Halako batean. Azkenean. Eibarrek eten du emaitza txarren jarioa, Granadan puntua atera baitu bart gauean. Bigarren itzulian atera duen aurreneko puntua da; bederatzigarren partidan lortu du ez galtzea Eibarrek, eta aurkari zuzenek galdu egin zutenez atzo, puntu bat urrutiago du jaitsiera.
Lehen zatian, Eibarrek kontrolpean izan zuen partida ia beti. Presioa goian egin zion ia beti, eta egoera horietan desereso egon zen Granada. Luze jokatu behar izan zuen, eta hor ez zuen arazorik izan Eibarrek.
Eibar defentsako lanean eroso egotea ez da harritzekoa. Egoera guztiak ondo menderatzen ditu. Granadak atzetik baloia jokatuta ateratzeko aukera izan zuenean ere, Eibar metro batzuk atzerago jarri zelako defentsako lanean, arazo handirik ez zuen izan Gaizka Garitanoren taldeak.
Bi jokaldi isolatutan soilik sortu zion arriskua etxeko taldeak aurreneko zatian. Hemezortzigarren minutuan, Colungak bakarrik jaso zuen baloia area handiaren barruan, eta bere jaurtiketa Jaimek urrundu zuen. Handik sei minutura, Pitik jaurti zuen area ertzetik kanpora. Granadak ezer egin gabe bi jokaldi horiek sortzeak esan nahi zuen kalitate tekniko oneko jokalariak dauzkala aurrealdean, eta gutxi behar izaten dutela arriskua sortzeko.
Erasoan, Eibarrek ez zuen ezer egin lehen zatian. Aurreneko minutuetan baloiarekin hobeto moldatu zen gero baino, eta gabezia horrek konpondu gabe segitu zuen aurreneko zati horretan. Zorte txarrak ere Eibarren jarraitzen duela agerian geratu zen, Raul Navasek zelaia utzi behar izan zuelako 29. minutuan, giharretako arazo bategatik.
Bigarren zatian, aukerak
Beste bizitasun bat izan zuen bigarren zatiak une batzuetan. Eibarrek aukera garbia izan zuen laugarren minutuan: Manuren erdiraketa Oierrek kornerrera urrundu zuen. Hurrengo jokaldian, Granadak izan zuen gola gertu, baina Cordobaren jaurtiketa gutxigatik joan zen kanpora. Hamalaugarren minutuan, Bovedaren burukada urrundu zuen Oierrek, alboko falta batean. Bovedak berak buruz kanpora bota zuen baloia, kontraeraso batean.
Erasoko alor horretan, gero eta zulo gehiago izan zituen Eibarrek une batean, baina segituan hartu zuen baloiaren jabetza Granadak, lehen baino eraginkorrago, eta gainera, presioa onda eginez goian, arazoak jarri zizkion Eibarri atzetik ateratzeko. Etxekoen aldeko itxura hartzen hasi zen partida, baina ez zen goletan gauzatu. Puntuarekin dator Eibar, eta sekulako balioa dauka.