Bilbok lortu du hainbeste behar eta desiratu duen pilotalekua. Ezerezean gelditu ziren hainbat egitasmoren ondoren, puntako esku-huskako pilota profesionala Ibaizabaleko ibarrean izango da azkenean. Eta nola gainera, Miribillako auzoan eraikiko duten pilotalekua Euskal Herriko handiena izango baita. 2.801 eserlekurekin, puntako pilotaren erreferentzia bihurtuko da, etorkizuneko final handien jauregia, txapelketa handietako babesleak bilbotarrak diren bitartean behintzat. Ezker paretako pilotalekua, baina, ez da egitasmo erraldoiaren alderdi bakarra izango, eraikin berean beirazko trinketa eta Bizkaiko kirol federazioen egoitza egongo baitira.
Izena ofizialki erabakitzeke badago ere, atzo Bizkaiko Foru Aldundiak Bilbon duen egoitzan eginiko aurkezpenean Bizkaia pilotalekua aipatu zuen Jose Luis Bilbao Bizkaiko ahaldun nagusiak. Bataioa falta zaion arren, proiektuaren nondik norakoak zehaztuta daude, eta 2007ko martxoan jarriko da abian, lanak esleitu ondoren. Lanen iraupena eraikuntza bere gain hartzen duen etxearen araberakoa izango da. Aldundiak hemezortzi eta hogeita lau hilabeteko epea jarri zuen atzo.Igarle lanetan jarrita, aurkezpenean egon zen 2009ko buruz buruko finala bertan jokatuko dela aurreikustera ausartu zenik.
Bilbon pilotalekua eraikitzeko asmoa zutela jakina zen, eta eraikitzekotan Euskal Herriko handiena izatea nahi zutela. Miribillako pilotalekuak Bilboko pilotazale apetatsuenen gutiziak gogobeteko ditu: ezkerparetak 2.801 eserleku izango ditu eta alboko trinketa ere galanta izango da. «Ez da bilbotarren harropuzkeria», zuritu zuen atzo bere burua ahaldun nagusiak, harropuzkeria den ala ez lanen aurrekontuko 22 milioi euroen emaitzak argituko du.
Egitasmoa elkarrekin bultzatu dute Bizkaiko Aldundiak eta Bilboko Udalak. Udalak lurra jarri du, etaAldundiak ordainduko ditu lanak. Pilotalekua Javier Gaston arkitektoak diseinatu du, eta pilotak berez duen «harri izaera» azaleratu nahi izan du. Horretarako, arbel harrizko monolito beltz handi bat diseinatu du, horma lauekin, pilotalekuaren formekin bat. Arkitektoaren asmoa egunez kantxa osoa eta pilotalekuaren zati handi bat argi naturalez argitzea da, eta kantxa gainean sei argi zulo handi izango ditu.
KANTXA BELTZA. Aldundiak atzo banaturiko txostenean kantxa beltzez margotua agertzen da, eta litekeena da hala izatea, berdea alboratuz. Arkitektoak azaldu zuenez, telebista eta kirol aditu askorekin hitz egin du diseinua egin aurretik, eta berak jarri dio kolorea. Ondorioz, Bilboko pilotalekuak Gernikako Jai-Alaiaren antza izango du. Nonbait, kanpoaldeko irudi zurrun eta iluna barnean ere islatu nahi izan dute. Kantxa egiteko material egokiakhautatzeko, arkitektoak Bizkaiko Federazioko adituen laguntza izan du. Zorua asfalto urtuzkoa izango da, ohiko materiala, eta frontiseko harlauzak Debatik ekarritako kareharrizkoak izango dira.
Aurkezpenean, hala Bizkaiko ahaldun Nagusiak, nola Bilboko alkate Iñaki Azkunak maiz errepikatu zuten Euskal Herriko pilotaleku handiena izango dela. Harmailetako eserleku kopuruari erreparatuta behintzat bai, hasiera batean enkargua 2.500 lagunentzako pilotalekua eraikitzea zen arren arkitektoen bulegoan proiektua 2.801 ikusletaraino handitu baita.
Kontrakantxan lau harmaila egongo dira. Handienak, kantxakoak, 900 eserleku izango ditu. Gainean palkoak berreskuratuko dira. Antzina palkoak oso ohikoak ziren pilotalekuetan, azken hamarkadetan, baina, ia gehienetan kendu egin zituzten, leku gehiegi hartzen zutelakoan. Miribillako pilotalekuan hamahiru palko egongo dira, eta 168 zortedunek primeran ikusiko dituzte partidak. Bigarren pisuan bi harmaila txiki eraikiko dituzte, 716 eserlekurekin. Errebotean ere bi harmaila egongo dira. Erreboteko horma beirazkoa izango da, eta haren atzean 334 lagunentzako tokia egongo da. Goiko harmailan, berriz,615 eserleku egongo dira. Harmailak Zornotzako frontoikoaren antza izango dute; beraz, ez da arazo handirik egongo eserleku ilaren artean ibiltzeko.
