Kataluniako Volta hankaz gora jarri du Daniel Martinek (Garmin). Itzuliko etapa nagusian ihesaldian sartu da, 40. kilometroan, eta erakustaldi handia eman du gero, Port Aine maila bereziko mendatean gora. 25 txirrindulari sartu dira ihesaldi horretan, Mikel Astarloza (Euskaltel) tartean. Ryder Hesjedalen (Garmin) lan onaren eraginez, tantaka-tantaka murriztuz joan da aurreko tropeltxoa. Nicolas Roche (Saxo) saiatu da lehenengo aurrean erasoan, Port de Canto maila bereziko mendatearen azken metroetan, eta Martin gero, helmugara iristeko 15 kilometro eskas falta zirela. Zazpi bat kilometro falta zirela geratu da bakarrik irlandarra, eta dotore eutsi dio aldeari.
Atzean Sky aritu da lanean etapa gehienean, eta azken igoeran erasora jo dute Robert Gesinkek (Blanco) eta Jurgen Van den Broeckek (Lotto). Hiru kilometro falta zirela Nairo Quintanak (Movistar) ere jo du erasoa tropelean, baina kolonbiarra ere ez da gai izan Martin harrapatzeko. Garminekoak 36 segundo atera dizkie Joaquim Rodriguezi (Katuxa) eta Quintanari, eta hamar segundoko aldea dauka orain sailkapen nagusian. Rodriguez dago bigarren, eta Quintana hirugarren, 32 segundoa. Atzo arteko liderra, Alejandro Valverde (Movistar), erori egin da 119. kilometroan, eta erretiratu egin behar izan du espainiarrak. Mikel Nieve (Euskaltel) da lehen euskalduna sailkapen nagusian, Daniel Martinengandik 2.19 minutura.