PATXI XABIER FDEZ. 'JABOTXA' Athleticeko prentsaburua
«Onerako eta txarrerako, ordutegirik ez daukagu guk»«Erabat lan desberdinak dira kazetariarena eta prentsaburuarena». Esaldi horrekin ekin dio azalpenari Patxi Xabier Fernandez Jabotxa-k (Bilbo, 1962). «Eta hori da lankide ohiek aurpegiratzen zidatena. Ez zuten ulertzen hainbeste urtean euren ondoan egon eta gero, nola jartzen nizkien arazoak elkarrizketaren bat lortzeko». Kazetari guztiekin «kode berberak erabiltzen» saiatu izan da beti. «Deontologia berbera erabiltzen». Baina galdera batekin argitu du tarteka sortzen den arazoa. «Bateragarriak al dira klub baten eta komunikabide baten interesak? Batzuetan, bai; baina beste batzuetan, inondik inora ere ez».
Kazetari lanetan ibilbide oparoa dauka Jabotxak. Ekonomia Zientziak ikasten hasi, eta kazetaritzan amaitu zuen. «Erreka irratian ekin nion lanari, Hemen eta Punto y Hora de Euskal Herria aldizkarietan aritu nintzen gero, Egin egunkariko Bilbo ezkerraldeko edizioan ere bai…». Egin-eko edizio lokaletako erredaktoreburu izendatu zuten ondoren, kirol sailera igaro zen gero. «Tourraren, futbolaren eta gainerakoen jarraipena egiten nuen». Eginkizun orokorretara ere pasa zuten jarraian, «erredaktoreburu lanetan». Eta 1994-1995 denboraldian hasi zen, kazetari gisa, Athleticen jarraipen zehatza egiten. «1998an Egin itxi zuten arte». Urte haietan hainbat kolaborazio egin zituen Euskaldunon Egunkaria-n, «Alaves eta Tau Baskoniarekin». 1999an Gara-n hasi zen lanean, «Athleticen jarraipena eginez». Eta 2001eko uztailean iritsi zen Athleticeko prentsaburu postura. «Javier Uria presidente zela. Ibilbide hori baliagarria izan zait oraingoari aurre egiteko, badakidalako zer-nolako kodeak erabiltzen diren kazetaritzan. Horrek asko laguntzen du».
Kazetarien eta kirolarien erdian egoten da beti prentsaburua, onerako eta txarrerako. «Baina nik beti esaten dut jokalari, entrenatzaile edo presidentearen laguna izatea dela prentsaburu batek egin dezakeen gauzarik txarrena. Nire ustez hobea da harreman profesional horiek mugatzea». Baina, noski, hainbeste urtean lankide berberekin egonda, ezinezkoa da laguntasunari muga zorrotzak jartzea. «Gurpegi edo Iraola, esaterako, aspalditik daude taldean, eta normala da eurekin harreman estuagoa sortzea. Lagun izatea kaltegarri izan daiteke, baina gutxieneko sintonia bat beharrezkoa da. Zaila da oreka hori aurkitzea».
Esperientziak aipatzen hasita, aurreko denboraldira jo du Jabotxak. «Eta ez kirol lorpenengatik bakarrik. Gizarte zuri-gorrian zirrara berezia sortu zuen taldeak, eta nik, Athleticeko bazkide izanik, oso modu harrigarrian bizi izan nuen guztia». Gogoan dauka 2009ko Espainiako Kopako finala ere. «Horrelakoetan konturatzen zara nolako elkartasun giroa sortzen den klub baten inguruan».
Hori bai, urteotan liskarren bat edo beste ere izan du kazetariren batekin, Lezaman. «Hor konturatu nintzen zein zaila den bereiztea noiz zaren Xabier Fernandez eta noiz klub bateko prentsaburua. Suhiltzaile batek norbait haizea hartzera bidaltzen badu, ez da ezer gertatzen, baina prentsaburuak bidaltzen badu, hor arazo handia sortzen da». Momentu txarrak ahaztuta, ordea, «jendea ezagutzea» sartu du esperientzia onenen saskian.
Prentsaburu lana «gogorra» dela azpimarratu du Athleticeko prentsaburuak. «Jendeak uste du Helsinkira oporretara joaten naizela ni, baina bi orduko atseden tartean argazkiak atera behar izaten dira, twitter-ean jarri, webgunea elikatu…». Langile gehienek asteburuetan edo zubietan jai izaten dutela gogoratu du. «Eta guk ez; onerako eta txarrerako, ordutegirik ez daukagu». Gogortasunaz jabetuta ere, bilbotarrak luzaroan segitzeko asmoa dauka prentsaburu lanetan. «Azkenean, sakon ez bada ere, leku eta jende asko ezagutu ahal izan dut lanari esker. Eta eskertzekoa da hori».
