Txirrindularitza. Espainiako Vuelta

Eta ia denak gustura

Sailkapen nagusia estu utzi du erlojupekoak: Rodriguezek eutsi dio lidergoari; Contador segundo bakar batera du, eta Froome, 15eraKessiakoffek irabazi du Vueltako erlojupeko bakarra, eta Antonek denbora asko galdu du

Eta ia denak gustura.
jon eskudero
2012ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Ez da erraza izaten kirolean alde guztiak gustura geratzea, baina Espainiako Vueltako atzoko erlojupekoak pozik utzi izango zituen txirrindulari gehientsuenak. Etapari berari erreparatuta, Fredrik Kessiakoffek (Astana) ezuste galanta eman zuen, eta podiumaren gorenean zeukan irribarrea ikustekoa zen. Hasieratik markatu zuen denborarik onena, eta hirugarren mailako mendateak eman zion garaipena. Izugarrizko abiaduran igo zuen, eta ez zuen kontrariorik eduki. 13,5. kilometroan ez zen agerian geratu haren lana, baina bai 23,5. kilometroan, eta, batez ere, amaieran. Sailkapen orokorrari dagokionez, berriz, Joaquim Rodriguez (Katuxa) ezin sinetsita egongo da oraindik maillot gorriarekin jarraituko duela. Ia miraria behar zuen lehen postuari eusteko, eta segundo bakar batengatik lortu zuen.

Hain zuzen ere, Alberto Contador (Saxo Bank) dago bigarren sailkapen nagusian, eta hainbeste denbora lehiatik at egon ondoren, gustura egongo da madrildarra atzo eginiko lanarekin. Pedal kolpe freskoarekin aritu zen, eta Vuelta irabazteko hautagai nagusia da. Alejandro Valverde ere (Movistar) ez dago kexatzeko moduan, hasiera pattalaren ondoren ez baitzuen denbora askorik galdu helmugan. Orain, laugarren dago, 58 segundora.

Akaso, Chistopher Froome (Sky) ez da egongo umoreko, hirugarren sailkatua. Gehiago espero zen harengandik, eta hasi ongi hasi zen erlojupekoan, baina nekeak eta batez ere hirugarren mailako mendatearen maldak segundo galera ekarri zioten. Ez dago Frantziako Tourrean bezain indartsu, baina soilik hamabost segundora dago sailkapenean, eta arriskutsua izango da mendiko etapetan. Beraz, gustura ez da egongo, baina oso triste ere ez.

Triste Igor Antonek (Euskaltel-Euskadi) egon behar luke. Denbora asko galdu zuen helmugan, eta orain hamaikagarren dago sailkapen nagusian, podiumerako batere aukerarik gabe. Helburuetatik urrun dabil bizkaitarra. Beñat Intxaustik (Movistar), berriz, lan ezin hobea egin zuen, bosgarren izan baitzen erlojupekoan.

Ziklista gehienak ez ezik, ikusleak ere gustura egoteko moduan dira, ikuskizun aparta ematen ari baita Vuelta. Bada, jarraipena gaur izango du, mendiko etapa jokatuko baita Vilagarcia de Arousa eta Dumbria artean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.