Etxean ezin du huts egin

Iruñetik at punturik batzen ez duenez, Osasunak ezinbestekoa du gaur etxean Levanteri irabaztea

Iruñea
2010eko urriaren 3a
00:00
Entzun
Partida bakarra irabazi du Osasunak sasoi honetan, Nafarroako Erresuman jokatutako azken partidan: 3-1 Realaren kontra. Etxetik at negargarri ari da Jose Antonio Camachok zuzentzen duen taldea aspaldian -Iruñetik urrun jokatutako azken 11 partidak galdu ditu-, eta, horregatik, derrigorrez behar du etxean sendo aritu. Almeriarekin berdindu eta Realari irabazi ostean, etxeko hirugarren partidan Levante mendean hartu nahi dute gorritxoek. Etxeko partidetan dago Osasunaren etorkizunaren gakoa, eta gaur etorkizuna argitzen jarraitzeko aukera du.

Igo berria da Levante, eta Lehen Mailako aurrekonturik txikiena du. Egoera ekonomiko larrian egonagatik, iragan sasoian Bigarren Mailako hiru talde onenen artean amaitu zuen. Gainera, Valdo, Juanlu, Xisco, Stuani, Del Horno eta enparauak ez dira denbora-pasa etorriko Iruñera. Sasoiko lehen hiru partidetan oso itxura kaskarra eman bazuen ere-Sevilla, Getafe eta Vila-realen aurka 1-4, 4-1 eta 1-2 galdu zuen, hurrenez hurren-, azken bi partidetan lau puntu batu ditu Luis Garciaren taldeak: Almerian 0-1 nagusitu zen, eta etxean hutsean berdindu zuen Real Madrilen kontra. Beraz, indarberrituta iritsiko dira Levantekoak Nafarroako Erresumara. Eta Osasunak ezin du gehiegizko konfiantzarik izan. Hala eta guztiz ere, sasoi hasiera honetan gol gehien jaso duen Ligako taldea izaten jarraitzen du Levantek. Bost partidatan hamar gol sartu dizkiote; Osasunari sartu dioten gol kopuruaren bikoitza, hain zuzen ere. Egia da ere bai gorritxoek hiru gol besterik ez dutela sartu; derbian sartutako hirurak, alegia.

Epailearentzako mezua

Jose Antonio Camachoren esanetan, «bere areatik gertu eta ondo defendatzen duen taldea da Levante», eta baloia denbora gehien Osasunakedukiko duela uste du gorritxoen entrenatzaile espainiarrak. Haren ustez, hegaleko jokoan eta erasoko jokaldietan erakutsitako eraginkortasunean egongo da partidaren gakoa. Baina epailearen lana ere ez zuen ahaztu atzoko agerraldian Camachok: «Espanyolen aurkako partidan epailea erabat baldintzatuta aritu zen. Gure aurkariek aurreko partidetan jasandako bidegabekerien errudunak garela dirudi partida batzuetan, eta hori ez da zuzena. Zelaian egiten dugunagatik epaitu behar gaituzte, eta ez beste talde batzuei gertatu ahal izan zaizkien gauzengatik. Gauza batzuk ulertzerik ez dago, eta iragan astean Espanyolen zelaian gertatutakoa inoiz ez zitzaidan gertatu», esan zuen Osasunako entrenatzaileak. Gaur arratsaldeko lehia Paradas Romero epaileak zuzenduko du, eta harentzako hitzak ziren. Santiago Bernabeun jokatu ostean,negar egiteak mesede egin zion Espanyoli Osasunaren aurkako partidan. Eta Camachok ere badaki negar egiten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.