Eta hegan egin?

Usain Boltek 2012ko Olinpiar Jokoen ondoren luzerako jauzia probatu nahi duela aurreratu du, eta denetariko iritziak eragin ditu. Ikerketa batek jauzilari ona litzakeela dio.

Imanol Magro Eizmendi.
2011ko abuztuaren 5a
00:00
Entzun
Eta zergatik ez hegan egin? Usain Boltek noizbait bere buruari egingo zion galdera da. Erronkazalea da jamaikarra, eta 100 eta 200 metroko munduko markak gutxi balira bezala, langa altuago jarri edo ez aztertzen ari da. Beste bi proba begiz jota dauzkala onartu du: 400 metroak eta luzerako jauzia. Azken aukera horrek zeresan handia eman du, eta aldeko eta aurkako iritziak agertu dira. Boltek, baina, gutxienez probatu nahi duela esan du. Hori bai, edozein saio 2012ko Olinpiar Jokoen ondoren egingo luke.

«Nire helburua Londresen 100, 200 eta 4x100 metroko urrezko dominak irabaztea da, eta gero gerokoak. Halere, erretiratu aurretik luzerako jauzian lehiatzen probatu nahiko nuke. Dena den, nire entrenatzailearekin hitz egin beharko nuke, agian 400 metroekin saiatzea hobe litzatekeelako». Usain Boltek harridura baino ez du sortu atletismo munduan sartu zenetik. 2009ko munduko txapelketetan munduko markak txikitu zituen, eta haren ahalaren mugak zeintzuk diren ikusteko dago. Atletismoko izarra da, eta zaleek haren jarduna mugara eramana ikusi nahi dute. 100 metroetan 9,50etik jaits daitekeela diote, baina beste bi erronka jarri dizkiote: 400 metroetan 43 segundotik jaistea, eta luzerako jauzian ezinezkoa dirudien 9 metroren marka hobetzea. Azken aukera horrek eragin du iritzi gehien.

Eztabaida urte hasieran piztu zen, hobeto esanda, Mike Powell luzerako jauziko munduko markaren jabeak (8,95 m) piztu zuen. «Boltek nire marka hobetu ahal izango luke, behar diren erreminta guztiak ditu; hori bai, 2012ko jokoen ondoren». Markaren jabeak esan zuenez, badaki jamaikarrak aukera hori aztertu duela, eta prestaketan lagundu nahiko lioke. «Entrenamendua, nahia eta ausardia behar du, hasten bada mundu guztiak marka hobetzea nahiko duelako. Luzerako jauzirako garaiera eta abiada behar dira, eta berak biak ditu». Halere, saiatzeak haren abiada jaisiko lukeela ohartarazi zion. «Jauziek motelago bihurtuko dute. Gogorra da, bizkarrak, orkatilek eta belaunek asko sufritzen dute».

Bolten adierazpenek Carl Lewis mitoa ekarri zien gogora atletismozaleei, hura 100 eta 200 metroko eta luzerako jauziko olinpiar txapelduna izan baitzen—1984an hirurak irabazi zituen, eta lau aldiz izan zenluzerako jauziko txapeldun—. Lewis, berriz, ez da Powell bezain baikorra. «Ni jauzilaria nintzen, eta errazagoa da jauzilaria korrikan hastea, esprinterra jauzi egiten baino. Erraza balitz, beste korrikalari batzuek ere egingo lukete jauzi». Urrezko bederatzi olinpiardominaren jabeak tartanean jarraitzea gomendatu dio. «Bolt 400 metroez ere mintzatu da, eta, nire iritziz, bilakaera naturalagoa litzateke. Saiatzen bada, zorte ona opa diot».

Ezaugarri bikainak

Boltek onartu du jauzilari ona dela, eta egin dituen probetan jauzi luzeak egin dituela, inoiz ez baditu neurtu ere. Izan ere, haren gorputza jauzilari peto batena da, hanka luzeak ditu, eta gihar indartsuak. Garaiera garrantzitsua da luzerako jauzian, eta berak 1,95 metro neurtzen du. Tyson Gay (1,83) edo Asafa Powell (1,88) bere aurkari zuzenak baino askoz garaiagoa da. Jauzilari historikoak baino luzegoa, halaber; Mike Powellek 1,88 metro zituen, eta Carl Lewisek, 1,91. Altuerari esker, pauso luzeagoak ematen ditu lasterka, ia 3 metrokoak, eta 41 pauso nahikoa ditu 100 metro egiteko; beste aurkariek 44 behar dituzte.

Peter Weyand Hegoaldeko Unibertsitate Metodistako (AEB) irakaslea da, eta urteak daramatza atletismoa aztertzen eta neurtzen. Fisiologia eta Biomekanika irakaslea da, eta Boltek korrika egiteko duen modua ikertu du aurten. Ondorio garbi bat atera du: jamaikarra bada atleta bizkorrena, ez da hankak bizkorrago mugitzen dituelako, indartsuago mugitzen dituelako baizik, eta pauso bakoitzarekin tarte handiagoa egiten duelako. «Edozein pertsonarekin alderatuta, hanka luzatu eta berriz ere biltzeko behar duen denboran ez dago alde handirik, airean egiten dugun denbora antzekoa da beti, horrek harritu gintuen», esan zuen Weyandek ikerketa aurkeztean.

Esprinterren aldea atleta arruntekiko bi aldagaitan ikusten da: pausoa emateko oinak lurra ukitzen duen denboran eta pausoaren luzeran. Korrikalariek, batez beste, 0,08 segundo pausatzen dute oina; gainontzeko atletek, 0,12 segundo. Antzeko tartea da; orduan, non dago aldea? Indar eta altueraren konbinazioan. Logikak dioenez, halaber, txikiagoa izanda errazagoa da gorputza bizkor mugitzea. Ikerlariaren eredua argigarria da: «Imajina dezakegu 1,60 metroko gimnasta bat jauzi hirukoitza egiten, baina 2 metroko bat?». Bada Boltek logika hori hausten du. «Ez da ohikoa, hain altua izanda, hala azeleratzea. Aldagaihoriek, logikoki, ez datoz bat. Gainera, duen pisuarekin (93 kilo) behin abiada hartuta ez du galtzen, inertziari esker».

Weyandek Carl Lewis ere aztertu zuen, eta Bolt osoagoa dela dio. «Boltek azelerazioa, abiada eta erresistentzia ditu, inoiz ikusi gabeko zerbait. Lewisek erresistentzia eta abiada zituen, baina ez azelerazioa». Luzerako jauzian abiada hartzeko 40 metro inguru daude, eta motzean Bolt Lewis baino bizkorragoa da. 100 metroko bere marka onena egin zuenean (9,58) 4,64 segundoan egin zituen lehen 40 metroak, Lewisek, berriz (9,86), 4,77an. Alegia, Bolt Lewis baino bizkorragoa, altuagoa eta pauso luzeagoak emateko gai bada, zergatik ezin du urrutirago jauzi egin? —Lewisen marka 9,77 m da—. Bederatzi metroren langa eskura du? Teknika ere oso kontuan hartzekoa da, etaBoltek jauzi egiten ikasi beharko luke. Eta errekorra ez bada, munduko txapeldun? Gaur egun lehiatzen diren jauzilarien artean markarik onena Irving Saladino panamarrak du (9,73 m). Galderen erantzuna, agian, 2013an.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.