Realak eten egin du Anoetako bolada txarra ligan, eta, ia bi hilabeteren ondoren, garaipena lortu du gaur, Mallorcari irabazita. Kosta zaio, hala ere. Bigarren zatian hautsi du kanpotarren hesia, eta, behin lehen gola sartu ondoren, maldan behera jarri zaio partida. Ordura arteko kontuak erabat ezberdinak izan dira, hala ere.
Imanolen taldea makal aritu da lehen zatian. Ezin gaindituz Mallorcaren defentsako lan ona. Kanpotarrek ez dute oraindik partidarik irabazi etxetik at, baina horrek ez du esan nahi talde erraza direnik menderatzeko. Defentsako lanean ondo jarrita egoten badakiela erakutsi du lehen zati horretan, eta, gainera, gora ere egin du, Remiroren atera arriskuarekin helduz. Cascanteko atezainak lana beltz egin behar izan du, adibidez, Lemorren errematea atetik urruntzeko hamargarren minutua bete baino lehen. Bitartean, etxeko taldea ez zen gauza zirrikituak aurkitzeko, eta Isaken aukera bakarrik sortu du; Reina atezainak galarazi egin du bien arteko buruz burukoan.
Bigarren zatiaren hasieran aldatu da dena. Realarentzat onerako, Mallorcarentzat txarrerako. Isakek azkar sartu du gola, eta hortik aurrera beste partida bat jokatu dute bi taldeek. Handik 11 minutura, etxekoek erabakia utzi dute norgehiagoka, Barrenetxeak bigarren gola egitearekin batera. Bigarrena da harrobiko jokalari gazteak lau egunean sartzen duena, ostegunean Kopan ere gola egin baitzuen Anoetan. Portuk itxi du emaitza 80. minutuan. Mallorca saiatu da zerbait egiten, baina Remirok galarazi egin dio.
FITXA
Reala 3: Remiro; Zaldua, Llorente, Le Normand, Aihen;
Zubeldia, Merino (Gebara, 76. min.), Odegaard; Portu, Isak (Januzaj,
79. min.), eta Oiarzabal (Barrenetxea, 56. min.).
Mallorca 0: Reina; Gamez, Martin Valjent, Raillo, Lumor;
Febas (Pozo, 67. min.) , Baba, Dan Rodríguez, Lago Junior (Take Kubo,
70. min.); Budimir (Prats, 83. min.) eta Cucho Hernandez.
Golak: 1-0: Isakek (46. min.). 2-0: Barrenetxeak (57. min.). 3-0: Portuk (80. min.).
Epailea: Jaime Latre.Txartel horiak: Mallorcako Martin Valjent eta Lumorri.