Pistan zen abila hasieran; ondorioz, erlojupekoetan ere bai. Igotzaile bihurtu zuten gero, pisua galdu eta gorputza asko finduta. Eta Romandiako Tourreko lehen etaparen amaieran ikusi ahal izan zenez, esprinter txar-txarra ere ez da. Erlojupekoetan abila den igotzaile, esprinterra. Hemendik aurrera azalpen hori jarri beharko zaio Bradley Wigginsi (Sky). Helmugara bidean zeuden koska etengabeetan geratu ziren atzean esprinter gehienak, eta esprinterrik gabeko esprintean, eserita irabazi zuen britainiarrak. 325 metro inguru falta zirenean ekin zion esprintari, oso urrutitik, eta aurkarietako inor ez zen gai izan bere parean jartzeko. Etapa eta lidergoa. Harrigarria Wigginsek atzo egin zuena.
Txirrindulariek ez dute gauza bera esango, baina ikusleen begietara zoragarriak izaten dira kontrolik gabeko etapak. Ondo antolatutako esprintek ere badaukate xarma, taldeko esprinterrak, gero, errematea ematen duenean, bereziki. Baina oso gorabeheratsuak ziren Romandiako Tourreko lehen etapako azken kilometroak, eta erasoari erasoa lotuta iritsi zen tropel burua La Chaux de Fondseko helmugara.
Martin Kohler (BMC), Kenny Dehaes (Lotto-Belisol), Angelo Tulik (Europcar) eta Jimmy Engoulvent (Saur-Sojasun) sartu ziren eguneko ihesaldian, eta bost minututik gorako aldea ere izan zuten. Orduantxe hasi zen lanean Sky, Geraint Thomasen lidergoa defendatzeko asmoz. Baina errepideak utzi zuen liderraren maillot gabe Galesko txirrindularia. Min egin zuten Haut de la Cote bigarren mailako aldapak eta Le Communal de la Sagne hirugarren mailakoak, eta Mark Cavendishen antzera (Sky), zati horretan geratu zen aukerarik gabe Thomas ere.
Azken kilometroetako zalapartan, Dani Navarroren (Saxo Bank) erasoa izan zen indartsuena. Baina inork ez zuen lortu hamar segundotik gorako alderik, eta esprinta izan zuen lehen etaparen amaierak. Esprinterrik gabeko esprinta. Montbeliard eta Moutier artean, bigarren etapa jokatuko da gaur, 149,1 kilometrokoa.
Esprinterra ere bada, itxuraz
Bradley Wigginsek irabazi du Romandiako Tourreko lehen etapa, oso esprint arraroan, eta lider jarri da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu