Etsipenaren baiezkoa

Euskadiko Federazioarekin akordiorik lortu ez arren, futbolariek partida jokatzea erabaki dute, «blokeo egoera ez betikotzeko»

unai zubeldia
Donostia
2010eko azaroaren 25a
00:00
Entzun
«Euskadiko Futbol Federazioaren jokabidea etsigarria izanik ere, aurrera egitea erabaki dugu. Ez dugu blokeo egoera hau betikotu nahi, eta aurten, nahiz eta akordiorik lortu ez, futbolariok zelaira ateratzeko prest gaude». Euskal Herriko futbolariek ohar bidez jakinarazi zuten atzo abenduaren 28an partida jokatuko dutela -ia ziur Bilbon, San Mamesen-. Akordiorik gabe. Eurek nahi zuten izenik gabe-Euskal Selekzioa izenarekin jokatuko dute, eta ez Euskal Herria izenarekin-. Federazioari kritika zorrotza eginda. Baina, azken bi urteetan ez bezala, jokatu egingo dute. «Asmo txarreko interpretazioak uxatzeko, eta euskal futbolariok gure koloreak futbol zelaian zein behar den leku guztietan defendatzeko prest gaudela garbi uzteko».

«Euskadiko Futbol Federazioak ez du Euskal Herriko selekzioaren ofizialtasunaren bidean urratsak egiten saiatzeko borondaterik». Hala salatu dute jokalariek komunikabideetara bidalitako oharrean. «Federazioak dituen mugak aitzakiatzat harturik, aurrerapausorik ez emateko erabakia hartua du». Federazioko ordezkariek eta jokalariek hainbat bilera egin dituzte aurten. Bi aldeek onartu dute hori. «Baina federazioa ez dago mugitzeko prest».

Jokalarien hitzetan, federazioak «etekin ekonomikoa ateratzeko helburu soilarekin» antolatu nahi ditu partidak. «Hori da selekzioaren inguruan duten benetako kezka eta arrazoi nagusia». Jokalariak eta zale asko selekzioaren ofizialtasunaren ametsak elkartzen dituela azaldu dute jokalariek eurek. «Eta, horretaz jakitun, federazioa prest dago itxurakeriak egiteko, horrek harmailak bete eta aurrekontuak borobiltzeko balio diolako. Hitz ederrak bai, baina borondaterik ez zaio ageri».

Euskal Herriko selekzio ofiziala lortzeko bidean «ahalegin pixka bat» eskatu dute jokalariek. «Munduko beste edozein futbol jokalarik bezala, zein selekziotan jokatu erabakitzeko eskubidea baino ez». Ahalegina eskatzearekin batera, ondorio ezkorrera iritsi dira jokalariak. «Federazioaren helburua ez da gure bera, ez da zazpi euskal lurraldeetako jokalariok bilduko gintuzkeen selekzioaren ofizialtasuna lortzea». Jokalariak «minduta eta kezkatuta» daude Federazioaren jarrerarekin. «Baina jokatzeko prest gaude». Are gehiago, partida «ziklo baten amaiera eta aro baten hasiera» izatea espero dute.

Elkarlanerako deia

Jokalariek argi utzi dute aurten jokatuko dutela. «Baina aurrera begira beste bide batzuk landu beharko direla uste dugu». Zintzo onartu dute eurak soilik ez direla gai beste bide horiek lantzeko. «Eta umiltasun osoz laguntza eskatu nahi diegu euskal jendarteari, eta, batez ere, arlo honetan beren ekarpena egin dezaketenei, guztion artean ofizialtasunaren bidea egin dezagun».

Jokalariek ez dute nahi abenduaren 28ko partida «dirua biltzeko edo antzezlan bat egiteko» ekitaldia izaterik. «Gure eskubidearen aldarrikapen eguna izatea nahi genuke». Horregatik herritarrei dei egin diete egun hori «aldarrikapen egun» bihurtzeko. «Nazio bat garelako, sentitzen duguna izateko eta egiteko eskubidea oinarrizko eskubidea delako. Gure selekzioa nahi eta behar dugulako. Denon artean lortuko dugu!».

