Osasunak dena kontra izango du bihar Mestallan. Gorritxoek ez dakite oraindik etxetik at partida bat irabaztea zer den sasoi honetan -sei partida galdu dituzte, bakarra berdindu-, astelehenetan jokatutako partida apurretan ez dute inoiz irabazi -bi galdu dituzte, eta bat berdindu-, Mestallan estatistika beltzak dituzte-22 partida galdu dituzte, zazpi berdindu eta bi bakarrik irabazi-, eta Jose Antonio Camachok entrenatzaile gisa ere ez du inoiz irabazi Valentziaren zelaian. Estatistika eskas horiek guztiak ikusita, inor gutxi ausartuko da nafarren alde apustu egiten. Dena kontra dutela dirudien arren, Osasuna ezustekoa emateko prest zelairatuko da Mestallako futbol zelaira, dena dela. Etxetik at sasoiko lehen garaipena lortu nahi dute gorritxoek, besteak beste, aspaldiko partez iragan asteburuan Nafarroako Erresuman galdu egin zutelako.
«Mestallan irabaztea edozein talderentzat da zaila, eta badakigu Osasunak azken urteetan gauzak ez dituela ondo egin Valentziaren zelaian. Dena dela, estatistikak apurtzeko asmoz zelairatuko gara. Etxetik kanpoko emaitzen bolada txarra amaitu nahi dugu, eta Mestallan hiru puntuak lor ditzakegula sinetsita naiz ni. Galdu egingo dugula uste du mundu guztiak, baina ezustekoa eman eta barruan daukagun arantzatxo hori kanporatu ahal dugula uste dut nik», esan zuen atzo Juanfranek Taxoaren. Sorterritik gertu ariko da Osasunako eskuin hegaleko erdilaria -Crevillentekoa da, Valentziatik 200 kilometrora dagoen herri batekoa-, eta motibazioz gainezka zelairatuko da bihar, besteak beste, iragan udan Valentziak Juanfran fitxatu nahi zuela zioen zurrumurrua bolo-bolo ibili baitzen.
Gola sartzera behartuta
Juanfran baikor baldin bada ere, argi dago bihar irabazi ahal izateko Osasunak gauzak oso ondo egin beharko dituela. Unai Emeryk zuzentzen duen taldeak Ligako zazpi partida jokatu ditu etxean sasoi honetan: lau irabazi ditu, bi berdindu ditu eta bakarra galdu. Mestallan partida guztietan egiten du golen bat Valentziak, eta Osasunak sariren bat eskuratu nahi baldin badu, gola egitera behartuta dago. Denboraldia hasi zenetik etxetik at lortutako puntu bakarra Riazorren hutsean amaitu zen partidan eskuratu zuen Osasunak. Baina Valentziak etxean erakutsitako eraginkortasuna ikusita, badirudi bihar ateari hutsean eusten ahalegintzea ez dela nahikoa izango. Gol gabezia zuzentzeko asmoz, Walter Pandiani izango da jokalaririk aurreratuena.
Estatistikak hausteko omen daude
Valentziaren zelaian eta etxetik kanpo daraman bolada txarra eten nahi du bihar Osasunak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu