Bilera luze baten ondoren, ilusio handiz sortu da TKE Liga. Asko zegoen onartzeko eta erabakitzeko, baina gai zerrendako puntu guztiak onartu dituzte: bileraren akta, TKE Ligaren estatutuak eta 2003rako estropaden egutegia, nahiz eta oraindik behin betikoa ez izan. Ligaren Zuzendaritza Batzordea ere aukeratu dute. Hondarribiko Koldo Diaz izango da lehendakaria, Mecoseko Juan Ramon Outeda idazkaria, eta Urdaibaiko eta Astilleroko ordezkariak Zuzendaritza Batzordeko kide izango dira.
Hemezortzi estropada izango ditu TKE Ligak, eta talde bakoitzak estropada bat antolatu beharko du. Lehenengoa igandean jokatuko da, 12:00etan, Castro Urdialesen, baina ez da puntuagarria izango. Puntuak banatuko dituen lehenengo estropada Cabo Cruzen jokatuko da, uztailaren 12an. Irabazleak 12 puntu lortuko ditu, eta hurrengoek puntu bat gutxiago izango dute, hurrenez hurren. Azkenak puntu bakarra izango du. Azken estropada irailaren 27 eta 28an jokatuko da. Zortzi lehenengo sailkatuek Txapeldunen Estropada jokatuko dute. TKE Ligako azken bi sailkatuek eta Federazio Ligaren lehen biek, berriz, jaitsierako eta igoerako estropada jokatuko dute.
Hutsetik hasi
Astearte gauerdian amaitu zen parte-hartzaileek, Eusko Jaurlaritzako Kirol Zuzendariak eta Galiziako Kirol Zuzendariordeak egindako bilera. Bilera hartan Hondarribiko Koldo Diaz hautatu zuten TKE Ligako Zuzendari Batzordeko lehendakari. Lan asko egin behar izan zuten han bildutakoek, txapelketa guztia egituratu behar baitzuten.
Lehenengo eginbeharra elkartea sortzea izan zen. Koldo Diazen iritziz, «elkartea sortu eta estatutuak onartzea oso garrantzitsua izan zen». Behin hori lortu ondoren, «estropaden araudietan eta diziplina araudietan lan egin behar izan genuen», gaineratu zuen TKE Ligako lehendakariak.
Liga berriko araudiak ezartzeko orduan «Euskal Ligaren araudian» oinarritu direla esan zuen Koldo Diazek. Abiapuntu hori hartuta, «gure araudia egin dugu». Ez zen «arazorik falta izan, baina, azkenean, borondata onez dena konpondu da», gaineratu zuen lehendakariak. Koldo Diezek, halaber, Fideliza TKE Ligaren enpresa kudeatzaileak egindako lana goraipatu zuen.
Ligaren aurrekontua 900.000eurokoa da. Diru kopuru hori ikusita, batek baino gehiagok pentsatuko du piskanaka TKE Liga profesionalizatu egingo dela, baina hori gezurtatu egin nahi izan zuenlehendakariak: «Ez gara txapelketa profesional batez hitz egiten ari, baina hori bai, txapelketa honen gestioa profesionalagoa izatea nahi genuen. Horretarako, Zuzendaritza Batzordea eta horrelakoak profesionalagoak izatea nahi genuen, baina arraunean egun ez dago arraunlariak ordaintzeko dirurik».
Liga berriak protagonismo guztia bereganatu badu ere, Koldo Diazek ez du Federazio Liga ahaztu nahi. «Egun maila gorenean bagaude ere, ez dakigu zer gertatuko den etorkizunean. Izan ere, talde hauek bere harrobiak sortzen dituen arraunlariez gain, beste taldetako arraunlariak ere hartu beharko dituzte, eta azpian beste ligarik ez bagenu, guk ere zaila izango genuke aurrera egitea».
Arraun talde guztiek Kontxako estropada izaten dute bere jomugan. Kontxako estropadan parte hartu ahal izateko baldintza batzuk bete behar dira aldez aurretik. «Guk ditugun estropadak kontuan izanda, ezin izango ditugu baldintza hauek bete, beraz Kontxako antolatzaileekin adostasun batera heldu beharko dugu», adierazi du Koldo Diazek.
ARRAUNKETA
Estropadak 18 izango dira
Hamabi orduko bileraren ondoren, TKE Ligak bileraren akta, estatutuak eta egutegia onartu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu