ETBk esku pilota profesionalaren eskaintza zabaldu du. Aurrerantzean, ostiraletan eta igandeetan ez ezik, larunbat arratsaldeetan ere eskainiko ditu pilota jaialdiak. EiTBk hiru urterako akordioa sinatu du Bainet enpresarekin gaur, Bilbon. Maite Iturbe EiTBko zuzendari nagusiak eta Iñaki Burutxaga Baineteko zuzendariak sinatu dute hitzarmena.
Datozen hiru urteetan, EiTBk pilota txapelketa eta jaialdi nagusiak eskaintzen jarraituko du. Urtero 150 jaialdi eskainiko ditu, baita Asegarce eta Aspe enpresek antolatuko dituzten beste jaialdi berezi batzuk ere.
Sinatutako akordioaren arabera, txapelketetako kanporaketa eta final guztiak ETB1, ETB Sat, ETB HD, Canal Vasco eta Eitb.eus webgunean eman ahal izango dituzte. Buruz buruko txapelketa, binakako txapelketa, lau t'erdikoa eta udan antolatzen diren jaialdi nagusiak izango dira ikusgai: San Fermin txapelketa, Andre Mari Zuriaren txapelketa, Donostiako Aste Nagusiko jaialdia, Bilboko Aste Nagusia saria, Lekeitio Hiria eta Logroñoko sanmateoetako jaialdiak, besteak beste.
Orain arte bezala, Xabier Euzkitzek eta Josean Tolosak egingo dute ostiral gau eta igande arratsaldeetako kontakizuna. Larunbatetan, berriz, Josetxo Lizartzaren eta Jokin Errastiren ardura izango da. Elena Azpeitia eta Ibon Gaztañazpi elkarrizketa eta informazio osagarrien bila arituko dira.
ETB1en emanaldiak ostiral gauetan eta larunbat eta igande arratsaldeetan egingo dira, uda parteko jaialdietan salbu; horiek aste barruan ere emango dituzte, beharren arabera.
Nafar Telebistan, euskaraz
Nafarroan laster Nafar Telebistak euskaraz emango ditu pilota partidak. Akordioa sinatzea baino ez dute falta, baina telebistako arduradunek BERRIAri iragarri diotenez, Nafar Telebistak astebururo hiru pilota jaialdi eskainiko ditu.
Igande honetan, buruz buruko txapelketako finala ETB1ek eta Nafar Telebistak emango dute zuzenean.