. Baina oso denbora gutxi izan zuten deskantsatu, indarberritu eta sasoi hau ondo prestatzeko. Erlojua eta lesioak lagun izan ez badituzte ere, Mendizorrotzaren eta fitxatutako jokalarien laguntzaz zorrotz ari dira betetzen mailari eusteko helburua.

Liga prestatzen, larri

Lehen mailan dauden hogei taldeen artetik, Alavesek eduki zuen denbora gutxien sasoi berria prestatzeko. Ekain erdialdean amaitu zuten arabarrek joan den denboraldia, eta, ia igoera ospatzeko betarik gabe, bi hilabete eskas izan zituzten taldea berregin eta munduko ligarik zailenetako batean lehiatzeko gai zen talde bat osatzeko. Horixe bera eskatu zion Luis Garcia Plaza entrenatzaileak Sergio Fernandez kirol zuzendariari, eta hark bereak eta bi egin behar izan zituen teknikari madrildarraren eskakizunak ahal zen moduan betetzeko.

Hamar jokalari berri iritsi ziren Gasteizera uda aldean, eta gainontzeko taldekideekin entrenatzeko ia astirik izan ez zutela iritsi zen lehen jardunaldia. Garcia Plazak primeran lortu du elkar gutxi ezagutzen zuten jokalarien multzo batetik talde bat eratzea. Lehen itzulia amaitzeko partida bat falta da, eta jaitsiera postuetatik kanpo dago taldea. Gainera, neguko fitxaketa merkatuan beste pare bat jokalari  ekartzea espero da. Carlos Vicente Racing Ferroleko eskuin erdilaria dagoeneko aurkeztu dute, eta, orain, aukera izanez gero, erdiko atzelari baten atzetik dabiltza.

Mendizorrotzan, tinko

Aurreko hemezortzi jardunaldietan hamasei puntu pilatu dituzte arabarrek, eta horietatik hamahiru etxean eskuratu dituzte, hau da, %81,25. Berebiziko garrantzia izaten ari da Mendizorrotzan etxeko lanak egitea. Iragan denboraldian ere erabakigarria izan zen xedea behar bezala betetzeko: bertan jokatu zituzten 23 norgehiagoketatik bakarra galdu zuten. Denboraldi honetan lau neurketatan azpiratu dituzte jada, baina gehienetan punturen bat bereganatzeko merituak egin dituzte.

Kanpoan, aldiz, irabazi ezinik dabiltza. Hiru berdinketa baino ez dituzte erdietsi. Alor horretan, ligako talderik txarrenetan hirugarrena da, Almeriak eta Granadak bakarrik lortu baitute puntu gutxiago: puntu bakarra. Egiari zor, Gironaren aurkako partidan izan ezik, gainontzeko guztietan lehiatu egin dira. Halere, Lehen Mailan mantentzeko, emaitza hobeak eskuratu beharko dituzte bigarren itzulian Mendizorrotzatik at.

Lesioak eta fitxaketak

Joan den denboraldiko azken partidan, Joaquin Panicehllik ezker belauneko lotailu gurutzatua hautsi zuen, eta, handik gutxira, haren herrikide Giuliano Simeoneri, Burgosko jokalari batek besteak beste peronea txikitu zion denboraldiaurreko lehia batean. Iritsi berria zen Gasteizera. Bi aurrelari gutxiago, liga hasterako. Hori gutxi ez, eta hamabigarren jardunaldian Aleksander Sedlarrek ezker belauneko lotailu gurutzatua apurtu zuen. Aurreneko bien falta betetzeko, Kike Garcia, Jon Karrikaburu eta Samu Omorodion fitxatu zituen Alavesek merkatuko azken egunetan. Horien artetik, ondoen dabilena Omorodion da. Lau gol sartu ditu dagoeneko Alavesen elastikoarekin.

Alex Sola, Andoni Gorosabel, Ander Gebara, Ianis Hagi eta Tenaglia dira beste aurpegi berriak, Tenagliak azken sasoiak Gasteizen utzita eman dituen arren. Errendimendu onena ematen ari dena, zalantzarik gabe, Gebara da. Realeko jokalari ohia etxera itzuli da, eta taldeari lasaitasuna eman dio baloiarekin. Zelai erdiko iparrorratza da

Ate aurrean, kamuts

Puntu askok egin diete ihes arabarrei ligaren lehen erdi honetan. Ez gaizki jokatu dutelako, ezta aurkariak baino gutxiago izan direlako ere; gol aukera garbi asko huts egin dituztelako baizik. Cadizekin batera, ligan gol gutxien sartu duen taldea da Alaves: hamalau. Espainiako Kopako lehen kanporaketako partida eta etxean ligan Sevillaren kontrakoa kenduta, abagune argiak galdu dituzte. Esaterako, Omorodionek, taldeko golegile nagusiak, lau gol sartu ditu, baina beste horrenbeste sartzeko aukera paregabeak izan ditu. Ez hark bakarrik: erasoko jokalari gehienek aukera izan dute ekarpen handiagoa egiteko.

Arlo horretan aurrerapauso bat emateko asmoz ekarri dute Carlos Vicente. Racing Ferrolekin lau gol sartu ditu, eta lau asistentzia banatu. Haren estreinako denboraldia zen Bigarren Mailan. Ate aurrean zehaztasuna hobetuz gero, Alavesek erakutsi du mailari estutasunik gabe eusteko moduko taldea duela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.