Hankaz gora joan da Italiako Giroa. Ustez ezer askorik ez zeukan etapa lau-lauan, erorketa handia izan da helmugara iristeko 3,2 kilometro falta zirela, eta, besteren artean, denbora dezente galdu du Alberto Contadorrek (Tinkoff). Ondorio argia izan du liderraren ezinak, Fabio Aru (Astana) jarri delako lider, erorketari iskin eginda. Esprinter gutxi batzuk aurrean zirela, Sacha Modolo (Lampre) izan da azkarrena, Giacomo Nizzolori (Trek) aurrea hartuta. Aruk Contadorrekiko hemeretzi segundoko aldea dauka orain sailkapen nagusian, 1.14 minutura geratu da Mikel Landa (Astana), 1.38ra Roman Kreuziger (Tinkoff), eta 1.49ra Dario Cataldo (Astana). Contadorrekin batera, denbora asko galdu du Richie Portek ere (Sky).
Giroko etaparik erabakigarrienetako baten atarikoa izan da erorketa, 59,4 kilometroko erlojupekoari aurre egin beharko diotelako txirrindulariek bihar. Oso luzea eta amaiera gogorrekoa da ibilbidea, eta alde handiak izan daitezke faboritoen artean.