Koronabirusak eragindako etenaldiaren osteko lehen garaipena lortu du Athleticek, gaur, San Mamesen, Betisen aurka. Lehen bi jardunaldietan puntuak banaka bildu ondoren, hirugarren ahaleginean lortu dute zuri-gorriek kolpe batez hiruak lortzea. Garaipenari esker, Gaizka Garitanok entrenatutako taldeak Europarako sailkatzeko lehian jarraituko du. Egun, bost puntura du Vila-real, zazpigarren sailkatua.
Iñigo Martinezek sartu du neurketako gol bakarra, partida hasi eta berehala, seigarren minutuan. Erdiko atzelariak orpoz errematatu du Iñigo Cordobak egindako erdiraketa. Hain zuzen, Iñigo Martinezek elastiko zuri-gorriarekin sartutako aurreneko gola da. Raul Garciak eskura izan du 60. minutuan partida erabakita uztea, baina bere burukada langara joan da.
Zuri-gorriak nagusi izan dira norgehiagoka ia osoan, baina Betisek oso estu du azken minutuetan, eta susto bat ematekotan izan da. 83. minutuan, VARak ebatzi du Iñigo Martinezek eskuarekin jo duela baloia area barruan, baina Canalesek gora bota du baloia penaltian. Handik gutxira, Unai Simonek geldiketa bikaina egin dio Nabil Fekirrek jaurtitako faltari. Baina etxekoek ere izan dute aukera garbi bat amaieran, baina Asier Villalibrek orpoz egindako errematea langara joan da.