Asier Illarramendik (Mutriku, Gipuzkoa, 1990) aurrenekoz jokatu zuen joan den igandean Atletico Madrilen aurka, etxean. Valladoliden ere estrainekoa izango du datorren astelehenean. Bere ibilbidearen hasieran baitago, ikastaldian. Hala ere, Philippe Montanierren marrazkiko ardatzetako bat da, eta pisu horrek bere isla izan du berriki izenpetutako hitzarmenean. 2018. urte arteko kontratua sinatu berri du txuri-urdinekin. Beste inorena baino iraupen luzeagokoa.
Zenbatetan eragin behar izan diozu zeure buruari Atletico Madrilen aurkako porrota onartzeko?
Askotan. Ez zigun ezertarako balio izan neurketa osoan egindako lan onak, eta, gainera, nik egindako falta baten ondorioz iritsi zen Falcaoren gola. Buelta asko eman dizkiot jokaldi horri.
Partidak irabazi ahal izateko lan asko egin behar duzuen sentipena al daukazu? Aurkariak gauza gutxiago erakutsiz saria errazago topatzen duen irudipena?
Baliteke hala izatea. Azken partidetan txukun aritu gara, joko maila onean. Ez dugu punturik bildu, ordea, eta ziur arrazoi bat baino gehiagogatik izan dela. Aurkariaren area ingurura arazorik gabe iristen gara, arriskua sortzen dugu, baina ez gabiltza fin ate aurrean. Eta horretan asmatzen ez baduzu, zaila izan ohi da puntuak urratzea.
Etxetik kanpoko azken garaipena Atletico Madrilen aurka galdu eta gero lortu zenuten, Mestallan.
Anoetatik kanpo emaitza on bat lortzeko garaia heldu zaigu, eta iruditzen zait Valladoliden horretarako aukera ona izango dugula.
Lasaitasunaren eta urduritasunaren arteko marra estu hori bereizten al duzu hurrengo neurketan?
Erabat lasai ez zaude inoiz, beti nahi izaten baita gehiago. Aurreko bi partidetan esku hutsik gelditu garenez, bolada hori hausteko zereginarekin joango gara Valladolidera.
Euskarri postuan jokatuz taldeari oreka ematea da zure arduretako bat. Jokoa bizitzea ala lasaitzea, zer duzu gustukoago?
Bizitasuna ematea gehiago kostatzen zait, ni neu ere, berez, ez bainaiz bizkorra! Horretan hobetzeko ahalegina egiten ari naiz. Oraingoz, erosoago nabil etenaldiak egiten.
Aldameneko taldekideari irtenbiderik egokiena ematea al da zure betebeharretako bat?
Bai, bai. Erdialdean aritzean laguntzak eman behar izaten dira behin eta berriz. Lan asko egin behar da zelai erdian. Baloia erabiliz nire ingurukoei egoerarik onenak sorraraztea da nire lana, eta horretan saiatzen naiz.
Neurketak interpretatzeko heldutasuna falta al zaio taldeari?
Huts txikiak ari gara pilatzen partida bakoitzean. Geuk ere onartu dugu eskarmentua falta zaigula. Hala ere, erraz esaten da hori joan den asteko partidaren ondoren. Irabazteko aukera ikusi genuenez, horren bila joan ginen. Denetarik entzuten jakin behar da kirol honetan.
2018ra arte berritu zenuen hitzarmena aurreko astean.
Betidanik izan naiz Realeko zale porrokatua. 11 urterekin heldu nintzen Zubietara, eta izugarri gustura nabil hemen. Etxean jokatzen dut, familia eta lagunak bertan dauzkat… Ezin dut gehiago eskatu. Realari esker iritsi naiz honaino, eta txanpon berarekin itzuli nahi diot nire alde egindako guztia.
Urte kopuruari dagokionez, zure kontratua da denboran luzeena. Zer esaten dizu datu horrek?
Oso gustura nago emandako pausoarekin. Reala bide zuzenetik doa, eta, epe ertainera begira, horren fruituak jasoko ditu. Multzoaren egiturari eutsi egin dio igoeratik hona, eta pixkanaka elkarrenagana hobeto egokituko gara zelaian. Aldagelako giro ona mantentzeak ere askorako balio lezake. Gorantz joango gara.
Hasiberria izan arren, oraindik izango duzu, noski, betetzeko helburu eta ametsik. Horietako bat izan al liteke Realean osatzea zure ibilbidea?
Jakina baietz. Taldekide hutsak baino gehiago gara Zubieta barruan. Lagun taldea. Familia moduko bat osatzen dugu. Horrek zerikusi zuzena dauka kontratu berritzeetan. Non egongo gara hemen baino hobeto? Itxaropen handia jarri dute nigan. Eskertzekoa da hori. Aurreikuspenak betetzea dagokit orain.
Kanpoko txapelketaren batek ez al zaitu erakartzen?
Badaude batzuk, bai, baina niri ez zait buruan sartzen tokiz aldatzeko aukera izatea. 2018 arte izan da oraingoa. Ea urte gehiago izaten diren gero.
Zein izan da zure futbol eskola?
Debako hondartzan hasi nintzen. Elgoibarko Mintxetan ere jokatu nuen Realera etorri aurretik. Kimuen mailako torneo bat jokatzeko deitu zidaten aurrenekoz, Canal Plusek antolatzen duen horretarako. Ordutik ez naiz Zubietatik mugitu.
Defentsaren aurretik beti?
Atzealdean jokatzen nuen hasieran. Realera etorri nintzenean ere bai. Haurren mailan aurreratu zidaten kokapena. Gaur arte.
Zer ikasgai atera duzu lehen txanpa honetatik?
Ate aurrean ezin daitekeela barkatu. Larrutik ordaintzen duzu bestela. Berdin dio ongi jokatzea eta arriskua sortzea. Asmatu egin behar da.
Carlos Velak ez du lehengo sasoiko zehaztasunik erakutsi oraingoz, eta horren beharrean zaudete...
Aukerak sortzen ari da, eta laster hasiko da golak sartzen. Ezin dezakegu zalantzarik izan horretan. Funtsezko jokalaria da.
Asier Illarramendi. Realeko jokalaria
«Etxean ari naiz; ezin dut gehiago eskatu»
2010eko ekainean egin zuen debuta Asier Illarramendik Realaren lehen taldearekin, Elxen zelaian, txuri-urdinek igotzea ziurtatu zutenean. Bi urte geroago, funtsezko bilakatu da mutrikuarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu