ATLETISMOA. 200 METROAK

Eta Boltek historia egin du

Lehen atleta da bi jokotan jarraian abiadurako bi proba nagusietan urrea lortzen duena. 19.32ko denbora eginda irabazi du 200 metrokoa. Blake eta Weir herrikideak helmugaratu dira jarraian.

2012ko abuztuaren 9a
10:02
Entzun

Denek espero zutena gertatu da: Usain Boltek (Jamaika) irabazi du 200 metrokoa eta, bide batez, bere izena urre kolorez idatzi du atletismoaren eta Olinpiar Jokoen historian. Inork inoiz lortu ez duena lortu du: bi jokotan jarraian 100 eta 200 metroko probak irabaztea. 19.32 segundotan egin du bidea.

Jamaikarrak izan dira nagusi proba honetan; Bolten jarraian, Yohan Blake izan da zilar, eta Warren Weir brontze,

25 urterekin mito bilakatu da Bolt; ohi duen eran, erraztasuna eta patxada iradokiz. Handitasunez. Kamarari agur lehenik, zerura keinu gero, eta tximista bezala hanpatu ditu metroak. Helmuga marra isiltzeko keinua eginez igaro du, olinpiar errekorra eskura zuela. Hiru ehunenengatik galdu du errekor hori, baina munduari erakutsi dio nahi duena egiteko gai dela. Hautsi izan balu, bereak zituzkeen 100 eta 200 metroko munduko eta olinpiar errekorrak.

Bosgarren olinpiar urrea du jamaikarrak, eta oraindik seigarren bat lor dezake Londresen, 4x100 metrokoan.

Fisiko itzela du: 1,96 metro garai eta 93 kilo. Maila guztietan munduko txapeldun izatea lortu duten historiako zazpi kirolarietako bat da, eta bere kirol bizitzan eman dituen pausoak pistan ematen dituen oinkaden adinakoak direla esan liteke.

Hori bai, lasterka segi nahi du, helmuga gurutzatzen duenean bezala.

Sailkapena

1. Usain Bolt (Jamaika). 19,32.
2. Yohan Blake (Jamaika). 19,44.
3. Warren Weir (Jamaika). 19,84.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.