Jokalariek oharra kaleratu eta lau bat ordura hitz egin zuen Berriak Santiago Arostegi Euskadiko Futbol Federazioko presidentearekin. Oharrak «zehatz-mehatz» zer dioen ez dakiela argitzearekin batera, «gustura» dagoela azaldu zuen Arostegik. Arrazoia? «Gu federazioan sartu ginenean ez zegoen partidarik; orain partida berreskuratu dugu. Horregatik gaude hain pozik». Jokalarien «eskaera zehatzak» zein diren ez daki Arostegik. «Eta ez dut uste horretaz hitz egiteko momentua denik. Garrantzitsuenarekin geratuko gara: Euskadiren partida berreskuratuko da, eta guretzat eta gizartearentzat oso garrantzitsua da hori».

Jokalarien hitzetan federazioarekin akordiorik ez dela egon azalduta, galdera batekin erantzun zuen Arostegik. «Akordiorik egon ez balitz uste duzu partida jokatuko zela? Urte osoan bilera asko egin ditugu, eta amaieran akordio bat lortu dugu». Erabakiak jokalariek hartzen dituztela argitu zuen federazioko presidenteak. «Jokatzea erabaki duten moduan, har zezaketen ez jokatzeko erabakia. Jokatuko badute, zerbaitegatik izango da».

Jokalariekin etengabeko harremana izan dutela azaldu zion atzo Arostegik BERRIAri. «Eta aurrerantzean ere edukiko dugu. beraiek badakite, gainera. Elkarlanean dago aberastasuna eta indarra».

Jokalariek goizean kaleratu zuten oharra, eta jokalarietako batzuek azalpenak eman zituzten goizeko entrenamenduak amaitu ondoren. «Guretzat eta futbolarentzat ona da Euskal Herriaren partida jokatzea». Hala azaldu zuen Markel Susaetak. Pablo Orbaiz taldekideak ere partida jokatzea «albiste ona» dela azaldu zuen. «Denontzat festa handia izango dela espero dut. Egun polita izaten da, berezia, giro zoragarria sortzen da zelaian, eta denontzat da onuragarria».

Lezaman bezala, Zubietan ere abenduko partidaren inguruan hitz egin zuen Ion Ansotegik. «Bi urteren ondoren, partida garrantzitsua da jendeak, berriz ere, ilusioa berreskuratzeko». Berriatuko atzelariak onartu zuen federazioak eta jokalariek ez daukatela helburu berbera. «Gabonetan partida jokatuta, federazioak kontuak berdintzen ditu, eta kito. Baina gure helburua beste bat da. Hori bai, gure helburuak lortzeko partidak jokatu behar dira, eta partidak federazioak antolatzen ditu».

Izenari dagokionez, Euskadi eta Euskal Herria eztabaidak «benetako eztabaida ezkutatzeko» balio izan zuela esan zuen Ansotegik. «Ez dut uste izena denik gauzarik garrantzitsuena».

Alderdi politikoei dagokienez, EAk txalotu egin zuen albistea, baina ofizialtasunaren alde urratsak egiteko eskatu zuen. «Eusko Jaurlaritzak eta Euskadiko Futbol Federazioak ez daukate borondaterik pausoak emateko, eta oztopoak jartzen dizkiote Eskoziak edo Galesek bezala euren selekzioaren partidak ikusi nahi dituzten euskal zaleen nahiari». Herritarrei partidara joateko eta ofizialtasunaren aldeko aldarria egiteko dei egin die EAk.



Euskal Herriko futbolariek sei baldintza jarri zituzten mahai gainean Euskadiko Futbol Federazioarekin egindako azken bileran, eta, jokalarien esanetan, federazioak ez zituen onartu.

Sei eskaera, akordiorik ez

U. Zubeldia. Donostia

Euskal Herriko futbolariek eta Euskadiko Futbol Federazioak hainbat bilera egin dituzte urte osoan, baina akordiorik gabe amaitu da hartu-eman hori. Futbolariek azken bileran sei baldintza jarri zizkioten federazioari. Baina, jokalarien hitzetan, ezezkoa izan zen erantzuna. Haserre daude jokalariak, bilera horietan parte hartu duten jokalarien izenak eta landutako mamia komunikabideetan agertu delako. «Ez dugu onartuko horrelako azpijokorik, ez eta gure izenen erabilera interesaturik ere».

«Publikoki ardurak hartzeko» eskatu diote jokalariek federazioari, «asmoak benetakoak direla jakiteko». Jokalariek behin eta berriz azaldu dute ez dutela onartuko «hitz hutsezko borondate ederrik». Ofizialtasunaren bidean «lekukoa serio» hartuko duen federazioa nahi dute.

