Christopher Froome (Sky). Eta zein da ba hori? Atzo arratsaldean batek baino gehiagok egingo zuen galdera hori, Espainiako Vueltako hamargarren etapa amaituta. Salamancako plaza nagusian Bradley Wigginsek (Sky) liderraren maillot gorria janzteko zain-zain zeuden den-denak. Baina Kenyan jaiotako 26 urteko britainiar ezezaguna agertu zen podiumean. Bi besoak gora, irribarrea aurpegian, eta maillot gorria soinean. Herenegun egin zuen aurkezpena, La Covatilla gogorrean gora. Wiggins taldeburuaren alde morroi lan bikaina egin zuen, eta haren gurpilari pega-pega eginda helmugaratzeko gai izan zen gero. Lanera joan zen Vueltara, eta lanean jarraituko du. Baina txirrindularitza munduan egin du aurkezpena. Jada inork ez du egingo atzoko galdera. Eta zein da hori? Espainiako Vueltako liderra da hori. Kenyan jaio, Hegoafrikan hazi eta Britainiako naziotasuna daukan txirrindularia da hori.
Erlojupekoan espezialistentzat gozatua, eta igotzaileentzat sufrikarioa. Azalpen hori ageri zen Salamancan hasi eta bukatu zen 47 kilometroko erlojupeko luzearen azpian. Baina bigarrenetik gehiago izan zuen lehenengotik baino. Izan ere, espezialisten artean bakarrak gozatu zuen. Nola gozatu, gainera. Tony Martinek (Highroad) saio ederra egin zuen. Hasi eta bukatu. Baina bereziki aparta, azken hamabost kilometroetan egin zuen lana izan zen. Indarrak ondo neurtuta, ia minutuaren aldea atera zien denei tarte horretan. 55.54. Fabian Cancellarak (Leopard-Trek) 1.27 minutu gehiago behar izan zuen lanak amaitzeko; Wigginsek berak 1.22 gehiago; Taylor Phinneyk (BMC) 1.33 gehiago; Janez Brajkovicek (RadioShack) 1.56 gehiago...
Aipagarria izan zen oso Cancellararen galera, etapa hasi aurretik bera zelako faborito argia. Asko eta asko iraileko Munduko Txapelketari begira ari dira lanean, eta horietako bi dira Martin eta Cancellara. Wiggins eta besteren bat tartean sartuta, eurak izango dira faborito argiak Danimarkan urrezko domina kolkoratzeko. Eta atzoko lana aztertuta, arduratzeko moduan da suitzarra.
Erlojupekoetan tropeleko txirrindularirik indartsuenak direnen denboretara gerturatu ezinik, ahal izan zutena egin zuten txirrindulari arin-arinek. Igotzaile petoek gorriak ikusten dituzte beti bakarkako lanean. Eta atzoko ordubeteko lana ez zen gozoa izan gehienentzat. Mikel Nieveren (Euskaltel-Euskadi) galera da horren erakusgarri. Igor Antonek (Euskaltel-Euskadi) huts eginda, leitzarra zen taldeburua. Baina Tony Martinekiko Nievek sei minutu galdu zituen. Are pattalago ibili zen Anton, 6.18ko galera pilatuta. Dani Martinek (Garmin-Cervelo), atzo arte sailkapen nagusian 12. postuan zegoen irlandarrak, 6.05 galdu zuen; Dani Morenok (Katuxa) 5.26; Joaquim Rodriguezek (Katuxa) 5.24; Michele Scarponik (Lampre) 4.30; Carlos Sastrek (Geox) 4.07; Nicolas Rochek (Ag2r) 3.44; Chris Sorensenek (Saxo Bank) 3.35...
Igotzaileentzat albiste ona
Handia da galera. Ikaragarria. Baina Vueltaren zatirik gogorrena falta da oraindik lehiatzeko, eta alde handi-handiak ateratzekoak ziren bi txirrindulari makal samar ibili ziren azkenean. Wiggins zen izarra. Wigginsek jarri behar zuen hankaz gora Vuelta. Baina britainiarra lehertuta geratu zen azken zatian. 33. kilometroan Tony Martinekiko 19 segundora zihoan Skyko taldeburua, baina helmugan 1.22 galdu zuen; hamalau kilometroko tartean, 1.03 minutuko galera pilatu zuen. Froomek berak 33 segundo jan zizkion taldeburuari azken kilometro horietan; Phinneyk 48 —aurreko 33 kilometroetan ia minutuaren aldea atera zion britainiarrak—; Jakob Fuglsangek (Leopard-Trek) hamar; Vincenzo Nibalik (Liquigas) bederatzi... Azken zatiko ezinak oreka ikusgarria sortu du sailkapen nagusian.
Eta Wiggins baino are makalago, bere maila eman ezinik ibili zen Denis Mentxov (Geox). Denborak aztertuta, hainbestean ibili zela esan daiteke. Baina Geoxekoak atzo zeukan aukera Vueltari kolpea emateko. Lehen erreferentzian, 13,3. kilometroan, zortzigarren denborarik onenarekin zihoan errusiarra, Wigginsengandik 29 segundora —britainiarrak segundo baten aldea atera zion lehen erreferentzia horretan Tony Martini—. Bigarren erreferentzian, 30. kilometroan, 13. denborarik onena lortu zuen Geoxeko taldeburuak, Martinekiko 1.22ra. Eta postu berean amaitu zuen etapa, Martinekiko 2.19ra. Gehiegizko galera pilatu zuen errusiarrak. Sailkapen nagusian ere 13. postuan dago orain Mentxov, 2.35era.
Haimar Zubeldia 10. postuan
Sailkapen nagusiko denborak zehatz-mehatz aztertzeko egoki-egokia izango da gaurko atseden eguna. Eta denborak aztertzen hasita erraz antzeman daiteke podiumera gerturatzeko aukera aparta daukala Haimar Zubeldiak (RadioShack). Martinekiko usurbildarrak 3.33 minutu galdu zituen atzo, eta 10. postuan dago orain nagusian, Froomekiko 2.13ra. Gorputza ondo finduta dauka usurbildarrak, eta geratzen den ibilbidea egokia da beretzat.
Hori bai, faboritoez hizketan hasita, Nibali igo beharra dago goiko muturrera. Atzo lan txukuna eginda, Froomekiko 31 segundora dago sailkapen nagusian, eta, iaz bezala, erregulartasun handia erakusten ari da aurten ere. Taldeak hainbestean lagunduz gero, garaipenetik gertu ibili beharko luke italiarrak.
Txirrindularitza. Espainiako Vuelta
Eta zein da ba hori?
Christopher Froome orain 26 urte Kenyan jaiotako britainiarra jarri da lider Espainiako Vueltan, erlojupeko zoragarria egindaTony Martinek erakustaldi handia eman du, Fabian Cancellarari 1.27 minutu aterata
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu