Sailkapenak ez, pentsamoldeak bereizten ditu Getafe eta Reala. Madril hegoaldean Europako postuez hitz egiteko amorratzen daudenez, etxeko ibilia sendotzea dute obsesio, ez baitabiltza fin. Txuri-urdinei, berriz, beste kontu batek galarazten die loa. «Mailari eusteko adina puntu bildu arte, ezin gaitezke erabat lasai egon. Hiru neurketa latz jokatuko ditugu zortzi egunean; bi, etxetik kanpo», adierazi zuen Philippe Montanierrek atzo, atariko agerraldian. «Bidea luzea da oraindik, eta futbolean oso azkar alda daitezke joerak. Ez darabilgu buruan mailari eustea ez den beste ezer, eta, horretarako, ezinbesteko izango dugu Anoetatik kanpo puntuak eskuratzen hastea». Puntu bakarrak banantzen dituen arren, diferentzia nabarmenagoa da alde bateko eta besteko hizketaldietan.
Euren jokalekuan, Luis Garciaren jokalariek Atletico Madril, Bartzelona eta Granada menderatu zituzten segidan, orain arteko boladarik oparoenean. Azaroan izan zen hori, eta ordutik ez dute erakutsi horren portaera irmorik. Are gehiago, Coliseumetik urrun lortu dituzte azken hamar partidetan eskuratutako hiru garaipenak. Granada garaituz geroztik, Athletic, Espanyol, Real Madril eta Malaga hartu dituzte, eta laurek bildu dute punturen bat. Bosgarrena izateko asmoz zelairatuko da Reala. Joko eta emaitza bolada onean sartuta, entrenatzaile frantziarrak jokalariei eskatu die azal dezatela beste urrats bat egiteko grina. «Zaragozaren aurkako lehen zatiari Athleticen kontrako bigarrena gehitzea: horrek izan behar du helburua. Eraginkortasuna eta bizitasuna izango genituzke orduan90 minutuz; osoagoak ginateke. Horretan ahaleginduko gara».
Txuri-urdinei Mestallan egindakoa iruditzen zaie lanik beteena orain arteko bidean: defentsan eta erasoan orekatuta, zelaian ondo kokatuta, hauskorrak izan gabe eta ondo mugituz; azken batean, aurkariari erraztasunik eman gabe, lehiatuz. Galdu arren, Camp Noun eta San Mamesen lortu zuten —Granadan ez bezala—, neurri handi batean, parean zutena benetan estutzea. Jarrera horixe erakutsita, ziur zeresana emango duela Realak. Helburu horrekin zelairatuko da.
«Aldaketak egitearen aldekoa naiz, jokalariek freskotasunik gal ez dezaten, barruan duten guztia eman dezaten». Hori erantzun zuen Montanierrek galdetu ziotenean zer dela-eta utzi zuen Griezmann aulkian. Hortik ondoriozta liteke txandaketa batzuk egingo dituela ondorengo egunetan, multzoko gehienei aukera emango diela; esaterako, zelai erdiko ordezkariei. Itxuraz, Illarramendi-Aranburu-Zurutuza hirukoari eutsiko dio gaur, baina Elustondok eta Markelek ere jokatuko dute. Pardo zerrendatik kanpo geratu zen atzo.
Atzealdean, Vadim Demidov itzuliko dela ziurtzat jo liteke, Mikel Gonzalez zigortuta baitago. De la Bellak joan den asteburuan lana txukun bete arren, baliteke Cadamuro aritzea ezkerretik. Entrenatzaileak gustukoago du.
Hiru postutarako, lau aukera
Aurrean lau jokalari on dauzka hiru toki betetzeko. San Mamesen, Agirretxek ez zuen hasieratik jokatu. Zaragozaren aurka, berriz, Griezmannek. Guztien gainetik Carlos Vela ari denez, ez dirudi mexikarra kenduko duenik. Beharbada, Prieto izango da aulkian. Aurrelari peto-petorik gabe jokatzea litzateke beste aukera bat, Levante eta Athleticen aurka jokatu zuen moduan. Getafeko erdiko atzelarien dohainik garrantzitsuena abiadura ez denez, ezin da baztertu aukera hori. Entrenatzaileak Pardo, Llorente eta Mikel Gonzalez utzi zituen deialditik at. Ansotegi, Elustondo eta Cadamuro izan ziren berriak.
Garcia Plazarentzat, talde bizia da Reala, partidetatik joaten ez dena. Vela, Griezmann eta Prietoren jokoa du gustuko, eta etxekoak behetik gora indartsu datozela erakusteko partida bat izango omen da. Cata Diaz atzelaria falta du, eta Rafa Lopez ariko da haren ordez. Hogei jokalari sartu zituen deialdian, Casquerok, Valerak eta Barradak arazo ugari izan baitituzte aste guztian.
Eta kanpoan irabaziz gero?
Mailari eustea du obsesio Montanierrek, eta, hori lehenbailehen lortzeko, etxetik kanpo lortutako puntuek ere balio duteDemidov ariko da Mikel Gonzalezen ordez; Cadamuro eta Griezmann ere itzul litezke
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu