Munduko Kopa 2014

Estrategiak eta baliabideak

Emaitzari buelta eman behar izan dio Belgikak hiru puntuak batzeko, H multzoko lehen partidan. 

Dries Mertens Belgikaren gola ospatzen. DENNIS SABANGAN / EFE
Aitor Manterola Garate.
2014ko ekainaren 17a
20:13
Entzun

Bi talde aurrez aurre, bi selekzio, eta hiru baliabide edo estrategia. Belgikak bi erabili ditu, eta bigarrenak eman dio garaipena. Aljeriak bakarra hartu du bidelagun, eta zerbait ezberdina egiteko imintzioa egin duenean, partida galdu du.


Belgika ikusteko aparteko zirrara zegoen. Klubetan jokalari apartak eta erreferentziak direnak selekzioan elkartu dira, eta hori horrela izanik, txapelketa handia egin dezakeela esaten da. Alde horretatik aztertuta, Belgikak ez du bete aurreikuspenik. Baina irabazi egin du, eta Munduko Kopa hiru puntu batuz hastea handia da.


Estrategien harira, Belgikak baloiaren jabetza erabiltzea aukeratu du erasoan. Baina ez dio batere etekinik atera. Makal mugitu du baloia, zelaia zabaldu baino itxi egin du, eta lehen zatian, arrisku apurra sortzeko area jaurtiketa bat edo beste baliatu ditu. Hazardek ezin zuen, ez zuen lekurik ezertarako, Aljeriak zaintza estua egin diolako. Witsel izan da zelai erdian jokoa banatzen ibili dena, euskarri bakar bezala, baina bere aurreko Dembelek ez dio ezertan lagundu. De Bruyne eskuin hegaletik barrura sartuta ibili da, baita Chadli ere ezkerretik barrura, eta Lukaku ondo lotuta eta geldi eduki dute Aljeriako erdiko bi atzelariek.


Gauzak horrela, ezinbestekoa zuen Belgikak hegaletako atzelariek zelaia zabaltzea, baina Vertonghen eta Alderweireld ez dira egokiak horretarako; erdiko atzelariak dira gehiago. Gainera, oso atzean aritu dira, sakontasuna kenduz taldeari. Baloiaren jabetzari etekina ez ateratzeko arazoei bi jokalari horien laguntzarik eza gehitu zaie. Ezin zuen Belgikak.


Aljeriak 25. minutuan gola sartu du (Feghoulik penaltiz), eta bere estrategia bakarrari indarra eman dio horrek: atze-atzean sartu da talde osoa, eta defentsako lanean oinarritu da erabat. Ondo egin du lan hori, oso ondo; batez ere, erdialdeko esparruan (atzelariak eta euskarriak) zulo guztiak itxi ditu. Bakarkako zaintza ere erabili du hainbat egoeratan. Horixe izan du estrategia, eta aldeko emaitzak ez du behartu beste ezertara. Baina jakina, zama handia joan zaio pilatzen minutuak aurrera joan ahala: nekea. Gero, faktore erabakigarrietako bat izan da.


Bigarren zatia hasterako, Wilmotsek, Belgikako entrenatzaileak, aldagelan utzi du Chadli, eta Mertens txikia, abila eta bizkorra sartu du zelaian. Ez dio ezertarako balio izan. Lehengo lepotik burua Belgikak. Lehen zatiko arazo eta gabezia berak. Wilmotsek ikusi ditu estrategia horrekin jai zuela, eta beste baten aldeko apustua egin du. Fellaini zelaira, eta joko zuzenagoa eta azkarragoa egiteko aukera.


Hegaletatik baloiak area barrura sartzen hasi da, eta horrek Aljeriak nahasi egin du. Zalantzak defentsako lan zurrunean. Nekea ere bai. Eta Fellainik, buruz, berdinketa, De Bruyneren erdiraketa baliatuz. 70. minutua zen. Handik hamar minutura, Aljeriak akats larria egin du. Hasi da atzeko zulotik ateratzen, eta Feghoulik baloia galdu du leku txarrean. Kontraerasoa Belgikak, bikain landua, eta bukaera bikaina: gola Mertensek. Kito partida. Hortik aurrera ez da ezer gertatu. Gertatu beharreko guztiak aurretik gertatu dira: estrategiak eta baliabideak. Aberatsagoa izan da Belgika, eta horregatik irabazi dio Aljeriari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.