Eta zergatik ez biak ordu berean?

Titinek eta Barriolak nahiago lukete ligaxkako azken jardunaldiko bi partidak aldi berean jokatuko balira, baina ez dute egungo diseinua begi txarrez ikusten.

Imanol Magro Eizmendi.
Iruñea
2010eko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Futbolean, saskibaloian... liga bidezko egituradun tradizio handiko kiroletan ohikoa da azken jardunaldietako partida erabakigarriak egun eta ordu berean jokatzea, emaitzek lehiaketa baldintza ez dezaten. Pilotan gero eta ohikoagoak dira ligaxkak, baina ez dira jardunaldi sinkronizatuak antolatzen. Pilotariek, baina, begin onez hartuko lituzkete; bai, behintzat, Titinek eta Barriolak. Egia da ere biak ligaxken alde garratza ezagutu dutela, bi garaipenekin finaletik kanpo gelditzea zer den baitakite.

Bi pilotariek antzeko iritzia dute: nahiago lukete Irujo eta Gonzalezekin batera jokatzea, baina onartzen dute ez dutela polemikarako gairik ikusten, «ezinezkoa» delako. Titinek beste aldagaien garrantzia nabarmendu du. «Ideala bi partidak batera jokatzea litzateke, baina ez dut arazorik egun bat lehenago edo geroago jokatzeagatik. Gainera, beste aldagai batzuk ere badaude, telebistak, apustuak... ezinezkoa da». Errioxarrak, baina, onartzen du berritzailea litzatekeela. «Berritasuna litzateke, baina tira, beste kirol batzuetan azken jardunaldietara arte ez dira partidak bateratzen, eta baliteke bukaerarako lau jardunaldiren faltan gehiago izatea jokoan. Lau t'erdiak ondo funtzionatzen du eta ez dut uste ezer aldatu beharko litzatekeenik».

Barriolari bi aldiz pasa zaio bi garaipenekin finaletik kanpo gelditzea, eta larunbateko aurkariarekin bat dator. «Ideala litzateke bi partidak batera jokatzea, baina badakigu ezinezkoa dela, eta hala onartzen dugu pilotariok. Ez da ezer pasatzen». Pilotari eta pilotari ohien iritzi guztiak antzekoak dira, eta Juan Mari Juaristi pilota hautatzailea da azalpen gehienei ñabardura garrantzitsua gehitu diona. «Eta zaleek? Eurek egungo eredua nahiagoko dute, horrela bi partidak ikus ditzaketelako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.