Europako koparen atsedenaldiak bi astez geldituta izan eta gero, Baionak berriz Top14ari ekingo dio, Racing Metro liderraren etxean. Baiona Europako Challenge lehiaketan ari da, eta bi aste hauek Top14ko bolada txarra digeritzeko baliatu nahi izan ditu Christian Gajan baionarren kirol zuzendariak.
Challengeko bi partidak jokatuta, baina, balantze gazi-gozoa egin du taldeak. «Emaitzak denetarikoak izan dira. Ongi hasi ginen, Harlequinsi irabaziz [16-12], baina Irlandako porrotak [16-13 Connacht taldearen kontra] balantzea orekatu du», dio Julien Puricelli baionarren hirugarren lerroak. «Azkenean, partida hauek konfiantza zaintzeko balio izan digu, Top14an bolada txarrean baikinen».
Etxean Perpinyaren (25-26) eta Miarritzeren aurka (19-22) galdu eta gero, bolada txarrean sartu da Baiona. Europako Kopa ongi etorri zaio, burua oxigenatzeko eta beste txapelketa batean hutsetik hasteko. Top14a itzultzearekin batera, baina, oso mendi handia topatu du Baionak bere parean.
Racing, bigarren mailatik orain bi urte eskas igo arren, ez da edonor Top14an. Parisko La Defense negozio gunean dauka egoitza, eta haren auzoaren irudiko, dirua barra-barra darabil esku artean. Horrek oso kontuan hartzeko taldea egiteko ahala eman dio; Steyn, Chabal, Nallet, Hernandez eta Bobo izarrak ditu tartean, eta horiek denak, Pierre Berbizier Frantziako selekzioarekin Munduko Kopako finalerdietara iritsitako entrenatzailearen gidaritzapean.
Puntu premia handia
Entrenatzaile handia eta jokalari handiak. Normala Parisko taldearen arrakasta. Zorigaitzez, Baionak negar egiteko parada gutxi du, eta bolada txarra eteteko premia dauka. Sailkapen buruan egon ondotik, zortzigarren postuan daude lapurtarrak. «Ez gaude gure lekuan», dio, motz baina sendo, Arnaud Hegik.
Racing gorabehera, Baionak puntu premia du «burua berriz bere lekuan ezartzeko», Hegiren hitzetan. Arazoa, paristarren sendotasuna da. Iragan sasoian, nehork ez zuen lortu Colombes estadioan irabaztea. Sasoi honetan, bide beretik doa Berbizieren taldea. «Gisa guziz, astebururo aurkariak oso onak dira. Top14ko taldeak oso parekatuta daude, eta oso onak dira. Zelai guztietara emaitza ona lortzeko asmoz joan behar dugu», esan du Puricellik.
Hamabostekoan delarik Baionako kapitaina denak -egun Elhorga izanen da kapitaina- arrazoia dauka. Baina basurdea ehizatu aitzinetik untxiekin hasi behar izaten da. Berehalakoan Racingi irabaztea ezin izan daiteke helburua. «Ez dugu helburu matematikorik. Itxura ona eman nahi dugu, defentsan sendo izan, eta partida betea jokatu» zehaztu du Puricellik. Jauregi handienak harriz harri egiten direnez, baldintza horiek betez geroz, partidan sartua izanen da Baiona, eta, agian, emaitza on bat ateratzea pentsatzen ahalko du.
RACING-BAIONA
Racing. Brugnaut, Festuccia, Tuugahala; Dellape, Qovu; Leo'O, Chabal, Battut; Loree (kapitaina), Wisniewski; Saubade, Vulivuli, Chavancy, Bobo; Scarbrough.
Baiona. Iginiz, Roumieu, Avril; Linde, Flavell; Boutaty, Baget, Martin; Gartzia, Boyet; Huget, Lacroix, Mazars, Peyras; Elhorga (kapitaina).
Epailea. Jean Pierre Matheu.
Lekua. Parisko Du Manoir estadioa (13.000 ikusle).
Orena. 20:45 (C+ Sport).
Estu hartu nahi du liderra
Baionak zail izango du bolada txarra etetea, Parisen ariko baita, Racing Top14ko lehen sailkatuaren aurka
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu