FUTBOLA

Etxean galdu du Athleticek Kordobaren aurka (0-1)

Itxura txarra eman dute zuri-gorriek, eta oso makal aritu dira zelai erdian eta erasoan. Iturrasperen oparia baliatu du Ghilasek, 23. minutuan, partidako gol bakarra sartzeko

Athletic eta Kordobaren arteko partidaren une bat. LUIS JAUREGIALTZO, ARGAZKI PRESS
Iñaki Lasa Etura.
2014ko abenduaren 6a
00:35
Entzun

Ligako bolada ona eten du Athleticek, Kordobaren aurka etxean galduta (0-1). Partida kaskarra jokatu dute zuri-gorriek, deseroso aritu dira lehen zatian, eta bigarrengoan ez dute zirrikiturik aurkitu espainiarren defentsan. Kordobaren presioaren eraginez, hutsegite larria egin du Iturraspek 23. minutuan. Pase txarra eman dio Gurpegiri, eta Iraizozen aurrean bakar bakarrik utzi du Ghilas. Aurrelariak ez du barkatu eta partidako gol bakarra sartu du.

Taldea itxuraldatzeko bi aldaketa egin ditu Valverdek atsedenaldian, eta erasokor zelairatu da Athletic bigarren zatian. Sola ere zelairatu du 67. minutuan, golaren bila. Nolanahi ere, kamuts aritu dira erasoan zuri-gorriak, Juan Carlosen atea zulatu ezinik. Adurizen falta zama astuna izan da. Kordobak denboraldiko lehen partida irabazi du.

Iñaki Williams harrobiko aurrelari gaztea hasieratik zelairatu du Valverdek, baina ez du aukera garbirik izan. Lotsati samar hasi ostean, lehen zatiko hondarrean bizpahiru aldiz agertu da. Atsedenaldian aldatu du entrenatzaileak. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.