Eta bide batez, bizi

Sebastian Loebek bederatzigarren aldiz jarraian irabazi du Munduko Rallly Txapelketa. Hurrengo urtean ez da titulurako lehian ariko, bospasei probatan hartuko baitu parte bakarrik, «gustuko» dituenetan.

Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2012ko urriaren 9a
00:00
Entzun
Txapeldun handi bat gutxiago, eta mito bat gehiago. Sebastian Loebek (Haguenau, Frantzia, 1974), inoizko rally gidaririk onenak ez da berriz ere bete-betean murgilduko Munduko Txapelketa irabazteko lehian. Herenegun bederatzigarren aldiz jarraian irabazi zuen, «azkena» haren hitzetan, aurrerantzean egutegia murriztuko duelako. Hurrengo urtean bospasei probatan parte hartuko du bakarrik, Monte-Carlon ziur, egutegiko lehena, eta «gustuko» dituenetan. Loebek 2014. urtea du begiz jota, Munduko Turismo Txapelketan parte hartzeko Citroen etxearekin.

Sasoi hasieran jakinarazi zuen Loebek erretiroa hartzeko gogoz zebilela, motibazioa jaisten denean zailagoa delako bihurgune bakoitzean bizitza arriskuan jartzea. Bizitza «lehenesten» zuela esan zuen. Zalantzan zegoen erabakia berretsiko zuen, duela bi urte ere antzeko adierazpenak egin baitzituen. Bigarrenean, ordea, bai, eta sasi-erretiroa hartuko du etxekoei merezi duten arreta eskaintzeko. Hurrengo sasoian oso proba gutxitan hartuko du parte Daniel Elola kopilotu fidelaren alboan.

Txapelketa bukatzeko bi proba falta diren arren, herenegun Frantziako Rallya irabazita lortu zuen azken titulua. Haren herrian bertan bukatu zen proba, eta etxe inguruko errepideetan ospatu zuen garaipena. Frantziako eta Nazioarteko Automobilismo Federazioak gorazarre egin nahi izan zion keinu horrekin, Loebek umezurtz utziko baitu Rally Txapelketa. Azken bederatzi txapelketak hark irabazi ditu, eta urrun utzi ditu Juha Kankkunen eta Tommi Maakinenen markak: biak ala biak lau aldiz izan ziren txapeldun. Era berean, kolpe handia da txapelketarentzat, gero eta talde gutxiagorekin Loeb zelako gelditzen zen izar bakarra. Hori da Loebek aurka dituen kritiko urriek egozten dioten puntu beltz bakarra, azken urteetan ez duela aurkari gogorregirik izan.

Loebek urtebeteko epea jarri dio bere buruari bizitzarekin gozatzeko, 38 urteak beteak izan arren erronkarik ez zaiolako falta. Citroen etxeak ez du baieztatu, baina 2014an Munduko Turismo Txapelketan parte hartu nahi du eta Frantziako zaleen kutuna nahi du bolantean. Loebek, berriz, zirkuitu txapelketa garrantzitsu batean probatzeko gutizia aseko luke.

Munduko Rally txapelduna1 Formulan sartzen saiatu zen, eta 2010ean Sebastien Bourdois erkidea ordezkatzeko zorian egon zen Toro Rosso taldean, baina esperientzia faltak eta superlizentzia ez izateak bidea itxi zioten. Iraupen luzeko probetan ere jardundakoa da, bi aldiz hartu baitu parte Le Manseko 24 orduetan. 2006an bigarren izan zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.