«Estrategia izango da gakoa»

Munduko txapeldunak 'pole'-a lortu zuen iaz Monakon. Gaur, berriz, zortzigarren postutik irtengo da. Baikor da, hala ere.

Laurentzi Garmendia
Berriemaile berezia. Monte-Carlo
2010eko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Chelsearen eta Portsmouthen arteko futbol partidaren atsedenaldian erantzun die Jenson Buttonek (Frome, Ingalaterra, 1980) Berriaren galderei. Egungo munduko txapelduna da Button, eta lorpen hori errepikatu nahi du etxeko taldean, McLarenen. Askoren ustez, bide zaila aukeratu du horretarako, Lewis Hamilton taldeak izanik aurkari sendoa baitu etxean bertan, batez ere etxean hezia izan baita. Atzo Buttonek zortzigarren amaitu zuen sailkapen proba, baina liderra denez, puntuak behar ditu lehen postuari eusteko. Onartu du ez zela espero zuen saioa, baina uste du lasterketan hobeto egin dezakeela. Felipe Massak (Ferrari) trabatu egin duela ere salatu du.

Harritu al zaitu Massa ez zigortu izanak?

Bai, egia esan nahiko harrituta utzi nau. Uste dut hurrengo itzuli garbia izateko mantsotu egin duela, eta bitan itxi dit atea. Baina ez dakit ezer gehiago.

McLaren ongi moldatu da beti Monakoko Sari Nagusian, baina gaur [atzo] autoak ez zirudien maila gorenean zegoenik.

Nahiko nahasia dago sailkapena, egia esan. Niri abiadura handiko bihurguneetan atzealdea asko mugitzen zait, arazo nagusia hor dago. Bihurgune mantsoetan aurrealdeak ez dit behar bezala erantzuten, eta bihurgune mantso horietan ezin naiz atzealdearen orekarekin jolastu. Uste dut hirugarren sailkapenean pneumatiko gogorrena erabil genezakeela, askoz orekatuagoa zelako. Gehiago zapaltzeko aukera ematen zidan. Baina pentsatu dugu lasterketarako ez zela aukerarik onena, eta horregatik aukeratu dugu beste pneumatikoa.

Arazo horiek gabe non egongo zinateke?

Ezin da jakin. Eman dudan azkeneko itzulia izan da nire azkarrena. Massaren atzean egin dudan itzuli horretan, zalantzarik gabe mantsotu egin nau, baina, horrez gain, hurrengo itzulian ere mantsotu egin behar izan dut, itzuli garbi bat emateko aukera irabazteko. Baina itzuli horretan ere mantsotu egin du, boxetara sartzen ari zelako. Nire itzuli azkarrena azkenekoa izan da, eta ez dut uste hobeto egin nezakeenik autoak zeukan orekarekin. Etsigarria da zortzigarren ateratzea, badakit ez dela itzuli perfektua izan, baina gehienez ere bi hamarreneko hobetuko nituzkeen.

Txapelketan liderra zara, baina atzera samarretik irten beharko duzu bihar [gaur]. Ahalik eta gutxien galtzea izango da helburua?

Bai, hala da neurri batean, baina, bestalde, ez genuen pentsatu ere egiten Fernando Alonsok hirugarren saioan egindako huts horretan. Alonso nire aurkari zuzenena da orain. Hala ere, nahiko estu dago guztia. Puntuaketa sistema honekin erotu samar gabiltza guztiok, horregatik, bost edo sei gidari nahiko gertu daude, baina Alonso zen gertuen nuena. Horregatik, aukera ona da puntu batzuk biltzeko. Onartu behar da sailkapena ez dela bikaina izan, Red Bull autoak lehen eta hirugarren izan direlako. Baina auto horiek pole-an izan dira lasterketa bakoitzean. Beraiek dira titulurako aurkari nagusiak, nire ustez. Baita besteentzat ere, eta Ferrari ere hor aurrean dago. Postu batzuk irabaz ditzakegu lasterketan, estrategia ondo gauzatzen badugu. Ez dut zortzigarren amaitu nahi, hori baino gehiago nahi dut. Ahal dugun guztia egingo dugu lehiakor izateko. Uste dut lasterketa erritmo ona dugula, badakigu ezin dela aurreratu baten batek huts egiten ez badu behintzat. Baina estrategia gakoa izango da, trafikoarekin ere jolastu beharko delako... Oraindik asteburu ona izan dezakegula uste dut.

Monakon aurreratzea inon baino zailagoa da. Hori dela eta, zuen F-hodia erabilgarri izan al daiteke?

Ez dut uste inolako alderik egingo lukeenik. Gehienez, hamarreneko bat irabaz dezakezu. Gutxiago, seguruenik. Abantaila nagusia da autoan dugula, ez da beste taldeek egin duten bezala gehigarri bat. Gurean autoaren zatia da, eta hori abantaila da neurri batean.

Beraz, erabil dezakezue?

Bai, noski!

Monakoko Sari Nagusia oso dotorea eta glamour handikoa da. Lasterketa hasieran arreta galduaraz dezakeen zerbait al dago?

BAR taldean korritzen nuenean, 2005ean zigortuta geunden, eta ezin izan nuen lasterketa honetan parte hartu. Saiatu nintzen gainerako gidarien arreta bereganatzen, haiek ahalik eta puntu gutxien lor zezaten... baina ezer ere ez. Lasterketan zaudenean ezerk ez zaitu zure lanetik desbideratzen. Jende asko etortzenda Monakoko Sari Nagusira, jende famatu eta ikusgarri asko, baina gu ez gara asko konturatzen. Glamoura? Bai, baina lasterketan ditugu jarrita zentzu guztiak.

Zer egiten duzue lasterketa aurretik? Ohitura bereziren bat duzu?

Edozein saioren aurretik, nire fisioterapeutarekin egoten naiz, hark presta nazan. Bestela, ez dut aparteko beste ezer egiten.

Korrikan ibili zinen Bartzelonan, lasterketaren bezperan.

Ni korrika? [Harrituta erantzun du] Bada, oso oroimen txarra dut orduan! A, itxaron, ostegunean diozu. Bai, bai, baina hori lasterketa baino askoz ere lehenago da. Baina lasterketa bezperan ahal dugula beti programa bera jarraitzen dugu, bete-betean egon gaitezen. Batzuetan Paddock Club-a dugu [VIP gonbidatuen gunea], baina bestelakoan ez dugu ezer berezirik egiten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.