Maillot berdea jantzita, baina garaipenik gabe jarraitzen du Peter Saganek (Cannondale). Den-dena alde zeukanean, Cannondalek bospasei txirrindularirekin lan egin duenean, orduan ere ezin izan du irabazi eslovakiarrak. Bigarren beste behin. Etsita. Amore emanda. Alexander Kristoff (Katuxa) izan da azkarrena Saint Etiennen, esprint bete-betean. Sebastian Langeveld (Garmin), Gregory Rast (Trek), Simon Clarke (Orica), David De le Cruz (NetApp) eta Florian Vachon (Bretagne) ihesean zebiltzala, Giant-Shimanok gogotik lan egin du etapa guztian. Europcar hasi da lanean gero, eta Cyril Gautierrek eta Perrig Quemeneurrek erasoa jo dute helmugara iristeko 30 kilometro falta zirela. Ezin, ordea. Tropel nagusia bat eginda iritsi da azken zuzengunera, eta gainerakoen lana dotore baliatu du Kristoffek. Sailkapen nagusian ez da izan aldaketarik.
Esprintak ahaztuta, Alpeetako bi etapa gogor izango dituzte hurrengo bi egunetan. Saint Etiennen hasi eta Chamroussen amaitu, Croix de Montvieux hirugarren mailako mendatea (8 km, %4,1) eta Palaquit lehen mailakoa (14,1 km, %6,1) igo beharko dituzte Chamrousse maila bereziko mendatera iritsi aurretik. 18,2 kilometroko igoera da azken hori, eta %7,3ko batez besteko aldapa dauka.