Futbola

Etor dadila Marijaia! (4-0)

Athleticek partida ikusgarria egin, eta esku-eskura du Espainiako Superkopa. Aritz Adurizek hiru gol sartu ditu.

Athleticeko jokalariak elkar besarkatuta, gol bat ospatzen. L. J./ ARP
Imanol Magro Eizmendi.
2015eko abuztuaren 15a
11:56
Entzun

Golak. 1-0: San Josek (13. min); 2-0: Adurizek (53. min); 3-0: Adurizek (63. min); 4-0: Adurizek (68. min, pen.).

Epailea. Gonzalez Gonzalez. Txartel horiak Athleticeko Eraso, Gurpegi, Susaeta, San Jose eta Beñati; eta Bartzelonako Pedro, Iniesta eta Mascheranori.

Bestelakoak. 45.000 ikusle inguru San Mamesen, ia goraino bete zen.

«Egia izan al da?» esan zion San Mameseko eliztiarrak alboan zuen lagunari. Epaileak partida amaiera adierazi berritan egin zion galdera, eta hark, hunkituta, baietz esan zion. Mozkorraren ausardiarekin esan zion baietz, futbol eta zirrarekin hordituta. Marcelo Bielsa zegoeneko partida handietako izpirituak Athletic irentsi du bart, eta zirimola bilakatu du. Orain, Athleticek titulu bat eskura du, eta, kolpetik, etziko itzuliko partida garrantzitsu bilakatu da. Espainiako Superkopa titulu txikia da, ez da inor engainatu behar, baina Bartzelonaren aurka irabaztea, are gehiago atzokoa bezalako partida baten ondoren, ospatzeko modukoa da. Eta, beste ezeren gainetik, motibazio bultzada handia da.

Espainiako Superkopa etxeko sarreran jarritako lorontzi handi bat bezalakoa da sailkapeneko erdi aldeko taldeentzat. Ederra izan daiteke, baina pisu arrunta baduzu traba egiten du. «Athleticen lehentasuna Zilinaren aurkako Europako Ligako atarikoa izan behar du». Diskurtso konformista hori oso zabaldua zegoen Bilbon. Iraganeko aditza erabili behar da baina, jada ez duelako traba egiten. Izan ere atzokoa festa handia izan zen, Aste Nagusia aurreratu egin zen. Marijaia bakarrik falta zen San Mamesen.

Athleticek lehen zati handia egin zuen. Ernesto Valverdek presio zorrotza agindu zuen eta eta horzkadek hamar minutu behar izaten min egiten hasteko. Bartzelonak ezohiko zelai erdiko lerroa atera, eta gerra taktikoa galdu zuen. San Josek eta Beñatek hauspotuta, Erasok, Susaetak eta Merinok ez zioten Bartzelonari pentsatzen utzi eta iparra galdu zuen. Erdilari hirukoteak ahalegin fisiko erraldoia egin zuen.

Valverderen planari gauza bakarra falta zitzaion: gola, eta San Josek ondo baliatu zuen Ter Stegenen oparia (13. min). Atezainak area ertzean buruz urrundu zuen Iraizozen ateko sake luzea, eta baloia zelai erdira erori zen. Stegen trebea da, baina garesti ordaindu zuen arinkeria. Izan ere, San Josek baloia ondo kontrolatu eta atera zuzenean bota zuen. Eskoadratik sartu zuen, gol bikaina.

Athleticen sareak Bartzelona estutu zuen lehen zatian, ez ordea bigarrenaren hasieran. Izan ere Bartzelonak bi gol aukera oso garbi izan zituen bost minutuan. Aurrenekoan Pedrok langara bidali zuen baloia eta bigarrenean Iraizozek erreflexu erakustaldia egin zuen. Taldea okerren zegoenean agertu zen Sabin Merino eskuin hegaletik jokaldi bikaina egiteko. Alves atzean utzi eta erdiraketa bikaina egin zuen Adurizek, buruz area erdian, jauzi bikain bati esker gola sartzeko. San Mamesek zutik agurtu zuen Merino.

Estasia etorri zen gero, Adurizen beste bi golekin. Aurrenekoa Bartzelonaren atzeko lerroak ondo urrundu ez zuen jokaldi batean, eta bigarrena penaltiz. Frenesia zen, eta zaleek, «beste bat, beste bat» eskatu zuten aho batez. Gozatzeko gaua zen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.