Ondorengoak dira jokalariek azken bileran federazioari jarritako sei baldintzak, eta, jokalarien esanetan, federazioak onartu ez dituenak:

1. Nazio izaera onartzea

«Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa Garaia, Nafarroa Beherea, Lapurdi eta Zuberoa ordezkatzen dituen selekzioa da gurea». Jokalariek argitu dute eurena ez dela «Espainiako selekzio autonomiko bat». «Nazio izaera duen selekzioa da gurea, eta ofizialtasuna behar dugu». Partida bakoitzaren hasieran federazioak aldarrikapen hori publikoki bere egitea nahi dute jokalariek.

Ez dute onartuko «mezu bikoitz eta nahasgarririk». Eta aurkezpenerako karteletan «Euskal Herriko mapa modu ikusgarrian» azaltzea ere eskatu dute. «Selekzioaz hitz egitean zazpi herrialdeez ari garela garbi gera dadin».

2. Zelaiko argazkia

«Partida guztien aurretik zelaian argazkia aterako dugu jokalariek eta federazioko kideek, pankarta batekin». Nazio bat gara: ofizialtasuna!. Lelo hori izango luke pankartak, Euskal Herriko mapa eta guzti. «Argi eta garbi adierazi nahi dugu zeren ofizialtasuna nahi eta behar dugun. Zazpi euskal lurraldeetako jokalariek osatutako selekzioaren ofizialtasuna nahi dugu, nazio bat garelako».

3. Zazpi probintziak

«Euskadiko Futbol Federazioa Araba, Bizkai eta Gipuzkoara mugatutako federazioa izanik ere, Nafarroan eta Iparraldean ere lan egiten hastea eskatzen dugu». Bi herrialde horietako federazio eta klubekin elkarlan asmoak zehazteaz gain, bertan partidak antolatzeko beharrezko diren pausoak ematen hasiko dela publikoki adieraztea eskatu diote jokalariek federazioari. «Partiden antolaketa hori EAEko federazioaren eskumenetik kanpo geratzen bada, beste antolaketa modu bat beharko luke gure selekzioak aurrerantzean».

«Borondate kontua da», diote jokalariek. Ez dute eskatzen berehala Nafarroan edo Ipar Euskal Herrian partidak jokatzen hastea. «Baina onartu beharko zenukete bi lurralde horietan ere Euskal Herriko selekzioarekin jokatzeko aukera izan beharko genukeela». Hori lortzeko eskura dituzten bitarteko guztiak jartzeko eskatu dute jokalariek. «Jokalari nafar batek Euskal Herriko selekzioan jokatzeko aukera baldin badu, Euskal Herriko selekzioan Nafarroan jokatzeko aukera ere izan beharko luke». Ipar Euskal Herriarekin aldarrikapen bera egin dute.

4. FIFAren egutegia

Jokalarien hitzetan, federazioak FIFAri eskatu beharko lioke euskal selekzioari ere onartzeko euren data guztiak. «Ezezkoa jasoz gero, publikoki salatuko du federazioak, prentsaurreko baten bidez». Mugak nondik datozen zehaztu beharko luke hor federazioak. «Eta helburua zazpi lurraldeetako euskal selekzioaren ofizialtasuna dela aldarrikatu beharko luke». FIFA data guztiak eskatzeak Euskal Herrikoa «nazio selekzio bat» dela aldarrikatzeko beste modu bat litzateke jokalarien arabera. «Beste kontu bat da data horiek gero erabiliko liratekeen edo ez».

5. Nazioarteko Txapelketa

«Munduari nazio bat garela eta ofizialtasuna nahi dugula esateko, Nazioarteko Txapelketa bat antolatzeko pausoak ematea eskatzen dugu». Urtero partida bat jokatzetik Nazioarteko Txapelketak jokatzera igaro nahi dute jokalariek. «Aitormen hutsa ez dugu askietsiko. Sei hilabeteko epean elekzioarentzat egutegi ofizial bat aurkezteko konpromisoa har dezala federazioak».

6. Selekzioaren izena

Izenari dagokionez, Euskal Selekzioa izenarekin jokatzeko prest daude jokalariak. «Lehen ere esan genuen gure selekzioa Euskal Herriko selekzioa dela. Baina hedabide asko gaiaren mamia nahasten eta eztabaida behar ez zen lekuetara eramaten saiatu ziren». Berretsi egin dute «Euskal Herriko selekzioa» dela «izenik egokiena». «Baina aurrera egiteko borondatea dugu. Garbi utzi nahi dugu, berriro ere, selekzioaren izenak baino askoz gehiago kezkatzen gaituela izanak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.