JESUS AIZKORBE Euskaltel-Euskadiko prentsaburua
«Esperientzietan dago lan honen alderik politena»«Bitartekari lana da gurea. Onerako eta txarrerako, erdi-erdian egoten gara beti». Horixe da Jesus Aizkorbe (Atarrabia, Nafarroa, 1977) Euskaltel-Euskadiko prentsaburuaren eguneroko sentimendua. «Ulertzen dut komunikabideek informazioa behar izatea, baina txirrindulariek lasaitasuna nahi izatea ere bai. Hala ere, kirolariak badaki soldataren barruan dagoela komunikabideekin harremana edukitzea». Opor garaian «malgutasunez» jokatzen dute taldean. «Baina lehiaketa garaian saiatzen gara bitartekari lan hori txukun egiten». Haserreak eta ezinegonak sortzen dituzte sarritan Aizkorberen erantzunek. «Baina, orokorrean, oso harreman ona edukitzen dugu komunikabide gehienekin». Txirrindularien jarrera ere goratu du nafarrak. «Oso hitzekoak dira; asko errazten dute lana».
Kazetaritza ikasketak egin zituen Aizkorbek, Leioan, EHUn, eta behin ikasketak amaituta Euskal Herriko Gidoigileen Elkartean hasi zen lanean, «bospasei urtez». Aspertuta ez, baina «aldaketa beharrean» sentitu zuen bere burua. «Eta master bat egin nuen. 2005ean, amaitzean, hainbat lekutara bidali nuen curriculuma, Euskadi Fundaziora tartean». Kasualitatez, kazetari bat behar zuten prentsa kudeatzeko, eta horrela iritsi zitzaidan aukera». Zortzi urte daramatza jada txirrindularien eta kazetarien arteko pareta-laguntza lan horretan.
Distantziak errespetatzen jakin behar dela azaldu arren, prentsaburuen eta kirolarien artean azkenerako harreman polita sortzen dela aitortu du nafarrak. «Nik badakit eurak profesionalak direla, eta eurek ere badakite ni halakoa naizela. Errespetua da oinarria». Baina lan harreman horrez gain, «harreman estuagoa» ere lortzen da batzuekin. «Gure kasuan, gehienekin». Kazetarien eta kirolarien lotura lana egiteaz gain, beste hamaika lan ere badauzka prentsaburuak: taldearen barruko arauak betetzen direla ziurtatzea, une jakin batzuetan kirolariari nondik nora ibili behar duen argitzea, babesa ematea...
«Esperientzietan dago lan honen alderik politena. Jendeak telebistan ikusten ditu txirrindulariak, eta nik bertatik bertara». Adibideetara jo du Aizkorbek. «Mikel Nievek Cotobellon irabazi zuen etapan, Igor Antonek Zoncolanen irabazi zuenean, Samuel Sanchez Luz Ardidenen nagusitu zenean... han nengoen ni; berotasunean bizi izan nituen sentimendu horiek, eta badakit inoiz ez ditudala ahaztuko». Onetik asko aipatu du. «Bidaiatzea, jendea ezagutzea, esperientziak bertatik bertara bizi izatea...». Kirol arloko ezbeharrak jarri ditu, berriz, txarrenen artean. «Erorketaren bat izaten denean, helburu bat lortzeko itxaropen handia eduki eta huts egiten denean... Gogorrak dira momentu horiek».
Prentsaburuek denbora asko pasatzen dute etxetik kanpo. «Euskal Herriko eta inguruko lasterketetara joaten naiz normalean, Burgosko Itzulira, esaterako. Eta gero baita Girora, Tourrera eta Vueltara ere. Egun asko dira etxetik kanpo., baina oso gustura ari naiz lan honetan, eta arazo txikiak ez dira arazo horrelakoetan». Azalpen zorrotza eman du: «Txirrindularitza asko gustatzen zait, baldintza onetan ari naiz lanean, eta pribilejioduna naizela sentitzen dut». Hiru asteko lasterketen aurreko prentsaurreko, elkarrizketa eta prestaketa guztia, atseden egunetakoa, etapaz etapako protagonistena, amaierako balorazioak... lana pilatu egiten da azkenerako. «Baina ez daukat kexatzeko arrazoirik. Egun asko direla etxetik kanpo? Bai. Lan gehien udan pilatzen dela? Baita ere. Baina egokitzea eta ondo antolatzea da kontua».
