Etxean ere agindu nahi du

Itxakok Alemaniako Buxtehuder taldearen aurka jokatuko du gaur Txapeldunen Ligako lehen ligaxkako bigarren partida, LizarranVolgograd mendean hartu eta gero, euren pistan ere sendo agertu nahi dute nafarrek

edurne elizondo
Iruñea
2011ko urriaren 8a
00:00
Entzun
Lizarrara ailegatuko da gaur Txapeldunen Liga, Itxakok lehen ligaxkako bigarren partida bere pistan jokatuko baitu, Alemaniako Buxtehuder taldearen aurka (19:00etan Canal 6n, eta 20:00etan Teledeporten). Errusiako Volgograd mendean hartu zuten nafarrek etxetik kanpo, aurreneko jardunaldian. Konfiantzaz beteak dira, Europan sendo jarraitzeko. Errumaniako Oltchimekin batera, bere multzoko buru da Itxako une honetan, bi punturekin.

Buxtehuder atariko fasean sailkatu zen lehen ligaxka jokatzeko, eta, ustez, D multzoko talderik ahulena da. Itxakoko entrenatzaile Ambros Martinek, hala ere, ohi bezain zuhur jokatu du gaurko partidaren atarian, eta argi utzi du kontuz ibili beharko dutela nafarrek alemaniarren aurka. Ez zaiela komeni, inondik inora, partida irabazitzat jotzea pistara atera aurretik. «Kalitate handiko aurkaria da. Oltchim da faborito nagusietako bat, eta lehen jardunaldian partida anitz zaildu zion Boxtehuderrek», gogoratu du aste honetan Martinek.

Ez da ahaztu behar Buxtehuder dela egun Alemaniako ligako txapelduna, eta Leipzig eta Bayer Leverkusen taldeen mailako aurkariak utzi dituela bazterrean. Etxeko txapelak aukera eman zion atariko fasean sartzeko, eta aukera ez du alferrik galdu Alemaniako taldeak. Galtzeko gutxi du, eta horrek ere arriskutsu bilakatzen du. Martinek argi eta garbi erran duen moduan, adi egon beharko du Itxakok pistan, Buxtehuderrek gaur ezustean har ez dezan.

Itxako ezustean harrapatzea, egia erran, ez da erraza. Gero eta eskarmentu handiagoa du Europan, eta joko ona erakusten ari da. Taldeak azken asteotan lesioekin izan dituen arazoak ere konpontzen hasi dira. Nerea Pena, Raph Tervel eta Carmen Martin asteazkeneko ABF ligako Leonen aurkako partidan aritu ziren jada. Begoña Fernandezek ere senda-agiria jaso du. Penari eta Fernandezi, hala ere, erritmoa hartzeko denbora eman nahi die Martinek: «Ezin diegu deus eskatu. Denbora luzez egon dira min hartuta, eta kosta eginen zaie partiden erritmoa berreskuratzea. Taldeari laguntzeko aukera izanen dute, baina ardura entrenatzen aritu diren jokalariena izanen da», erran du Itxakoko entrenatzaileak aste osoan.

Erronkari aurre egiteko prest dira jokalariak. Are gehiago, etxean ariko direla kontuan hartuta. Zaleen aurrean, alegia. Giroa bere alde baliatzen saiatu beharko du Lizarrako taldeak, eta, aldi berean, presioari aurre egiten, zenbaitetan etxetik at bere pistan baino hobeki aritu baita Itxako Europan. Esperientzia alde dute orain, hala ere, Lizarrako jokalariek. Eta sumatzen zaie. Garaipen batekin hasi zuten Europako bidea, eta bertze bat lortzen ahaleginduko dira gaur, Alemaniako Buxtehuderren aurka.

ABF ligan bi partida

ABF ligan, Bera Berak Mar Alakant hartuko du gaur Bidebietako pistan (19:00). Aurkari zuzena da hori donostiarrentzat. Bera Berako jokalari Bea Fernandezek eta Dara Carvalhok argi utzi dute norgehiagoka zaila izanen dela gaurkoa. Taldeak erabateko kontzentrazioa erakutsi beharko duela azpimarratu dute biek, eta defentsa sendoa egin beharko dutela pistan. Bera Bera hirugarren da orain sailkapenean, eta bigarren postura igotzea du helburu nagusi.

Kukullaga ere bere pistan ariko da gaur. Etxebarriko taldeak Porriño hartuko du (20:00). Bizkaitarrak azken-aurreko tokian daude sailkapenean. Partida bakar bat ere ez dute irabazi, eta punturik gabe jarraitzen dute. Jokoan, hala ere, hobera egin dute, pixkanaka, Kukullagako jokalariek. Ligako lehen puntuak irabazteko irrikan dago taldea, eta etxean izanen du gaur hori lortzeko lehendabiziko aukera ona.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.