Atzo lan ikusgarria egin zuten bigarren txandakoek. Atzo ere. Urdaibai, Castro eta Orioren artean ez zen alderik. Lehen ziabogan, etxekoak ziren aurretik, baina harrokeriarik gabe. Castro eta Orio bi segundora ziren. Castrok liga irabazi nahi du, eta atzo zuen Urdaibairi tartea jateko lehen aukera. Kontxako garaipenaren ospakizunak ahaztu, eta buru-belarri murgildu ziren estropadan. Lan txukuna egin zuten lehen luzean. Oriotarrek, berriz, Donostiako bigarren igandean emandako itxura ederra errepikatu nahi zuten. Txukun egin zuten lehen luzea haiek ere. San Pedro atzerago zetorren, lau bat segundora. Gero, gehiago galdu zituen.
Bigarren luzean ere estu-estu etorri ziren hiru traineruak, baina azken berrehun metroetan, etxekoak hanka egin zien beste biei. Ziabogara heldu aurreko azken metroetan, beste pare bat segundotan handitu zuten tartea, eta hirugarren luzeari ekin aurretik, bost segundora zituen bi aurkariak.
Ematen zuen garaipena nahikoa erraz lortuko zutela bermeotarrek. Baina Castro ez zegoen alferrik uzteko ligako tartea murrizteko azken aukeretako bat. Hortzak ederki estutu, eta etxeko zaleen oihuak apaldu zituen. Hiru segundora gerturatu zen, eta halaxe egin zituzten azken metroak. Orio ere ez zen urruti, baina sei segundo askotxo ziren garaipenaren borrokan sartzeko.
Azkeneko ziabogan, hiru segundo aurretik zen Urdaibai. Azken luzeko lehen metroetan aldea pixka bat handitu zuen, baina, bat-batean, Castro ia gainera joan zitzaion etxeko ontziari. Castrok aurten behin baino gehiagotan egin duena egingo ote zuen? Azken luzean estropada iraultzen abila baita. Baina bigarren luzean egin zuen bezala, Urdaibaik azken berrehun metroetan tartea handitu zuen, eta etxeko ikurrina bereganatu. Castro bost segundora sartu zen, eta Orio hamarrera. San Pedrok ia minutu erdia galdu zuen.
Lehen txandan bigarrengoan gertatu zena jazo zen: hiru ontzi aurretik, eta bat atzetik. Zarautzek, Hondarribiak eta Pedreñak lehia estua izan zuten azken luzera heldu arte. Baina tarte horretan, zarauztarrek Pedreñari tartea handitu zioten, eta Hondarribiarekiko zuenari eustea nahikoa izan zuen. Zumaia oso atzean zen, minutu erdi pasa galdu zuen. Zarauztarrek, lan ederrari esker, hirugarren bukatu zuten.
Gaur amaituko da liga, Portugaleteko eremu gaiztoan (12:30ean). Kaleen artean aldea dago, eta erabakigarria izango da.
Sailkapena
SAN MIGUEL LIGA1. Urdaibai 190 puntu
2. Castro 184 pt.
3. Orio 165 pt.
4. San Pedro 153 pt.
5. Zarautz 144 pt.
6. Pedreña 128 pt.
7. Hondarribia 109 pt.
8. Zumaia 101 pt.
9. Cabo da Cruz 79 pt.
10. Tiran 71 pt.
11. Arkote 53 pt.
12. Laredo17 pt.