Bitxikeria hitza aipatuta, baten bat badauka Aizkorbek. «Cotobellokoa oso berezia izan zen niretzat. Oso Vuelta ona izaten ari zen; bi etapa garaipen, maillot gorria... Baina Peña Cabargara bidean erori egin zen Igor Anton, eta Lagosen amaitu zen hurrengo etapa. Anton lider zihoala helmugan ondoan edukitzen nituen hedabide guztiak, baina Lagosen ez zegoen inor. Buruari bueltaka hasi nintzen egun hartan». Txirrindularien erreakzioa ere gogoan dauka. «Gijonen geunden, eta arratsaldean elkartu, eta idatzi bat prestatu zuten, dena emango zutela zehaztuz». Hurrengo egunean Mikel Nievek irabazi zuen Cotobelloko etapa. «Barrutik bizi izan nuen hori guztia, eta ederra izan zen». Hori ere badauka prentsaburu lanak. «Garaipen hori ez zen egun horretan antolatu; aurreko egunean hasi zen gorputzen». Eta lekukoetako bat izan zen Aizkorbe.
NACHO GOIKOETXEA Baskonia eta Alaveseko komunikazio burua
«24 orduz sakelakoa piztuta edukitzera ohitzen zara»Berezia da Nacho Goikoetxearen (Iruñea, 1982) errealitatea, bi kirol klubetako komunikazio burua delako, Caja Laboral Baskoniakoa eta Alavesekoa. Asteka kontatzen ditu egunak. «Komunikazio arloko antolaketa egiten dugu aste hasieran, Alfonso Txurruka bi klubetako prentsaburuarekin, eta Interneteko kontuez arduratzen den komunikazio arloko teknikoarekin. Prentsaurrekoen prestaketak, elkarrizketak, marketin kontuak, presidentearen hitzorduak, entrenamenduak...». Argi dago, beraz, «komunikabideetatik haratago» doala Goikoetxearen lana. Ez dauzka alferrik bi ikasketa amaituta: «Publizitatea eta Harreman Publikoak egin nuen lehenengo, eta Kazetaritza gero».
Behin ikasketak amaituta, Gobernuz Kanpoko Erakundeen eta gizarte gaietako erakundeen komunikazio arloetan hasi zen lanean. «Kirolarekin zerikusirik ez zeukaten kontuak ziren haiek». Baina urte batzuk igarota, enpresetako komunikazio zuzendaritzarako master bat egin zuen. «Berritzeko beharra sentitu nuen». Baskoniarekin harremanetan jarri zen gero. «Komunikazio plan oso baten beharraz hitz egin nien». Balekoa izan zen plan hura.
Nafarrak argi dauzka kirolarien eta kazetarien arteko lehentasunak. «Klubarentzat lan egiten dugu guk. Dena den, egia da bikoiztasun hori badagoela; klubaren ustez, komunikabideen alde egiten dugu, eta kazetarien ustez, klubaren alde. Zentzuz jokatuta, oreka bilatzea da kontua». Baskoniako eta Alaveseko kirolariak «oso profesionalak» direla azpimarratu du Goikoetxeak. «Eta badakite kazetariekin egotea euren lanaren barruan dagoela. Garai batean jokalariren batekin izan zen arazoren bat edo beste kontu horrekin, baina orain oso argi daukate denek, badakitelako ona dela bai eurentzat eta baita klubarentzat ere».
Onetik eta txarretik, komunikazio buru postuak denetik daukala argitu du nafarrak. «24 orduz sakelakoa piztuta edukitzera ohitzen zara; bazkaltzen ari zarela edo gauean bat-batean dei bat jasotzera... Etengabe burua lanean edukitzea, hori da, agian, alderik gogorrena». Klub bakarra ez, bi daude Goikoetxearen ardurapean. «Oso dinamika ezberdina daukate, gainera. Bigarren B Mailakoa da Alaves, baina indar handia dauka hirian, eta lana pilatu egiten da beti. Baskonia, berriz, ACBko eta Euroligako taldea da».
Ingurukoek ere esango dute zerbait horrelakoetan, noski... «Zorionez, oso Baskonia zalea da neska-laguna, eta ezin naiz kexatu. Koloreak sentitzen ditu, eta horrela errazagoa da lanbide hau familiarekin uztartzea». «Emozioekin» lan egiten dutela, hori azpimarratu du Baskoniako eta Alaveseko komunikazio buruak. «Zaleek sentitu egiten dute kluba, eta bide horretan laguntzen ari zarela sentitzen duzu».
Zale gehienentzat luxua litzatekeena egunerokotasunean eskura edukitzeko aukera dauka Goikoetxeak. «Eta harrigarria da hori. Splitter, Scola edo Prigioni, adibidez, NBAn ari diren jokalariak, hona inguratzen direnean, kasu egitera etortzen dira tarteka; besarkada bat emateko aukera izaten dugu adibidez, eta zale gehienek orduak pasatuko lituzkete euren zain argazki bat ateratzeko. Guk euren telefonoak dauzkagu». Gogortasuna bai, baina alde gozo hori ere badauka komunikazio buru izateak. «Gorputzak ahal duen arte» jarraituko du Goikoetxeak lan honetan. «Lotu egiten zaitu lan honek, baina asko gustatu beharreko lanbidea da». Zaletasuna eta lanbidea, biak uztartzen ikasi du Goikoetxeak.