Garaipenak alde handiz lortzen dira batzuetan. Beste batzuetan, ordea, ospatzeko ia betarik ere ez da izaten. Hala gertatu zaio gaur Magnus Corti (Education First), Espainiako Vueltako 6. etapan. Danimarkarrak azkenera arte estutu behar izan du eguneko ihesaldia biribiltzeko, gain-gainean izan baitu Primoz Roglic (Jumbo Visma). Esloveniarrak erritmo aldaketa bizia egin du Cullerako gaineko azken metroetan, baina ez zaio aski izan Cort harrapatzeko. Ahalegina, nolanahi ere, ez da hutsala izan, aldea atera dielako beste hautagaiei, eta elastiko gorria bereganatu duelako berriro. Liderraren jantziak egun bakarra iraun du Kenny Elissonderen (Trek) soinean.
Bi kilometro eskas zen amaierako koska, baina %9,4koa zuen batez besteko pendiza. Min egin zitekeen, eta, asmo horrekin, azpi-azpitik erritmo bortitza ipini du Ineosek. Berehala erasoka hasi dira faboritoak, baina soilik Roglicek lortu du alde egitea, bukaerako estutuarekin. Esloveniarrak lau segundo atera dizkio Aleksandr Vlasovi (Astana) eta Enric Masi (Movistar); zortzi Egan Bernali (Ineos) eta Alejandro Valverderi (Movistar); eta 25 Adam Yatesi (Ineos). Mikel Landak (Bahrain), berriz, 27 segundoko galera izan du. Sailkapen nagusian 1.12 ateratzen dio jada Roglicek, gaurko gainsariak tarteko. Liderrak Mas du atzetik, 25 segundora, eta Lopez dago hirugarren, 36ra.
Hautagaien artean, Hugh Carthy (Education First) izan da galtzaile nagusia. Iazko hirugarren sailkatuak latz sufritu du igoerara heldu aurretik, haize babesak eragiteko izan den saiakeretako batean, eta tropelera itzultzea lortu zuen arren, 2.50eko atzerapena izan du bukaeran. Bere txarrean, haren taldekide Cortek irabazi du etapa. Danimarkarrak laugarren garaipena du Vueltan, baina gaurkoa ez du esprintean lortu, ihesean eta maldan gora baizik. Joan Bou (Euskaltel-Euskadi), Bert-Jan Lindeman (Qhubeka), Ryan Gibbons (UAE) eta Jetse Bolekin (Burgos BH) batera egin du alde tropeletik, eta boskotea 20 segundo eskasen aldearekin iritsi da amaierako igoerara.
Apurka amore eman dute denek, Cortek izan ezik. Michael Matthews (BIke Exchange) etsi-etsian saiatu da danimarkarra harrapatzen, baina alferrik izan da. Askoz ere gertuago egon da Roglic. Azken metroetan ihesaldia zapuztear izan da, aurtengo Paris-Nizan Gino Maederrekin egin bezala. Alabaina, egun osoan zehar egindako lanak saria izan du gaur. Ondo merezita lortu du Cortek.
Mendiko lehen etapa jokatuko da bihar, Gandia eta Balconada d’Alacant artean. Lehen mailako mendatea da hori –8,4 kilometro eta %6,2ko pendiza–, eta, hara iritsi aurretik, beste bost igoera gainditu beharko dituzte: lehen mailako bat, bigarren mailako bi eta hirugarren mailako beste bi. Oilarren artean jokatuko da etapa, betiere tropelak ihesaldia gaur baino hobeto kontrolatzen badu.