Irabazi eta konbentzitu, fedea irabazi. Horixe Savoldellik atzo bere buruari begira lortu zuena. Romandiako Tourreko aitzin-etapan nagusitu ondoren, itzuli hori bukatu gabe erretiratu behar izan zuen, beherakoak jota. Analisi medikuak egin, eta birusen baten erruz gaixotu omen zen. Suitzatik Italiara bueltan, espero ez zuen etenen bat ere egin omen zuen, beherakoari eutsi ezinda.Osatu dela bistan da. Savoldellik azken astean aurkari izango dituenak eta aitzin-etapa irabazteko espezialistak menderatu zituen, aise gainera. Sailkapenak baieztatzen du hori. Savoldellik 11 segundo jan zizkion McGeeri,13 Jose Enrique Gutierrez eta Stefan Schumacherri, eta 15 erlojupeko motzetan hain trebea ez den Serhii Hontxar ukrainarrari.Savoldelliren denbora erreferentziatzat hartuko bagenu, beste faboritoek muturreko handi samarra hartu dutela esan genezake. Bassok, erlojupekoan oso iaioa izan arren, 22 segundo galdu zituen, tarte handi samarra. Bestelako hausnarketa egingo dute erlojupekoan irabazi ez, galtzeko gehiago duten txirrindulariak, Di Lucak, Cunegok eta Simonik. Di Lucak hiru segundo jan zizkion Bassori, sei Cunegori, eta bat gehiago, zazpi, Simoniri. Bassok igotzaileak urruntzen hasteko aukera ona galdu zuela izan daiteke ondorioetako bat.
Juanma Garate eta Patxi Vila, nahiko txukun
Sailkapen nagusian postu ona lortzeko helburua duten bi euskal txirrindulari, Juanma Garate eta Patxi Vila, nahiko txukun aritu ziren, eta beste biak, David Lopez eta Unai Osa, ez hainbeste. Garatek eta Vilak denbora berbera egin zuten, 8.26. Di Lucaren aldean 17 segundo galdu zituzten, eta 14 Bassoren aldean. Ez da emaitza txarra. David Lopez okerxeago aritu zen, 46 segundo galdu baitzituen garailearekiko. Unai Osak 55 segundo galdu zituen.
Mons eta Charleroi artekoa korrituko da gaur. 197 kilometro, eta zailtasunik ez ibilbidean. Giroko lehen esprinta ikusiko dugu gaur, ziurrenik. Alessandro Petacchiren Milram eta Robie McEwenen Davitamon taldeak ez daude aukerak pasatzen uzteko egoeran.
Sailkapenak
1.go ETAPA eta NAGUSIA
1. Paolo Savoldelli (DSC)- 7.50
2. Bradley McGee (FDJ)- 11ra
3. Jose E. Gutierrez (PHO)- 13ra
4. S. Schumacher (GST)- d. b.
5. Serhii Hontxar (TMO)- 15era
6. Francisco Perez (CEI)- 16ra
7. Jose Ivan Gutierrez (CEI)- d. b.
8. Michael Rogers (TMO)- 17ra
9. Davide Rebellin (GST)- 18ra
10. Danilo Di Luca (LIQ)- 19ra
11. Marzio Bruseghin (LAM)- 20era
12. Tom Danielson (DSC)- 21era
13. Ivan Basso (CSC)- 23ra
14. Jens Voigt (CSC)- 25era
15. Damiano Cunego (LAM)- d. b.
16. Gilberto Simoni (SDV)- 26ra
17. Marc Wauters (RAB)- 27ra
18. Carlos Sastre (CSC)- d. b.
19. Remmert Wielinga (QSI)- d. b.
20. Rik Verbrugghe (COF)- 28ra
33. Juanma Garate (QSI)- 36ra
34. Imanol Erbiti (CEI)- d. b.
37. Patxi Vila (LAM)- d. b.
54. Roberto Laiseka (EUS)- 42ra
69. David Lopez (EUS)- 46ra
103. Unai Osa (LSW)- 55era
114. Iñigo Chaurreau (A2R)- 58ra
151. Mikel Pradera (CEI)- 1.09ra
156. Iban Maioz (EUS)- 1.12ra
164. Antton Luengo (EUS)- 1.15era
171. Markel Irizar (EUS)- 1.16ra
177. Josean Garrido (QSI)- 1.20ra
187. Andoni Aranaga (EUS)- 1.27ra
194. K. F. de Larrea (EUS)- 1.44ra
196. Beñat Albizuri (EUS)- 1.50era
197. Iker Flores (EUS)- 1.52ra