OSASUNA 0. BETIS 0

Etxean ere ezin hirunaka batu

Osasunak gora egin du minutuek aurrera egin ahala, baina ez da nahikoa izan, ez baitu asmatu Betisen atezainaren aurreanSailkapeneko azken postuan da orain Iruñeko taldea, Espanyolekin berdinduta

Iruñea
2012ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Epailea: Velasco Carballo. Txartel horiak: Osasunako Cejudo, Armenteros eta Damiari; eta Betiseko Paulaori. Bestelakoak: 15.215 ikusle Nafarroako Erresuma estadioan. Partida hasi aurretik omenaldia egin zioten Patxi Puñali, Osasunarekin 464. partida jokatzeagatik. Osasunako jokalariek okasiorako apropos egindako elastikoarekin jokatu zuten.

Etxetik urrun partida guztiak galdu ostean, etxean beste itxura bat eman eta puntuak hirunaka batzera derrigortuta dago Osasuna, baina alferrik galdu zuen atzo beste aukera on bat. Puntu bat lortu zuen Betisen aurka, baina horrek ez du balio nafarren sufrimendua arintzeko. Gaizki sartu ziren norgehiagokan; Betisek aukera on pare bat huts egin zuelako eutsi zioten markagailuko orekari, eta minutuak pasatu ahala partida kontrolatzea lortu zuten, baina beste ezer ez. Gola sartzeko gaitasunik ez zuten erakutsi bi taldeek, eta hasierako emaitzarekin amaitu zen norgehiagoka. Ondorioz, beste astebetez sailkapenean hondoratuta jarraituko dute gorritxoek. Eta atzo arte azken-aurrenak baziren, Espanyolek Rayo Vallecanori 3-2 irabazi ostean azkena da orain Jose Luis Mendilibarrek entrenatutako taldea.

Patxi Puñali partida hasieran egindako omenaldiaren ostean hasi zen partida. Uharteko erdilariak marka berria ezarri du: atzokoa 464. partida zuen gorritxoekin, eta, horrenbestez, Osasunaren elastikoarekin partida gehien jokatu duen futbolaria da. Atzo arte sailkapen horretan berdinduta zegoena, Jose Manuel Etxeberria, eta Miguel Artxanko presidentea izan zituen aldamenean, eta elastiko bereziarekin aritu ziren Osasunako jokalariak Puñalen omenez. Zaleak ere ohi baino gehiago berotu ziren omenaldi horri esker, eta lehen minututik Osasunak Betis jan egin nahi zuela zirudien.

Betisen lehen abisua berehala etorri zen, ordea. Hirugarren minutuan, Annanek zelai erdian inozo galdutako baloi baten ostean Jorge Molinak atzelariei aurre hartu eta Andres Fernandezen aurrean bakar bakarrik geratu ostean errematea egiteko aukera izan zuen. Osasunako atezainaren irteera gainditzeko baloia loratzea erabaki zuen Molinak, eta, zorionez, zutoinaren ondotik kanpora joan zen haren errematea. Osasunaren hasiera kementsua epeltzeko balio izan zuen jokaldi horrek, ordea. Paulaok korner batetan gutxigatik ez zuen asmatu gero, eta 16. minutuan Ruben Castroren gol dotore bat baliogabetu zuen epaileak marrazainaren aginduz. Ez zirudien Ruben Castro jokoz kanpo zegoenik.

Txistu batzuk ere izan ziren harmailetan. Grina biziagoa eskatzen zioten zaleek gorritxoei. Baina Osasuna ezinean ari zen. Cejudoren erdiraketa batetan Arribasek egindako burukadan soilik gerturatu zen Betisen atezainarengana etxeko taldea. Eta erasoan ez agertzea baino okerragoa zen, gainera, atzealdean eta zelai erdian erakutsitako ahulezia. Minutuak pasa ahala, lasaiago jokatu ahal izan zuten nafarrek, eta lehen zatiko azken ordu laurdenean Betis kontrolpean izan zuten. Hargatik, erasoan minik egin gabe eta Adrian atezaina lanean jarri gabe jarraitzen zuen Osasunak. Pase erraz asko huts egiten jarraitzen zuten gorritxoek, eta Lamah-ren abiadurak eta sakontasunak, eta Armenterosen klaseak soilik eragiten zituen zaleen txaloak. Bigarren zatirako zerbait aldatzea komeni zela argi zuten Osasunaren zaleek, Levanteren aurka 4-0 irabazitako lehiaren lehen zatia ere atzokoa bezain txarra izan zela gogoan izan arren.

Susperraldirik ez

Atzo ez zen atsedenaldiaren ondoko susperraldirik izan, ordea. Bi taldeetako atezainek gutxitan izango dute atzokoa bezalako partida lasairik. Atera errematerik ez zen izan ia. Eta izan zirenak ez ziren atezainak estutasunetan jartzeko modukoak izan. Lehen zatian baino akats gutxiago egin zituen Osasunak bigarren zatian. Baina erasoan jokaldi aipagarririk egiteko gai ez zen izan, eta aukerarik sortu gabe zaila da golak egin eta partidak irabaztea. Masud izar bat bezala hartu zuten harmailetan asper-asper eginda ziren 15.215 zaleek partida amaieran. Baina urte eta erdiren ostean berriz Osasunarekin jokatzeko aukera izan bazuen ere, irandarrak ere ez zuen asmatu azken orduko miraririk obratzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.