Abel Barriola oroitzapen txarren zuloan lurperatzen ari da eskuin belauneko lesioa. Epekako ahazte prozesu bat izaten ari da, eta partida bakoitzaren ondoren lur palakada bat botatzen du zorigaitzaren gainean. Lehenbizi, jokoa berreskuratzea zen helburua; gero, binaka puntara itzultzea, eta azken pausoa buruz ere aurreko mailara itzultzea da. Lau t'erdikoa ate-joka dagoela, atzo bere burua probatzeko aukera ona izan zuen Zallan, eta 22-21 irabazi zion Irujori, partida gogorra jokatuta -52 minutu eta 298 pilotakada-. Barriolak heldu den larunbatean jokatuko du Nitro torneoko finala, Bengoetxea VI.aren aurka.
Zallan, Barriola nola zegoen eta lau t'erdian itxura ona emateko moduan ote zegoen ikusi nahi zuten batez ere pilotazaleek. Eta bai, badago. Iaz ez zuen jokatu kaiolan, eta aurten behetik ekingo dio, bi edo hiru aste barru, eta, atzo ikusitakoaren arabera, bera izango da zozketan denek saihestu nahiko duten aurkaria. Duela hiru hilabete, pilotalekuetara itzuli berritan, 22-9 galdu zuen Irujoren aurka San Fermin torneoan. Hiru hilabete geroago, Iberokoari irabazi dio.
Lau t'erdiko bi txapeldun ohiek gaizki ekin zioten partidari, eta hasieran huts asko egin zituzten. Giharrak berotu ahala, baina, jokoak eta ikuskizunak gora egin zuten. Joko gutxi egon zen hasieran, baina oreka, soberan. Tanto alderik handiena Irujok lortu zuen (18-14), eta bukaera artekoak arazo handirik gabe egingo zituela zirudien. Barriola, baina, lanerako zegoen. Asteak daramatza entrenatzen, eta bukaeran prestaketa hobea nabaritu zitzaion (18-18).
Irujori ez zion mesederik egin herenegungo Zeanuriko partida goizaldeko ordu batean bukatu izanak. Nekea nabaritu zuen bukaeran; baina, hala ere, arriskatuz eskura izan zuen garaipena (21-19). Barriola freskoago zegoen, ordea, eta jarraian egin zituen azken hiru tantoak. Azkenekoa horma biko zehatz batekin. Nabarmentzekoa, era berean, leitzarrak zazpi tanto egin zituela saketik.
Nitro torneoko bigarren finalerdia ere bikaina izan zen, eta Bengoetxea VI.ak lan eskerga eginda irabazi zion Ruizi (22-20). 312 pilotakada jo zituzten, eta Ruizek uste baino itxura hobea eman zuen. Lizarrakoak eskura izan zuen partida (19-17), baina Bengoetxea VI.ak oso trebe aritu zen azken txanpan tantoa egiteko.
Eta kaiolarako ere bai
Barriolak 22-21 irabazi dio Martinez de Irujori, partida gogorra jokatuta, eta lau t'erdirako prest dagoela erakutsi du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu