REALA 1. BETIS 1

Eta bat-batean, argia itzali da

Realak etekin gutxi atera dio baloi jabetzari lehen orduan, eta kontrolatuta zeukan partida galtzeko zorian egon da bukaeranGolaren ostean etxekoak ezkutatu egin dira eta Betisek merezitako puntua lortu du

Imanol Agirretxe Realeko aurrelaria zerura begira atsekabe keinuarekin, atzoko Anoetako partidako lehen zatian jaurtiriko penaltia huts egin ondoren. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2012ko apirilaren 11
00:00
Entzun


Gola: 1-0: Velak (55. min.); 1-1: Castrok (69. min.); Epailea: Mateu Lahoz. Txartel horia Betiseko Cañasi, Castro eta Chicari. Bestelakoak: 21.000 ikusle Anoetan. Joseba Cabacasen aldeko oihuak entzun, eta pankartak ikusi ziren. Ikusleek, era berean, Montainierren dimisioa eskatu zuten partidaren bukaeran.

Realarekin asmatzea ez da erraza. Itzali eta pizten den argia da. Partida betetik bestera dotoreziatik anabasara pasatzeko kapaza da, eta are larriagoa da joera hori metamorfosia minutu kontua denean. Realzalea ere apetatsua da, krudela eta maitekorra kopuruberean. Rayoren aurka zoratzen bukatu zuten ikusleek atzo Phillipe Montanierren dimisioa aho batez eskatzen eskatu zuten. Eta ez ziren hiru edo lau. Arrazoitua zen eskaera, azken ordu erdia urduritzeko modukoa izan zelako, baina lekuz kanpo dagoena taldea oraindik jaitsiera postuetatik hamar puntura dagoenean. Zaragozak zer egiten duen begira jarraitu beharko dute, baina ondo bidean ez dute sufrituko.

Baltsa dantzatzen duen eta bere kirioetan urtuta jokatzen duen Realak bat egin zuten. Baltsa astiro, hein handi batean goiko hirukotearengatik. Velak bere etete klausularen inguruko eztabaida sakondu zuen partida bikain batekin, eta bide batez erdiko lerroaren jardun iluna estali zuen. Ilarramendik bereziki ez zuen bere eguna izan. Halere, baloia oinetan izan zuen Realak, eta jabetzaren eskutik partida irabazteko parada. Aukera gehiago eta hobeak izan zituen. Ez zuen erritmo frenetikorik ezarri, baina ezta behar ere. Baloia gozo mugitu eta area ertzeko faltak zein penaltiak eragitea nahikoa zen irabazteko. Montainierren pazientzia da.

Reala gehiago izan zen lehen zatian, halere aurreneko aukera Betisek izan zuen. Monterok zelai erdian Ansotegiri baloia kementsu lapurtu eta Castrori pase bikaina eman zion area barruan. Zubikaraik geldialdi bikaina egin zuen. Ondarroako atezainak beste mirari txiki bat egin zuen 91. minutuan, eta taldea salbatzeaz gain, exorzismo eraginkorra egin zien Mallorcako mamuei.

Lehen ordu laurdenaren ondoren Realak patxada eta pazientzia berreskuratu zituen. Baloia erreskatatu zuen. Erdiko lerroak ondo lapurtu zuen, eta aurrekoen esku utzi zuen arriskua. Lehen aukera ona Zurutuzak izan zuen (33. min), baina area barrutik jotako ezkerkada gutxigatik joan zen kanpora. Anoetan batek baino gehiago «gol» oihukatu zuen, ilusioa optikoa. Erritmo geldoan, baina kontrolpean zegoen partida. Lau minutu geroago epaileak ez zuen adierazi Betiseko Nachok eskuarekin eginiko penaltia, baina bai ondoren ateratako kornerrean Cañasek eginikoa. Mateu Lahozek ez du ospe onik Donostian, baina atzo etxekoen alde egin zuen, Betisek jasotako hainbat falta ez adieraziz.

Penaltia Agirretxek bota zuen (37. min). Oso gaizki. Keinua egin zuen, baloitik urrun. Atezainak ez zuen amua irentsi eta Fabriciok jaurtiketa motela gelditu zuen. Aukera ona kale egin arren joera ez zen aldatu, eta bigarren zatiaren hasieran ere Reala izan zen nagusi.Betisen erdiko lerroak jokatzen uzten zuen, eta Velak 55. minutuan lortu zuen ordura arte ondo merezitako fruitua. Ilarramendiren pase baten ondoren baloia zelai erdian hartu, aurrera egin, eta hegalera pasa zion Agirretxeri. Aurrelaria hondoko marraraino joan zen eta atzera bueltatu mexikarrari. Sareetara bidaltzeko garaian lasaia dela erakutsi zuen eta burua altxatuz Fabriciorengandik urrun jarri zuen baloia. Zailena egina zegoen, inork gutxik espero zezakeen iristear zegoena.

Betisen aldaketa onak

Golarekin gaua iritsi zen, eta Reala bere atean giltzapetu zen. Pepe Melek Beñat eta Pereira zelairatu eta partida irauli zuen. Irten berriek baloia hartu eta Realaren erdilariak zoratu zituzten, bereziki Ilarramendi. Gaztea ezinean aritu zen, baita Betisen golean ere (69. min). Monterok, partidako onenak, baloia bere zelaian hartu, eta area ertzeraino eraman zuen Realeko hiru jokalariri iskin eginez. Castrori goleko pase ona eman zioenean Ilarramendik bost segundo zeramatzan haren elastikotik tiraka. Etxekoak bigunegi aritu ziren.

Realak atzean sartuta bukatu zuen partida. Azken ordu erdia beldurrez jokatu zuen, jaitsiera postuak bi puntura balitu bezala. Betis hazi egin zen, etxekoen beldurrarrekin elikatuz, eta zaleak txistuka hasi ziren. Euren kutunak atepean sartuta ikustea ez zen gozoa. Kontraerasoan saiatu ziren baina anbizoa falta izan zitzaien. Partida bitxia izan zen, baita bukaera ere. Azken bi minutuetan talde bakoitzak gol aukera garbia izan baitzuen. Zubikaraik Santa Cruzen boleagelditu zuen, eta Ansotegiren burukadak, korner batean, zutoina jo zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.