Etxean arrotz

Asier Riesgo lehen aldiz izango da Anoeta estadioan Reala ez den beste talde batekinLigako lehen 22 partidetan gertatu bezala, Ricardo Lopez izango da Osasunaren atean, eta debarrak aulkitik ikusi beharko du lehia

Asier Riesgo eta Ricardo Lopez, denboraldi honetan Taxoaren egindako entrenamendu batean. JAGOBA MANTEROLA / ARP.
Iruñea
2011ko otsailaren 10a
00:00
Entzun
Igandeko derbia berezia izango da Asier Riesgorentzat (Deba, Gipuzkoa, 1983). Kirol ibilbidean lehen aldiz Anoetara kanpoko taldearekin joango da. Ibilbidea ia oso-osorik Realean egin ostean —Recreativon utzita aritu zen 2008-2009 denboraldian, eta Eibarren bi sasoi egin zituen, Realak utzita han ere, donostiarren lehen taldeko atezain postuaz jabetu aurretik—, argi dago Donostiara Lehen Mailako norgehiagoka bat jokatzera itzultzeak zirrara berezia eragingo diola. Tamalez, berak nahiko lukeen tokian ez da izango igandean. Ricardo Lopez ondo jokatzen ari da denboraldi honetan, eta Osasunako atezain beteranoak aukerarik gabe utzi du Riesgo, udan itxaropentsu iritsi bazen ere Iruñera. Espainiako Kopako bi partida besterik ez du jokatu gorritxoekin debarrak, Ligan aukerarik ez baitio eman Jose Antonio Camachok. Anoetan ere ordezkoen aulkian esertzearekin konformatu beharko du.

«Sasoi osoan batere jokatu gabe zaudenean une zailak igaro behar izaten dituzu, baina baikorra izatea komeni da, eta aurrera soilik begiratzen dut. Talde guztietan dago ia jokatzen ez duen atezain bat, eta nire egoera normaltzat jo daiteke. Hiru denboraldirako sinatu nuen Osasunarekin, eta futbolean egun batetik bestera erabat alda daitezke gauzak. Jokatzen ez duzunean txakalaldiak izatea normala da, baina aurrera jarraitu beharra dago», esan zuen atzo Riesgok Taxoaren, entrenamendua amaitu berritan.

Familia ondo egokitu da Iruñera, eta jokalaria bera ere gustura dago Osasunan, baina argi dago kirol arloan gauzak nahi baino okerrago hasi direla berarentzat. Ricardok bere esku dauka beste urtebetez Osasunan jarraitzea, gainera. Sasoi honetan hogei partida baino gehiago jokatuz gero, 2012ko ekainaren 30era arte kontratua luzatzeko eskubidea dauka, eta atezain espainiarrak jada gainditu du partida kopuru hori. Beraz, datorren denboraldi-aurrean berriro parez pare hasiko dira lehiatzen Ricardo eta Riesgo. Entrenatzaile aldaketa ere izan daiteke, eta Debakoak badaki bere aukeraren zain lanean jarraitzea beste aukerarik ez duela.

Eguneroko lanean soilik pentsatzea da bidea, eta igandean Realaren aurka jokatu beharreko derbia du orain jomuga Riesgok. Anoetara kanpoko taldearekin joatea «arraroa» egingo zaio, baina Osasunaren etxetik kanpoko bolada txarra amaitzea nahi du guztiaren gainetik: «Igandekoa partida polita izango da niretzat, berezia. Anoetan etxekoen aldagelan egon naiz beti, orain kanpoko taldearen aldagelan egongo naiz, eta berezia izango da. Anoetako zelaia zapaltzeak ere oroitzapenak ekarriko dizkit, seguru. Arraro sentituko naiz». Hori guztia, baina, bigarren tokian geratuko da. Etxetik kanpoko bolada eten nahi du nola edo hala. «Denbora gehiegi daramagu etxetik at irabazi gabe, eta horrek soilik kezkatzen nau. Urtebete etxetik kanpo irabazi gabe egotea ez da normala. Igandekoa derbia da, giro berezia izango dugu, zaleen babesa ere nabarituko dugu etxetik at jokatu arren, eta hiru puntuen bila zelairatuko gara».

Harrera ona espero du

Realeko zaleek egingo dioten harrerari buruz galdetuta, lasai dago. «Ezberdina da jokatzeko itzultzea edo aulkian egoteko itzultzea, baina ez daukat inolako beldurrik, lasai nago, ez dakit nola hartuko nauten Anoetako zaleek, baina nik haien oroitzapen onak besterik ez ditut». Halaber, orain hiru urteko partida polemikoaren ondorioz Realeko zaleek Osasunari beharbada izango dioten ikusezinari buruz ere hitz egin zuen: «Ez dut uste arazorik izango denik. Hori ahaztuta dago jadanik. Iragan sasoikoa eta sasoi honetako joera ikusita, Donostian jendea oso baikor dagoela esango nuke, eta gauza horiek ahaztuta dauzkate».

Bere aurreko taldea Lehen Mailara itzuli den denboraldian egiten ari den lana goraipatzeko astia ere izan zuen Osasunako atezainak, eta gogorarazi zuen «talde handien aurkako partidak ez beste guztiak» irabazi dituela. Halere, Realak igandeko derbirako jokalari garrantzitsuak faltako dituela ez zen ahaztu: «Xabi Prieto ezinbesteko jokalaria da Realaren jokoan; jokalari garrantzitsuena ez bada, garrantzitsuenetako bat bai, behintzat; maisua da partidak desorekatzen. Horrez gain, Joseba Llorente ere faltako dute, baina hutsuneak hutsune partida zaila izango dugula argi dago. Dena eman beharko dugu irabazi ahal izateko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.