Pilotalekuaren eraikin berean Bizkaiko kirol federazioetako bulegoa berriak egongo dira, eta beirazko hormako trinketa. Hego Euskal Herrian beirazko hormako trinket bakanetakoa izango da, eta handienetako bat. Trinketa ezker-paretako erreboteko harmailaren atzean egongo da, eta 425 eserleku izango ditu.
DENAK POZIK. Azken urteetan luze hitz egin da Bilboko pilotaleku motzaren inguruan. Aurkezpenean Bizkaiko Ahaldun Nagusiak iraganeko soka luzea errepasatu zuen, Gas Plazako egitasmotik Deportivoko berregituraketara arte. Ahaldunak oraingoa behin betiko egitasmoa dela nabarmendu zuen: «Miribillako pilotalekua errealitatea izango da aurki, Bizkaiko eta bizkaitarren pilotalekua ».
Iñaki Azkuna, Bilboko alkatea, pozik agertu zen halaber aurkezpenean. Azkunak pilotaren muina esku-huskako modalitatea dela defendatu zuen, eta pilotalekuak hiriari aberastasun informatibo handia ekarriko diola. Aberastasuna hizpide hartuta, alkateak Bizkaiko pilota harrobiaz mintzatu zen. «Pilotari gazteentzat ere aberasgarria izango da, dagoeneko Bizkaian buruz buruko beste txapeldun bat izateko garaia baita».
Aurkezpeneko antolatzaileek hiru luxuzko gonbidatu batu zituzten: Hilario Azkarate, Iñaki Goroztiza eta Jesus Garcia-Ariño, bizirik dauden buruz buruko hiru txapeldun bizkaitarrak. Aurkezpena hirurentzako omenaldi xume bihurtu zuten, eta hirurek eman zuten iritzia. Hilario Azkaratek, hiruretan nagusiak, Deportivon jokatzen zueneko garaiak gogoratu zituen, eta Bizkaiko harrobiaren etorkizuna pilota eskoletan dagoela azpimarratu: «Gazteak badabiltza lanean eskoletan, hortik ziur irtengo direla pilotari onak». Iñaki Gorostizak, berriz, puntako pilotak Bilbora iristeko garaia bazuela esan zuen, eta diseinuak harritu egin zuela. Hiruretan zoriontsuen Garcia-Ariño agertu zen: «Pilotaleku mundiala izango da, izugarria; ikustekoa izango bertan egongo den giroa». Axpeko txapeldun ohia benetan animoso zegoen.
Pilota enpresek pilotaleku handiagoak eskatzen zituzten, finaletan gaur egungoak txiki gelditzen zirelakoan. Miribilla ez da konponbidea izango, hitzordu handietan bete egingo baita. Etorkizuneko erronka finaletik haratagoko programazioa izango da,negu parteko asteburuetakoa. Bere garaian, 2009an, agintariek beste aurkezpen bat egin beharko dute, pilota hotsa han nola eta zenbat aldiz entzungo den azaltzeko.
«Horrelako pilotalekuarekin eta eskoletako lanarekin, ziur nago pilotari handiak irtengo direla Bizkaian»
Hilario azkarateburuz buruko txapeldun ohia«Egitasmoa ikusgarria da, oso polita; ea Bilbonpilotarako zaletasunasuspertzen duen»
IÑAKI GOROSTIZAburuz buruko txapeldun ohia«Pilotaleku mundiala da, paregabea; ikustekoa izango da final handietan hor egongo den giroa»
JESUS GARCIA-ARIÑOburuz buruko txapeldun ohia«Pilotalekua ez da bilbotarren harropuzkeria, egitasmoa aurkierrealitate izango baita»
JOSE LUIS BILBAObIZKAIKO AHALDUN NAGUSIA«Pilotari gazteentzat aberasgarria izango da; Bizkaian badugu txapeldunbat izateko garaia»
IÑAKI AZKUNABILBOKO ALKATEA
Etorkizuneko finalen jauregia
Bilboko pilotaleku motz berriak 2.801 eserleku izango ditu, eta 2009rako amaituko dituzte lanak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu