Futbola-Lehen Maila

Eten bako gainbehera

Athleticek azken partidetan baino itxura hobea eman du Vila-realen zelaian, baina ez du batere indarrik izan aurkaria estu hartzeko.

Uche, Jaume Costa eta Txerixev, Athletici sartutako lehen gola ospatzen. DOMENECH CASTILLO / EFE
haritz gallastegi
2015eko urtarrilaren 17a
23:11
Entzun

Lehen itzuli txarra egin du Athleticek. Ezinaren isla izan da talde zuri-gorria. Ez da gai izan gorengo mailan lehiakor izan eta puntuak pilatzeko gutxieneko maila eskaintzeko. Eta hasiera batean neke kontua zena edota eguneroko entrenamenduari esker zuzendu zitezkeen akatsak jokalarien burura pasa dira. Egun, konfiantza eza da Ernesto Valverdek zuzentzen duen taldearen gabezia nagusia. Eta beldur eta kezka horien ondorioa sailkapenak erakusten du: hemeretzi puntu beste horrenbeste partidatan.
Zuri-gorrien gaitzen konponbidea aurkitzea lan nekeza da egun. Eta Madrigal ez da inola ere dinamika okerrari buelta emateko zelairik egokiena. Athleticek beti izan ditu zailtasunak bertan, eta egun oso zaila da Marcelinoren taldeari aurre egitea. Azken hamabost partidetan ez du galdu. Eta jakina da konfiantzaz gainezka dauden taldeei gutxi kostatzen zaiela helburuak lortzea. Etxeko taldeak ez du bere onena erakutsi beharrik izan garaipena eskuratzeko. Eta, gainera, ez da izan merezi gabeko saria.
Halaber, ezin, bada, Athletic negargarri aritu denik esan, lehoiek azken partidetan baino gehiago eskaini baitute. Lehen minututik, gainera. Gogotsu zelairatu da talde bizkaitarra. Lehen ordu laurdenean Valverderen jokalariena izan da jokoaren ekimena eta Adurizek aukera ona izan du area txikian jokalariz inguratuta egin duen erremate batean. Asenjok ez dio utzi bere helburua lortzen. Dena dela, Vila-realek ez zdu asko behar izan Iraizozen atera gerturatzeko. Zuri-gorrien banakako akatsak baliatzearekin nahikoa izan du. Laporte bigun aritu delako lehenengo eta Unai Lopezek pasean behar baino arrisku gehiago hartzearren gero, bi aukera on izan ditu Viettok. Argentinarra ez da fin aritu.
Lehen zatia amaitu aurretik Unai Lopezek izan du abagune ona. De Marcosek eta Susaetak eskuin hegaletik egindako jokaldia buruz errematatu du, indar gabe. Athleticen jokaldirik onena izan da. Handik minutu bira ailegatu da erantzuna. Ona oso Txerixeven gola. Pase luze bat kontrolatu, Iraizozi iskin egin eta barrura.
Bigarren zatian Vila-realak sortu ditu aukerarik onenak. Ucheri baliogabe utzi diote gola. Horrez gain, beste bi baloi jaurti ditu zutoinera Vila-realek. Biak Athleticek botata. Tartean, aukera ona izan du Williamsek, baina Asenjok gelditu du jaurtiketa. Eta zortzi minuturen faltan De Marcosek area barruan eskuaz baloia jo eta penaltia adierazi du epaileak. Brunok gola. Ez da gehiagorako astirik izan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.